Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Maialen Lujanbio Zugasti

«Gustatuko litzaidake orain arte baino argiago, zorrotzago, alaiago egotea eta ni sentitzea bertsotan»

Hernani, 1976. Arte Ederretan lizentziatua. Bertsolaria afizioz eta ofizioz. 2003an Gipuzkoako txapelduna. Seigarren final nagusia du; 2001ean eta 2013an bigarrena izan zen, eta, 2009an, txapelduna.

Ematen duen pauso bakoitza neurtzea gustatzen zaio, kantatzen duen bertso bakoitzari autore sinadura zigilatzea. Dagoeneko arrasto propioa utzi du txapelketan, baina goitik beherako saioa egiteko gogoa dauka.

Bazirudien bestela izango zela, baina, azkenean, emakume bakarra finalean.

Gaur egungo plazetan oso errealitate presentea da bai emakumeena, baita belaunaldi berriarena ere. Bereziki emakume gazteek ekarpen oso propioa eta berria dakarte, plazan oso nabaria dena. Gainera, denak elkarren nahiko desberdinak dira eta hori oso aberatsa da. Normala den bezala, errealitate horrek espektatiba bat sortu du txapelketan, emakume desberdin horiek finalean ere leku bat izango zutela espero zen. Baina, ikusi denez, plaza gauza bat da, eta, txapelketa, beste bat. Oso aparte ez dauden bi genero desberdin dira. Aurtengo finalak bi ezaugarri nagusi izango ditu; batetik, emakumeen presentzia lehengokoan geratuko da, eta, bestetik, belaunaldi gaztearen presentziarik ez da egongo.

Ez dut ondo bizi, ez zait gustatzen, emakumeei buruz kopurutan hitz egitea. Kopurutan hitz egiteak ez dio justiziarik egiten ez lehendik dagoenari, ez datorrenari, ezta jardunari berari ere. Badakit, era berean, esanguratsua litzatekeela emakume bat baino gehiago egotea, eta, gainera, plazaren isla izango litzateke. Baina zenbakitan hitz egitea ez zait ikuspegi egokia iruditzen, eta, mesede baino, kalte egiten du. Emakumeak multzo bezala tratatze hori ez dut ondo bizi, nahiz eta jakitun naizen horren esangura garrantzitsua dela.

Historian Euskal Herriko txapela jantzi duen lehen emakumea zara. Ez zaizu gehiegi gustatzen hori nabarmentzea...

Aho biko labana da. Azkenean, emakumea zarela nabarmentzen bada, badirudi zure alderdi artistikoa gutxietsi egiten dela. Badirudi munduko ia gizon guztiek irabazi dutela txapela eta zu zarela, haien denen ondoren, txapela jantzi duen lehenengo emakumea. Eta ez da egia. Artistikoki oso gizon gutxik irabazi dute txapela eta ni naiz, oraingoz, txapela irabazi duen emakume bakarra, niretzat oso esanguratsua ez den titulua. Badakit, hala ere, bere garaian sekulako esangura sinbolikoa izan zuela eta garrantzitsua dela belaunaldi gazteentzako erreferentzia hori sortu eta normaldu egiten den neurrian. Baina, tira, duela zortzi urte izan zen hori eta oraindik horrekin segitzea, pertsonalki eta artistikoki, ez zait gustatzen. Ni harro nago eta bere garaian sekulako garrantzia izan zuen. Geroztik gauzak izugarri aldatu dira onerako, eta, kopuruek esangura bat dutela jabetuta, norbanakoez eta bakoitzaren ekarpen artistikoaz hitz egiten hasi behar dugu.

Oholtzara emakumeak igotzeak beren gaitegi eta mundu ikuskera, oholtza eta oholtzapea mugiarazi ditu.

Plazatik datorren zerbait da hori. Ideologikoki pil-pilean dagoen belaunaldi bat da, bere gorputza eta bere burua jendaurrean oso pentsatuta duena, bertsogintzan gaur arte zer kantatu izan den eta zer ez oso presente daukana, aktiboki eta ideologikoki horri kontra egiten ari dena... Oso interesgarria da, gure oinen azpiko lurra zartatzen eta dardarka jartzen ari direlako. Belaunaldi berri horri zor diogu gure oin azpia, gure ingurua, gure habitata astindu izana eta horrek eragina du –edo izan beharko luke– mundu guztiarengan; emakumeongan, gizonezkoengan, entzuleengan, gai-jartzaileengan, epaileengan...

Antza denez, txapelketa honetan ez da aski izan tematikoki edo ideologikoki egindako ekarpena. Txapelketak eskaera batzuk ditu, denetariko dohainen osotasun bat izan behar duzula dirudi. Niretzat oso-oso garrantzitsua da ekarpen ideologikoa eta tematika berriak azaltzea. Orain helburua da hori gero eta finago eta gero eta hobeto egitea artistikoki. Ez dut esan nahi gaizki egin denik, baina plazaratu diren gaien eta sortu den hausturaren interesgarritasuna eta puntutan izan duen emaitza ez dira parekoak izan.

Zure txapelketako ibilbidea: bi saio, Irun eta Donibane Lohizune, bi salto eta BEC.

Oso desberdinak izan dira. Lehen egunean estu samar nengoen, ez nuen nik nahi nuen saioa egin. Baina gauza onak ere egin nituen eta orotara gustura samar geratu nintzen. Asko famatu da bakarkakoa, baina bitartean ez nintzen hain gustura geratu. Donibanen, berriz, ustez lasai nengoen, baina ez nengoen oso argi eta zorrotz. Eustea lortu nuen, baina saioan zehar ez nintzen erabat gustura sentitu.

Irungo zure bakarkako lana historiako onena izan dela esatera iritsi dira.

Historiako kartzela onena? Oso sentsazionalista da hori, eta, gainera, ezin da neurtu. Zeinek esan behar du historiako onena dela garaian garaian gizarteak eta bertsolaritzak ezaugarri batzuk baldin badituzte? Ez zait inporta historiako onena den edo ez. Ez zait interesatzen eztabaida hori. Balio izan bazuen, nahikoa.

Eta Donibane Lohizuneko saioan, potoa.

Ez nintzen konturatu. Baina poto bat egitea ez da hain dramatikoa. Gertatzen dena da txapelketa batean dagoen helduleku objektibo bakarra dela. Subjektibotasun horretan guztian, kasik eztabaidarik gabe aipatu daitekeen zerbait da. Ez, aldiz, euskarari egindako bihurrikeria bat, zentzurik gabeko esaldi bat... horiek beti anbiguoagoak dira, ez dira hain heldu errazak.

Normala da jendeak poto bat horrelako izuarekin bizitzea, eta txapelketan puntu asko kentzen ditu. Baina ni Donibaneko kartzelarekin gustura geratu nintzen, nahiz eta, noski, nahiago nukeen potorik ez egin. Baina niretzako ez da horrelako drama. Jakina potoak egiten ditudala!

Zure bertsokerak errealitate birtualeko betaurrekoen antza dauka. Kontatzen duzun istorioan sartzen da publikoa, pertsonaiaren azalean sentitu.

Ez dakit, pentsatzen dut ideologiatik ailegatzen zarela horra. Esan nahi dudana eta esateko modua ideologikoak dira. Eta estetikoki eta sinesgarritasunari begira, saiatzen naiz sermoitik aldentzen. Gaia oso transzendentala denean, saiatzen naiz transzendentalismo doakorik ez eransten, bihotza ukitu nahi hori ekiditen. Gero, bat-batekoan, gerta daiteke irrist egitea eta potolokeriatan erortzea. Baina nire erronka bada neurritsua izatea eta pretentziosoa ez izatea.

Gero, oholtzan gertatzen dena zoria da. Batzuetan errimak ematen dizu ideia, besteetan kasualitate batek... baina zuk buruari eman diozun molde baten barruan gertatzen da. Molde hori aurretik landu dezakezu, begirada landu dezakezu, zori horren barruan, esaten duzuna neurrikoa izan dadin eta egin nahi duzun horretatik gertu samar ibiltzeko aukerak izan ditzazun.

Ahozkotasunetik gertu sumatzen zaitugu beti.

Pozten naiz, nire azken boladako kezka baita. Nik uste dut bertsolaritzak ahozkotasunera etorri behar duela berriz, nahiz eta pentsatu egin beharko litzatekeen gaur egun zer den ahozkotasuna. Ahozkotasun purua ez da existitzen, denok bertsotan idatziz ikasten dugu, mundu bisualaren presentzia erabatekoa da... Ez dago ahozkotasun bat bere horretan, lehen ulertzen zen bezala. Baina uste dut bertsogintzari badagokiola ahozkotasun bat berrasmatzea eta proposatzea, eta egiteko eta ikasteko moduetan oinarri horretara etortzea, ahozko jarduna den neurrian. Nire norabidean inporta zaidan zerbait da.

Unai Agirre, finalista berria. Oso gertukoa duzu.

Sekulako poza hartu dut. Unai bertsokidea eta lagun mina dut. Aitor [Mendiluze], Unai eta ni elkarrekin gabiltza 10 urte genituenetik. Nire bertso ibilbidean, baita bizitzan ere, beti gertu egon den pertsona da eta asko miretsi izan dudan bertsolaria. Unaik bertsokera berezia dauka; azken urteetan ez da asko ibili Euskal Herriko plazetan eta kanpoak gehiegi moldatu gabeko bertsokera dauka –ez gehiegi landu gabea–. Horrek bere interesa eta bere indarra dauka. Ahozko tradiziotik eta bertso tradiziotik egiten du bertsotan, baina ideia berriak ekarriaz, eta hori da interesgarria. Joskeretan, errimetan eta gauzak esateko moduan sekulako arnasa ematen dio bertsoari. Ederra izango da aire hori izatea finalean.

Nola zoaz finalera?

Gustatuko litzaidake saio borobil bat egitea, orain arteko saioetan izan ditudan irristadarik gabe. Gustatuko litzaidake saio horietan baino argiago egotea, zorrotzago, alaiago eta ni sentitzea bertsotan. Saio kontziente bat egin nahi dut, ahal den borobilena eta ahal den ertz gehienekin.