Maider Iantzi Goienetxe
Entrevista
Aitor Sarriegi Galparsoro

«Jendeak erraz identifikatuko dituen gauzak esatea gustatzen zait, bertsoa ukigarria izatea»

1976an Beasainen jaioa. Informatikan ingeniaria eta irakaslea Urretxu-Zumarraga Ikastolan. Gipuzkoako txapelduna izan zen 2011n eta hirugarrenez kantatuko du BECen. Lan aparta eginda utziko du lehia.

Gustura dago Aitor Sarriegi, bizitakoa asimilatzen. Irunen eta Iruñean egindako saio onen ondotik, sekulako lasaitua hartu du. Duela lau urteko Euskal Herrikotik txapelketan kantatu gabea zen eta «tarte handia» da hori. «Berriz hor sartzea kosta egiten da eta beldur pixka bat izaten da nola erantzungo diozun horri». Beasaingo Arrano elkartean, justu BECetik bueltan ospakizun afaria eginen duten mahaian solastatu gara berarekin.

Kalean zein elkartean «zorionak» eta «zorionak» ematen dizkiote herrikideek. «Bertsolaria zara?» galdetu diote, berriz, umeek. Maitasuna jasotzen ari da eta zeini ez zaio gustatzen hori. Abendu ederra du: Pirinioetara eskapadak, finalaren «sariaz» gozatzea... eta 26an urtebetetzea.

Zein sentsazio izan zenituen Iruñean? Zein ariketarekin gelditu zinen gusturen?

Bada ez nuke asmatuko esaten, ez ninduelako batek ere bete. Kartzelan hartutako bidearekin geratu nintzen gustura. Baina denbora asko pasa nuen erabakitzen eta horrek denbora kendu zidan bertsoak pentsatzeko. Ia esku hutsik hasi nintzen kantatzen eta nik uste antzeman egin zela hori, batik bat bigarren bertsoan.

Bai Irunen eta bai Iruñean aunitz estimatu nuen entzule bezala zure kantaera lurtarra eta umoretsua.

Jendeak erraz identifikatuko dituen gauzak esatea edo iradokitzea gustatzen zait, bertsoa zerbait ukigarria izatea. Nahiko pragmatikoa naiz bizitzan eta bertsotan ere izaten saiatzen naiz. Umorearena ja gehiago da kasualitate kontu bat. Ez dut uste bertsolari bereziki umoretsua izan naizenik. Pertsona agian gehiago. Aurten bi lan egin ditut bakarka. Lehenengoan bai izan zen erabaki bat, Maialen Lujanbioren ondoren kantatzen nuen eta zerbait oso desberdina egin behar nuela pentsatu nuen. Baina Iruñean azken unera arte beste ideia batzuekin ibili nintzen bueltaka, gezurrezko baja hori etorri zitzaidan arte. Ez nuen aukeratu umorezkoa zelako, baizik eta niretzat onena eta sinesgarriena zelako.

Nola prestatu zara?

Iñaki Apalategiri galdetzen badiozu esango dizu onddoak janda. Ez dut entrenamendu antzeko gauza berezirik egiten azken urteetan. Errima zerrendarik ere ez. “Txapelketa mode on” jartzen naiz. Apalategirekin elkartzen naiz astean behin, bere etxean ala nirean, txandaka. Batzuetan kantatzen dugu, afaldu ia beti [irriak ihes egiten dio]. Nire kasuan txapelketa prestatzea gehiago da jarrera kontu bat.

Bizimodua aldatzen duzu txapelketa garaian?

Gorabeheratsuagoa bilakatzen zait, baina ez zait gustatzen aldatzea, uste dudalako ohiko bizimodutik ateratzen dela gero kantatuko dudana. Adibidez, kafea kamioilari batentzat egun horretan sozializatzeko modu bakarra izan daiteke. Beste era bateko lan bat egiten duen pertsona batentzat, berriz, bakarrik egoteko modu bakarra. Batek tanta botako dio eta besteak ez. Tantoa botatzen diona kamioilaria bada hirugarren adar bat ateratzen da. Eguneroko gauza eta ekintzetan gai asko dago eta txapelketan adiago egoten gara halako detaileak ikusten saiatzen... Ez garelako makina batzuk, eta agobiatzen ari naizela ikusten badut…

Info7 irratian aipatzen zenuen ez zenuela burua gehiegi berotu eta erotu nahi.

Bestela ere nahiko erotzen gara eta niri behintzat txapelketak eragiten dit. Umorean eragiten dit, gorabeheratsuago nago. Orain logura daukat eta orain ez, oraintxe gose naiz eta oraintxe ez dut ezer jan nahi, oraintxe dena egiteko gogoa daukat eta oraintxe etzanda egon nahi dut… Hori ordu laurden batean bi aldiz. Horrek nire lanean eragiten du, etxean, lagunekin… Denean. Bada nahiko eragin, gainera, nire kasa erotzen hasteko.

Lehen helburua finalera pasatzea zenuen. Eta bertan, zein izanen da bigarrena?

Gustatuko litzaidake lehen asmatutako gauzetan berriz asmatzea eta asmatu ez ditudanetan asmatzea [barrez bukatu du esaldia]. Finago, zorrotzago, hobeto egin nahi nuke bertsotan. Uste dut orain dela hogei urte hobeto egiten nuela teknikoki. Egun luzea da, bi saio dira, eta ez da erraza izaten egun osoan eustea. Denek esaten dutena, gutxienez lan bat uzten badugu jendea gogoratzeko modukoa, eta ahal bada bat baino gehiago, hobeto.

1997an kantatu zenuen lehenengoz Txapelketa Nagusian eta hau izanen da azkena zuretzat. Zergatik erabaki hori?

Lotuta dago lehen esan dizudanarekin. Seigarren txapelketa da eta seitik gora egin dituztenak ez dira hainbeste. Aurten, oker ez banago, Jon Maia, Igor Elortza eta Aitor Mendiluze izango dira zazpirekin. Ez da kasualitatea. 40 urte 30 urte berriak direla esaten da, baina ez. Ez daukazu 25 urterekin zenuen grina. Aldatu egiten dira gauzak, eta, gainera, eguneroko bizitzan eragiten dizu. Planteatzen hasten zara benetan ez ote den nahikoa, ez ote dituzun gehiegi baldintzatu zure ingurukoak… Helburua beteta eta Barakaldora iritsita uste dut ez dagoela toki hoberik uzteko.

40 urteren bueltan bertsolari ugari zaudete. Gerta daiteke dezenterentzat azkena izatea eta hemendik lau urtetara finala erabat aldatzea?

Galdetu besteei! [irriz]. 1997an gertatu zen hori, gure belaunaldiko jendea sartu zenean. Bat-batean lau berri iritsi ziren finalera. Eta 2001eko finaletik uste dut aldiko bat bakarrik aldatu dela. Aurten sartu den berria ere gure garaikoa da. Belaunaldi indartsua izan da. Ni belaunaldi honek uzteak baino gehiago kezkatzen nau lehenengo labealdiko bertsolaririk ez sartu izanak Euskal Herrikoan. Sartu diren gazteenak bigarren txapelketa batean sartu dira. Badago inbutu bat, 30-40 urte bitarte horretan; bat erortzen bada, sartzen dena ere belaunaldi horretakoa da eta gazteek sabai bat daukate. Niretzat hori kezkagarriagoa da gure belaunaldikook zer egingo dugun baino.

Aitzineko finalean Unai Agirrerekin berdinduta sartu zinen. Aurten biak pasa zarete.

Unai Agirre eskolarteko txapelketetatik ibili da. Asko pozten naiz disfrutatu ahal izango duelako sari horretaz. Freskura eta erritmoa emango ditu. Ofiziotarako oso kantukide ona da. Kantari ona, doinu zaharrak berreskuratu zalea… Berarekin ez dago inolako kuidadorik.

BECen txiki sentitu izan zarela aditu dizut.

Oso handia ere ez naiz, baina bai. Ez beste batzuetan bezainbeste, sabai altuagoa dutenak, Illunbe bera. BEC da oso luzea eta bertsotarako oso goxoa, ematen duenaren kontra. Arriskua dago edozerekin konformatzeko. Txaloa beti ziurtatuta daukazu. Orduan, zure buruari exijitzeaz kontziente izan behar duzu. Zarenean eta lortzen duzunean konturatzen zara txaloa joan eta etorri egiten dela, distantzia egiten duela. Burrundara hori da BEC frontoi batetik bereizten duena. Ez hainbeste inpaktu bisuala.

Lehia utzita ere, plazetan kantari segituko duzu?

Bai. Gainera, orain hasieran uholde handi samarra izaten da eta horri erantzun behar diozu. Gero ere tokatzen den neurrian gustatuko litzaidake.

Txapelketan zein aldaketa dira zuretzat deigarrienak?

Gizon-emakume kopurua, gizonezko mota, gaiak, hauei heltzeko modua, planteatzeko era... Dena aldatu da. Eta, agian, lehen esaten nuen neke horren barruan hori ere badago. Bizitza bera bada etengabeko ikaskuntza bat, beste ikaskuntza paralelo bat eraman behar duzu, jendaurrean egin behar duzun bizitza horrena.

Jendea hagitz gainean duzue sare sozialetan, zuen diskurtsoa kritikoki behatzen.

Kasu batzuetan oso estu hartzeraino. Bat-bateko jardun batean ari zara. Uler dezaket entzuten dagoenak zerbait oso barneratua badu esatea: «Hori ez zaio kasualitatez atera bi segundotan, horrek esan nahi du ez daukala behar bezain barneratua, edo nik barneratua eduki behar duela uste dudan bezain barneratua». Bale, baina emaiozu espazio bat, denbora bat mikrofono aurrean jarri denari, edo zerbait esan nahi badiozu agian lehenbizi beste toki batean esan behar diozu. Agian ez zuen hori kantatu nahi. Saioa bukatu eta egunean bertan Twitter begiratzen dut. Unean erreakzio bat jasotzen duzu, baina sare sozialetakoa beste erreakzio mota bat da, konturatu ez zarena.

Hori ez da presio bikoitza?

Bada presio pixka bat, baina hobea al da hori dena hor egon eta zu horren ezjakinen ateratzea plazara? Sare sozialekin gertatzen da dimentsioaren interpretazio oker bat dagoela askotan. Nahikoa izan daiteke influencer bat emateko jende guztia horretaz ari dela hizketan eta ez da horrela. Nik irakurtzen ditut komentarioak, barre egiten dut, gauza batzuekin ados nago eta besteekin ez. Txapelketa honen ezaugarrietako bat da Twitterren eragina. Gure kantaeran eragin nabarmena du. Nik bi aldiz behintzat birplanteatu ditut gauzak bide bat ala bestea hartu aurretik...