Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Beñat Gaztelumendi Arandia

«Fresko nago, pozik eta lasai samar. Badakit zer egin behar dudan eta horretara joango naiz»

Añorga,1987. 2013ko Txapelketa Nagusian finalista izan zen eta 2015ean Gipuzkoako txapeldun. Bigarren finala du. Kazetaria da eta Bertsozale Elkarteko hedapen taldean lan egiten du. Umetatik bertsoaren jiran.

Azaroaz geroztik zailxeagoa omen zaio kalean lasai samar ibiltzea. Jendeak zoriondu egiten du kalean, animoak eman, bultzatu... Denak hitz goxoak izanagatik, finalaren bezperako egunetan pixka bat apartatzen saiatuko da, bere burua besteena baino ozenago entzun nahi duelako. Lasai joango da BECera, entrenatuta eta bertso gose puntu batekin. Ez da berria finalean, baina finaleko gazteena izaten segituko du.

Berriro ere gazteena zara, baina aurreko finaletik desberdin zaude, ezta?

Zenbakitan ematen du antzeko posizioan nagoela, baina lau urte zaharragoa naiz, tartean Gipuzkoako txapelketa bat egon da, plazan asko ibili naiz… Uste dut duela lau urte baino bertsolari hobea naizela. Sentitzen dut aurtengo txapelketa berezia dela niretzat. Lehen aldiz iristea ez da erraza, baina bigarren aldiz iristea eta zure tokia konfirmatzea zailagoa da; beranduago hasten zara txapelketan, presioa desberdina da, eskatzen dena desberdina da… Txapelketa hau desberdin bizi izan dut. Ja ez dit balio finaleko berria izateak, finalera gozatzera joateak, han egon naizela esateak… Uste dut aurten nire ahotsa erakustea, naizena erakustea eta nire onena ematea eskatuko zaidala eta horretarako prestatu naiz. Plaza gustatu zitzaidan duela lau urte eta uste dut prest nagoela plaza horretan naizena erakusteko.

Duela lau urte agurrera arte ez nuen une politik utzi eta aurten hasieratik nahiko nuke nire ahotsa bilatu, hitz bakoitzarekin borroka gehiago egin, lotsagabe aritu gai batzuetan, beste pisu bat hartu. Horretara noa.

Nabarmena da lau urtean zenbat handitu den oholtza gainean hazten ikusi dugun mutiko hura.

Uste dut oinarrian ez naizela hainbeste aldatu. Nire bertsokeran geruzak kentzen joan naizela uste dut. Nik uste dut bertsolari gehienok –nik, behintzat, bai– plazan beldurra sentitzen dugula; gaia entzun eta ea horretatik nola ateratzen zaren. Entrenamenduetan beldur horren gainetik geruzak jartzen ditugu, egoera horietatik ateratzen asmatzeko leku seguru samarrak bilatzeko ahalegina egiten dugu; sendotasun itxura eman, arrazoi potolo samarrak bota… Nik uste dut geruza horiek denak nituela bertsotan egiteko orduan, momentuan beldur edo estutasun horretatik atera ahal izateko. Uste dut azken urteotan geruzak kentzen joan naizela; zer da esan nahi dudana, gai baten aurrean non nago kokatuta… Uste dut duela lau urte hasi nintzela erakusten non nagoen. Bertso asko kantatutakoa naiz entrenamenduetan, eskolartekoetan ume-umetatik, anaiarekin… Azkenean ikasia den funtzionatzeko modu bat daukazu, aldi berean, benetan egin nahi duzunetik urruntzen zaituena, ofizioak eskatzen dizuna eta ez hainbeste gorputzak.

Duela lau urte gorputzetik gehiago kantatzeko ahalegina egin nuen. Gipuzkoakoan bide horretan beste pauso eman nuela uste dut eta orain sentsazioa daukat ahots horretatik arituko naizela, baina ahots horrek orain erregistro gehiago dauzka eta horietara gai gehiago ekartzeko moduan sentitzen naiz. Duela lau urteko finalean gai zehatz batzuetan akaso lortu nuen nire ahots hori ekartzea, baina beste gai batzuetan kosta egiten zitzaidan lur hartzea. Oso ideietatik eta diskurtsotik aritu nintzen eta ez hainbeste gorputzetik, emoziotatik, lokatzetik… Uste dut orain gehiago lortzen dudala lurrera iristea eta finalean nahiko nuke lehen bertsotik lurrera etorri eta lurretik kantatu.

Gauza txikietan arreta handia jartzen duen pertsona zara.

Uste dut gizarte bezala ere eman dela aldaketa hori. Bertsogintzaren garapena ere hor ikusten dut; herriari eta arrazoi potoloei kantatzetik, etxera eta gai zehatzagoetara pasatu gara. Uste dut salto hori egin dugula azken urteotan eta niri pertsonalki hobeto datorkit, ez naizelako ideiak bereziki garbi dituen pertsona bat, esaten duena oso seguru esaten duena… Zalantza gehiago bizi dut.

Txapelketan presentzia gutxi izan dute gai politikoek.

Uste dut lan handia egin dela gai-jartzaileen aldetik, askotan aipatzen ez den lan bat. Baina, era berean, uste dut gizartean ere aldatu egin dela politika zer denaren pertzepzioa. Lehen politika gai zehatz bati lotzen zitzaion, eta, gatazka esaten genuenean, bakarra zegoen Euskal Herrian. Eta orain gatazka asko daude. Politika da gatazka deitzen zitzaion hori baina politika da markatzen ditugun pertsonaiek agertzen dituzten ereduak, daukaten sentitzeko modua… Egia da politika potolo horri ez zaiola hainbeste kantatu, baina bai politika txikiago horiei. Eta uste dut bertsolariek ere ahalegin hori egin dugula.

Generoaren gaiak burrunba sortu du. Emakume kantukideak pisu handiarekin ikusi al dituzu?

Hasteko, txapelketa berez da injustua, txapelketa den aldetik. Bertsoak badauzka alderdi gutxi batzuk objektiboak, matematikoak eta neurgarriak direnak; baina, hortik aurrera, dena da subjektiboa eta bakoitzaren araberakoa. Beraz, txapelketan parte hartzea erabakitzen dugun unetik injustizia horretan parte hartzen ari gara. Segur aski hori baino injustizia handiagoa da txapelketa batean berdin epaitzen direla plazan mila urte daramana eta hasiberria dena. Baina hori ere onartu egiten dugu eta txapelketaren grazia handienetakoa da gainera.

Finalean zazpi gizon eta emakume bat izango gara, eta horrela esanda badirudi zazpi gizonek berdin funtzionatzen dugula. Emakumeengan espektatiba bat zegoen jarria –segur aski kanpotik eraikia– eta hori egin den lanaren ondorioa da. Gai-jartzaile taldean, adibidez, lan handia egin da genero ikuspegitik gaiak beste era batera formulatzeko –eta egiten segitu beharko da–; emakume bertsolariek lan handia egin dute, bai nork bere aldetik eta baita taldean ere; eta plazan salto hori eman da.

Baina sentsazioa daukat ni finalera iristea ni bakarrik iristea dela. Ez banintz iritsiko, nik eta nire ingurukoek pena hartuko genuke, baina horretan geratuko litzateke kontua. Txapelketa guztietan sentitzen dut –eta bereziki aurten– aurretik ere eskatzen zela bigarren emakume bat finalean. Norbera kantatzera doanean oso muturreko egoera batera doa, ez da erraza plazan egotea. Eta, gainera, horri eransten badiozu kolektibo oso baten sinbolo bihurtzea, egoera are estuagoa da. Denok pentsatu beharko genuke presio horren inguruan.

Finaleko argazkia oso garrantzitsua da, baina txapelketan ekarpen handiak egin dira eta ez dadila finaleko argazkia bakarrik gelditu.

Finalean «zazpi betiko eta berri bat» izango zaretela irakurri dugu. Baina lau urtean asko aldatu daitezke bertsolariaren ahotsa, mundu ikuskera, kantatzeko tokia…

Finala beti da berria. Neronek ez daukat neure burua betikotzat. Duela lau urtetik hona nire bizitza asko aldatu da, plaza bizitzeko modu desberdina dut orain, kantatu beharraren beldurra desberdina da… Etengabe ari gara gizartera egokitzen, gaitegia errepasatzen, errimategia lantzen, doinutan ekarpenak egiten, ahotsaren erregistroak kudeatzen… Etengabeko lanketa bat dago txapelketa guztietan eta asteroko plazetan. Txapelketa ibilbide baten puntu bat bakarrik da, ez da ez hasiera ez bukaera. Ibilbidea ez da gelditzen txapelketa hasten denean. Aurtengo finala ez da duela lau urtekoa izango.

Lasai zaude, denbora eskaini diozu txapelketari…

Nik berez Bertsozale Elkarteko hedapen taldean lan egiten dut; Bertsoa.eus, “Hitzetik hortzera”, “Aulki-jokoa”… Kantatzen aritzea eta grabatzen aritzea aldi berean ez da erraza eta horregatik erabaki nuen txapelketa garaian lana uztea. Badirudi orain egun osoa entrenatzen pasatzen dudala eta ez da horrela. Nire burua gehiago zaindu, ingurukoak gehiago zaindu, entrenatu… horrela ari naiz. Anaiarekin ari naiz entrenatzen, hark lehen aldiz kantatu baitu txapelketan. Eta gero bakarkako lan handia egiten dut. Alaia Martinekin ere ibili nintzen hasieran…

Saioko egunak hobeto aurreikusten eta saiora ondo iristen ahalegindu naiz. BECera entrenatuta iritsiko naiz. Maulen lotu samar aritu nintzen, Amurrion askeago eta Amurriotik hona beste salto bat egin dudala uste dut. Fresko nago, gustura, pozik eta lasai samar. Badakit zer egin behar dudan eta horretara joango naiz.

Unai Agirre izango da finalista berria.

Pozik nago, nahiz eta beste edozein sartuta ere pozik nengokeen. Kantukide oso ona da eta babes handia ematen duen pertsona da.