Jon GARMENDIA
Entrevista
Amets Arzallus Antia

«Psikologikoki prestakuntza handia exijitzen du txapelketak»

Lau aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta hirutan Xilaba Bertsulari Xapelketa. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazita, Euskal Herriko txapelduna da. Laugarren finala du Txapelketa Nagusian.

Makean bizi da Amets, eta han jaso gaitu abegikor igande goiz batez, larunbateko bertso saiotik goizaldean etxeratu ondoan, Euskal Herriko punta batetik besterako bidean orduak pasa eta gero. Finala garrantzitsua baita beretzat, baina garrantzitsuena bertsotan egin eta egiten jarraitzea da, puntuazio handia lortutako bertsoak bezainbesteko distira duelako edonork edonon txalotutako bertso bakoitzak.

Lau urtez zurea izan da Euskal Herriko txapela…

Txapela jasotzea eta eramatea tokatu zait, eta urrundik zetorren, bide luzea eginda; [Jon] Lopategi ikusten nuen nik, Sebastian Lizaso, Andoni [Egaña] gero, eta Maialen [Lujanbio] azkenik. Pribilegio bat izan da, Korrikan lekukoa hartu eta azken metroak korritzeko aukera bezala. Baina oso presente eduki dut beti neure lorpen pertsonala eta espazio propioa baino, denon bideko zerbait dela txapela, eta honek oso elegantea dirudi kontatzeko, baina hala sentitu nuen egiazki barnean. Eta BECen egindako lanarekin gustura gelditzen banaiz, eta lekukoa beste bati luzatu behar badiot, oso gustura egingo dut hori ere.

Baina txapel historikoa izan zen, Ipar Euskal Herrirako batez ere. Lehen lapurtarra izan zinen txapela janzten…

Erroak eta adarrak nahasiz gero, ni inon ez naiz arrotz, ez Iparraldean eta ezta Hegoaldean ere; Euskal Herri osoan etxeko sentitzen naiz. Eroso ibili naiz beti, bai tokietan eta baita euskalkietan ere, gozo sartu direlako nire ahora eta belarrira, eta horrek nortasunaren geruzetan eragiten dit. Ni darabildan euskararen araberakoa naiz; Iparraldekoa naiz izatez eta hori beti defendatuko dut, baina bizitzaz zoritxarreko muga horren alde guztietakoa naiz. Nik gustura hartzen dut duela lau urte txapela Iparraldean kokatu izana, eta horrek Iparraldeari bisualizazio pixka bat emateko balio izan badu, gure errealitate linguistikoa zein nekeza den eta zein borroka mailan gauden erakusteko balio izan badu, eta, batez ere, Hegoaldeak espazio gehien nola hartzen duen eta espantu gehien euskaldun izate honetan, horri kontzientzia pixka bat emateko balio izan badu, saiatuko naiz hori defendatzen eta baita berriro hala izan dadin ere. Hortik harago neu pertsonalki non kokatzen naizen denboraren joanean, hor, galdu egiten naiz, inozentziaz bizitzen dut hori, eta errazago egiten zait nire burua definitzea besteen begi eta ahotik.

Txapelketa bertsozale bezala lehenik, eta bertsolari bezala gero.

Memoria dudanetik jarraitu dut txapelketa, final guztiak oroitzen ditut. 1986koa ez, 3 urte bainituen, baina 1989koa bai adibidez, aitak-eta telebistan non ikusi zuten. 1993an Belodromoan nengoen, eta 1997an ere bai. 2001ekoan kantatu egin nuen baina ez nintzen finalera sartu, eta gerokoetan finalean kantatu dut. Etxerako udazken berezia izan da betidanik Euskal Herriko Txapelketa, lau urtez behin oso giro berezia sortzen da, aita-amak ia saio guztietan egoten dira, eta erranen nuke bizitzeko modu bat dela, modu polit bat, milaka gauza sortzen dira, saio aurreko balorazioak, saio ondokoak, gaien interpretazioa eta irakurketa, joko bat denaren inguruan hausnarketa eta eztabaida, gure etxeko mahaian oso presente dago.

Baina plaza ere hor dago…

Noski, eta ni saiatzen naiz plaza ahalik eta hobekien zaintzen, gu plazarako eta plazatik bizi gara. Ez dut ukatuko txapelketa gustatzen ez zaidanik, tentsio horrek baduelako erakargarritasun puntu bat, eta lau urteko edo bi urteko txapelketak nire burua antolatzen laguntzen dit, ganbara garbitzen nolabait. Baina ganbara garbitze hori plazarako da, aitzakia bezala hartzen dut txapelketa, aleka-aleka zer pentsatua sortzen duten bertsoak uzteko han-hemenka.

Aurtengo txapelketan saio bakarrean kantatzeak nola eragin dizu? Zurean kontzentratuta egon zara txandaren zain edo besteei begira?

Askok galdetu didate ea hori hobea edo okerragoa den. Nik abantailak eta desabantailak ikusten dizkiot, baina, beste erremediorik ez dagoenez, hala egin behar dela jakitea da abantaila. Andonik ongi kudeatzen zuen hori, Maialeni agian goizean kosta egin zitzaion hastea, baina gorantz egin zuen gero; egin ez dudan gauza bati buruz hitz egitea ez dut gustuko, momentuz saiatzen naiz presioa kentzen, nire martxan nabil, saioak normaltasunez egin ditut, eta guztia erlatibizatzen aritu naiz. Bestalde, ahal bezain goizen saiatu nintzen txapelketa nire baitan barneratzen; Baigorriko lehen saiora joan nintzen, eta ahal izan ditudan saio guztiak jarraitu ditut zuzenean. Oso barneratuak dauzkat txapelketako sintonia, bizipenak, eztabaidak eta saio bakoitzak eragin dizkidan kezka eta pentsamenduak; sare sozialetako eztabaidak soilik bizi ditut distantziatik, beste guztia hurbiletik jarraitu dut. Etxetik ere jarraitu dut txapelketa gainera, arreba Maddalenek kantatzen zuen eta erran behar dut entzule urduria edo sufritua izan naizela; ez da kantatzen duzunean bezalako korapiloa, baina bai estuagoa.

Beraz, orokorrean nola ikusi duzu aurtengo txapelketa, halako finala espero zenuen?

Finalera begira uste nuen aldaketa gehiago egon zitezkeela. Txapelketako bertsolari guztiak ezagutzen nituen, noizbait haiekin kantatua nuelako, beraz, ezusteko gutxi izan nezakeen alde horretatik. Bertsolari horiek beren maila agertu dute gainera, batzuk indar handiarekin ikusi ditut, bai final laurdenetan eta baita finalerdietan ere, hori bai, ohartu naiz zein zaila den tentsioari eustea hilabete batez; psikologikoki prestakuntza handia exijitzen du txapelketak, saiotik saiora tentsio horri eustea ez baita erraza, eta beste lehia batzuetatik esperientzia dakargunok beharbada abantailatxoa daukagu momentu horretan.

Baina aldaezina, biziki zurruna dirudi finalak…

Finaleko kartela ikusita hausteko zaila den blokea dela ohartzen zara. Gero, txapelketa antolatzeko moduak ere bere eragina du, noski, baina hor dagoen belaunaldia, lauzpabost urteren bueltan dabilena, nik ezagutu dudan belaunaldirik fuerteena da. Ohartu gainera, belaunaldi horrek bertsolari izatearen sentimendua jaso zuela [Sebastian] Lizaso, Peña [Anjel Mari Peñagarikano], [Andoni] Egaña… eta zaharragoengandik, Joxe Agirre bezalakoak. Eta haientzat plaza oinarria zen, plaza bati ezezkoa ematea pentsaezina, izugarrizko zentralitatea hartzen zuen bertsoak haien bizitzan, eta beharbada garaiak aldatu egin dira. Hor gaudenak, Sustrai [Colina] eta ni ia gazteenak gara, [Beñat] Gaztelumendi baita gu baino gazteagoa den bakarra. Baina belaunaldi horretan sartzen dira Maialen [Lujanbio], [Aitor] Mendiluze, [Aitor] Sarriegi, [Igor] Elortza eta Unai Agirre. Jon Maia bederatzigarren izan da, ia finalean zegoen berriro, [Jesus Mari] Irazu eta Unai Iturriaga ere hor egon dira lehenago, eta kontatuz gero bertsolari belaunaldi horrek zenbat final dauzkan… Izugarria da, horren gainetik pasatzea oso zaila da.

Garaiak aldatu egin direla erran duzu. Agian gizartea aldatu egin da, beharbada egoera politikoa ere bai. ETA armagabetu den urtea da hau. Uste duzu horrek aldaketa ekarri duela gaien edo kantaeraren aldetik begiratuta?

Azterketa bat egingo bagenu, bai gaitegia eta baita kantatu denaren aldetik, nik uste dut txapelketa bakoitzak garai baten testigantza zuzena emango lukeela. Bertso bakoitzak garaiaren lekukotasuna eskaintzen du, eta bertso horien multzoa hartuta irakurketa politiko bat edo interpretazio soziala egin liteke, gizartean puri-purian dagoena azalduko baita. Aurtengo txapelketan gatazka deitzen dugunari lotutako gaiek presentzia galdu dute, seguruenik beste angelu batzuk egon dira, interesgarriak direnak dudarik gabe, gatazka horren inguruko bestelako gatazkatxoak, edo egunez egun bizi ditugun arazoei lotuagoak. Agian modu terrenalagoan jardun izan da gai batzuei buruz eta ez hain modu epikoan. Gatazka armatuak espazio politikoaren eztabaidan zentralitatea zeukan lehen, eta orain periferikoago bihurtu da, eta horrek zuzenean eragiten du bertsotan ere. Hori benetan normala den, sanoa den, edo kezkagarria den, hori da sakoneko galdera nire ustez; eta hor baditut nire zalantzak. Agian batzuetan erakusten du bake prozesu hau nola dioan, eta zenbat armarekin gelditzen ari garen debate politikoan borrokatzeko. Eta gauza batzuk ahanzturan erortzen ari dira, nahiz eta egunerokotasunean sufrimendua bizi-bizia izan eta konpondu gabeko gauza asko egon. Nik uste armagabetzea pauso inportantea izan zela Euskal Herriko bake prozesuan, eta eman zen moduagatik batez ere; modu bihurri hori oso interesgarria izan zen, armagabetze zibil hori. Baina horrek esan nahi badu gure kontzientzia armagabetzea ez goaz oso bide onetik nire ustez.

BECeko finalera zein intentziorekin zoaz?

Gorputzaldiak asko eragingo du, egunak ere bai; duela lau urte zorionekoa izan nuen. Urteotan ez dut lortu deszifratzen misterio hori, batzuetan erraz aritzea bertsotan eta besteetan lotuago. Espero dut nire barneko korapiloak askatzeko aukera izatea; kontziente naiz hau ez dela liburu bat zabaltzea eta egindako lanketa guztia han agertzea. Badakit, gainera, orain iragar dezakedan guztiak preso har nazakeela, gero hura egin beharra izatea edo. Eta ez noa idatzitako liburu bat aurkeztera, orri zuri batekin noa eta ez dakit nolako boligrafoa edo arkatza edukiko dudan. Momentuz erran dezakedana da orri zuri bat presentatzen dudala, intentzioz eta motibazioz betea.