Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Aitor Mendiluze Gonzalez

«Niri gaztetatik serioaren etiketa jarri didate eta azken finalean hori pixka bat haustea lortu nuen»

Andoain, 1975. Ume-umetatik, Hernaniko bertso eskolako kidea. Bi aldiz jantzi du Gipuzkoako txapela eta aurtengoa bosgarren final nagusia du. Hezkuntza arautuan bertso irakaslea da.

Neke puntu normalarekin eta estutasunik gabe omen dago. Bosgarren finala du eta abantaila da aurretik oholtza handi horretan sentsazio uholdea bizi izana. Azken finalak utzitako zapore gozoa oraindik ahosabaian du.

Bi saio finalera bidean: Durango eta Iruñea. Kanpotik, behinik behin, bi saio desberdin.

Eta baita barrutik ere. Durangora hanka puntetan joan nintzen. Lehen saioa zen, ordurako bertso eskolako kideak saio bat edo bi eginak zeuden eta horrela iritsi nintzen, ea zer topatuko. Behin oholtzan eroso sentitu nintzen, nahiko nire tokian eta gustura. Bertsotarako egun polita atera zen; tentsioan nengoen eta aurretik izandako zalantza guztien erantzun modura energia handiz aritu nintzen.

Plazako bertsokera eta txapelketakoa gehiegi ez urruntzeko kezkatik kantatu ote zenuen...

Gure bertsokera –bertso eskolako kuadrillaz ari naiz– beti izan da librean asko egin izanaren ondorioa; batzuek freskotasuna esaten diote, saioa irakurtzeko eta gaia bera irakurtzeko jarrera bat… Hori da, nire ustez, plazatik txapelketara hainbeste aldatzen ez duguna, eta, beharbada, aldatu beharko ez genukeena.

Txapelketan apustu pertsonal desberdinak ikusten dira eta momentu honetan txapelketa bi bertsokeraren arteko oreka batean ikusten dut. Batzuena bertsokera teknifikatuagoa da, koaderno gehiagokoa, apustu estetiko nabarmenagoa duena –teknikaren eta hizkuntza landuaren erabilera–. Eta, bestetik, kontatu behar dena kontatzeko hizkuntza lurtarrago bat darabilen bertsokera dago, esamoldeetan indarra bilatzen duena, hizkuntza erabilerrazagoaren baliabideetan arreta jartzen duena. Txapelketan erdi eta erdi ikus daitekeela esango nuke.

Beharbada, gurea, gure arteko desberdintasun guztiekin, bigarren horretara gehiago hurbiltzen dena dela esango nuke. Bat ez da bestea baino hobea, desberdinak dira eta kito.

Iruñeko saioan protokoloa saltatu eta Unai Agirre besarkatzera altxatu zinen.

Bai, berezia izan zen. Elkarrekin joan ginen kotxean kontuak esanez eta barre eginez. Zozketa egiteko garaian ere garbi genuen taldea egin behar genuela eta saioaren ezaugarri berezi guztiak elkarrekin bizitu genituen. Hala ere, berdin poztuko nintzateke beste bat sailkatu izan balitz. Baten batek esan dit Alaia, Miren eta Oihana han egonda eta saioan gertatu zena gertatuta, halako poz keinua egin izana ez zela egokia izan. Tira, nik uste dut kantukide guztiek ederki ulertu zutela han gertatu zena. Unaik eta biok elkarrekin debutatu genuen 10 urte genituela, Hernanin. Hilabeteko epean bi saio egin genituen; bat Floridako jaietan, eta, bestea, Eskolartekoan. Bertso bizitza osoa elkarrekin eman ondoren, txapelketa guztiak elkarrekin prestatu ondoren, erabat normala izan zen besarkada hori. Nire buruarenak baino poz handiagoa eman zidan Unai Agirrerenak.

Andoaingoa zara izatez, nahiz eta orain Iruran bizi. Nolatan agertu zinen 10 urte zenituela Hernaniko bertso eskolan?

Garai hartan Andoainen ez zegoen bertso eskolarik. Gure amak jakin zuen Hernanin Juanjo Uriarekin abiatu zirela bertso eskolan eta hara eraman ninduen, nik eskatuta. Eskolan zeozer ikusi genuen bertsolaritzaz, etxean ere hitz egiten zen horri buruz eta niri gustatu egiten zitzaidan.

Bosgarren finala duzu. Duela lau urteko finalean arratsaldean sekulako saioa egin zenuen eta jende asko konkistatu zenuen.

Bai, segur aski zalantzan zegoen jende asko. Nik bertan izan nuen irudipena izan zen goizean jo ez zizkidaten txalo batzuk jo zizkidatela arratsaldean. Ordura arteko finalerdiak ere nolabaitekoak egin nituen eta jendeak ez zuen nirekin kontatzen. Arratsaldeko saioan jende gehiago gerturatu zen nigana eta hurrengo urteko plaza kopuruan ere antzeman nion.

Garrantzitsua izan zen arratsaldeko kolpe hori.

Nire plazako ibilbidean ez hainbeste, ordura arte ere banenbilen urtean 80-95 plaza egiten. Txapelketa ondorengo urtean ehun plazak pasatu nituen, baina, tira, saltoa ez zen hainbesterainokoa izan. Baina jendearen pertzepzioan esanguratsua izan zen. Nik uste dut jende askok ordura arte nigan ikusi ez zuen zeozer ikusi zuela, lehen ere hor zegoena baina hainbeste jendek ezagutzen ez zuena. Erakusleiho horrek hori du. Klabea izan zen zentzu horretan, jendearen pertzepzioan. Beharbada horrek lagundu dit plazan azken hiruzpalau urtean; jendeak nigan beste zeozer espero izatea, gertuago sentitzea…

Bai, gertuago sentitu zintuen jendeak.

Behin Iturriagak esan zuenez, estereotipoek bide batean jartzen zaituzte, eta hori ona izan daiteke, baina ez dizute uzten beste bide batetik joaten. Niri oso gaztetatik serioaren etiketa jarri didate. Gertukoek esaten didate ezetz, ez dela egia. Horrelako erakusleiho batean zaudenean, librean afari batean ikusi zaituenak badaki ez zarela serioa, baina han 14.000 pertsona daude, gehi telebistaz segitzen ari direnak, eta egoera horretan estereotipoek pisu handia hartzen dute. Nik uste lortu nuela seriotasunaren estereotipo hori pixka bat haustea eta nire baitan zegoen alderdi bat ateratzea.

Pisua kendu zenuen gainetik.

Pisua kendu nuen ez horregatik, bestela. Aurreko bi finaletan oso gris aritu nintzen, ez nuen gozatu. Finalera iritsi eta handik sei hilabetera norbaitek ni han egon nintzela gogoratzea nahi nuen. Pasa izan zait finalean egon eta inor ez gogoratzea han egon nintzenik ere, eta hori da final batean gerta dakizukeen gauzarik txarrena. Banuen final batean zerbait uzteko gogoa.

Duela lau urteko finala eta Durangoko finalaurrekoa ikusita, askok buruz burukoan kokatzen zaituzte.

Ez dut presio hori sentitzen. Gainera, postuak ez nau batere kezkatzen, txarrenera zortzigarren izango naiz eta hori asko da. Nik txapelketak inoiz ez ditut postutik ez pentsatu ezta baloratu ere. Gehiago emaitzatik ikusten ditut, eman dezakedanetik. Ematen baldin badut eta sentsazio onak baldin baditut, kontziente naiz nahiko postu ona lor dezakedala. Baina ez nau postuak kezkatzen, sentsazioek kezkatzen naute.

Beti lasai dirudizu.

Bost final dira. Tentsioan nago, baina lasai nago. Ez nago bereziki agobiatuta edo itota. Neke puntu bat daukat, normala, baina ondo aurkitzen naiz. Bertigo handiena saio txar bat egiteak ematen dit, indibidualki eta kolektiboki. Lehenik eta behin 14.000 lagunei saio on bat eskaini behar zaie, eta, ahal bada, denok ona. Eta gero gerokoak. Horrek kezkatzen nau.

Bakarkakoak kezkarik sortzen dizu?

Ez. Durangon traba tonto bat izan nuen. Aukeratutako bidea ere arin samarra zen igual. Iruñean ez nuen bakarkako txarra egin, nahiko gustura geratu nintzen, bai aukeratu nuen bidearekin eta baita bidearen irakurketarekin ere. Nahiko konforme geratu nintzen. Bakarkakoak ez dit kezkarik sortzen. Gustatzen zaidan ariketa bat da, baina badakit gero parean jo behar dela.

Zure saioak ondoren berriro ikusi dituzula esan duzu. Zure saioak aztertzea gustatzen al zaizu?

Ez pentsa. Egin dizkidaten komentario batzuen harira ikusten ditut. Saioan bertan pertzepzio distortsionatu samarra izaten duzu, zure buruaren barruan eta kanpoan gertatzen ari denaren inguruko nahasketa bat. Ariketa zehatz batzuk ikusi ditut. Baina ez da estrategia bat. Gustatzen zait kanpotik nola ikusi den edota nola ulertu den ikustea. Baina ez dut obsesiboki egiten.

Diziplinatua dirudizu.

Bai eta ez. Txapelketa garaian nahi gabe txapelketa daukazu etengabe buruan eta buelta asko ematen dizkiezu gauza askori. Baina etxean ez ditut bost minutu pasa txapelketa prestatzen. Bideo asko eskoletan ikusi ditut, umeek eskatuta, edota bertso eskolan. Baina ez etxean. Eta koadernoko lanik ez dut egiten. Ez daukat errimen koadernorik; ez dakit egingo ote nukeen edo egin nahiko ote nukeen ere. Lehen aipatu dizkizudan teknifikazioaren eta beste jarreraren artean koadernoa dago. Koadernoa ondo erabili behar da. Ez dut esan nahi batzuek koadernoa erabiltzen dutenik eta besteek ez, baina, erabiltzekotan, ondo erabili behar dela uste dut. Nik, esaterako, errima zerrenda itxiak egingo banitu, arriskua legoke bertsoa horietara eramatekoa eta hori ez nuke nahi. Baina hori ez baduzu lantzen, gerta daiteke zeozer nahi izatea eta errimarik ez izatea horretarako. Hori ere bai.

Eta nola lantzen dituzu?

Jardunez. Bertso eskolan jardun eta jardun, errimak apuntatu eta elkarri errimak osatu… niretzat bertso eskolako lana eta giroa oso garrantzitsuak dira. Txapelketa gogorra da, ahalegin handia eskatzen du, ordu asko… jendeak pentsatzen duena baino gogorragoa da txapelketa. Gure kasuan hori taldean biziko ez bagenu, askoz gogorragoa litzateke eta askoz zailagoa aurrera jarraitzea. Bertso eskolak funtzio bat baino gehiago dauzka: bat da norbere burua prestatzea, bestea besteen iritziak jasotzea –gure bertso eskolan gauzak esan egiten dira, txarrak eta onak– eta bestetik giroa dago; txapelketa bizitzea, gauzak ulertzea, etor daitekeen uholdearen aurrean prestatzea, babestua sentitzea, sentsazioak partekatzea…