Pablo L. Orosa (Phnom Penhetik)
MIGRAZIOA ASIAN

Australia eta Kanbodia, Ozeano Bareko iheslariekin negozio egiten

Lau urtetan 35 milioi dolar, Australiak Ozeano Barean dituen zentroetan dauden mila inguru iheslariak Kanbodian hartzeagatik. Horixe izan zen bi herrialdeek iazko irailean adostu zutena. Orain betetzen hasi da orduan erabakitakoa, nahiz eta giza eskubideen aldeko elkarteek egitasmoa salatu duten.

Iheslariak erreskatatzen
Iheslariak erreskatatzen

Lehen iheslari taldea eztabaida handia sortu duen Nauru uharteko zentrotik eramango dute: hamar pertsona, besteei bidea zabaltzeko. 

«Nauru eta Manusetik iheslariak Kanbodiara eramanda Australiako Gobernua gizakien miseria salerosten ari da, eta orain erabat bakarrik uzten ditu», salatu du Chris Breen Melbourneko Refugee Action Collective elkarteko eledunak.

Asiako herrialde txikiak oso historia iluna du iheslariei emandako tratuari dagokionez. Hala ere, berak hartuko ditu mila iheslari inguru hurrengo lau urteetan, 35 milioi dolarreko laguntzaren truke. «Negozio hutsa da, arazo humanitario bati salneurria ipini diote», salatu du Billy Chia-Lung ekintzaileak Phonm Penh Kanbodiako hiriburuan CHRA Cambodian Human Rights Action Committee elkarteak duen bulegotik.

Ekimenaren sustatzaileek esan dutenaren arabera, iheslariek Kanbodian dirua jasoko dute (eskudirutan zein bankuko kontu batean). Gainera, lana aurkitzeko laguntza emango zaie, hezkuntza jasotzeko aukera izango dute, hizkuntzak ikastekoa, eta lau urteetarako aseguru medikua. Lehendabiziko hiru hilabeteetan etxebizitza ordaindu beharrik ez dute izango eta, hortik aurrera eta lehen urtea amaitu arte, alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Horrela esaten da bederen Australiako agintariak Nauruko zentroan banatzen aritu diren idatzi batean.

Xantaia Naurukoei

Refugee Action Collective elkarteak goitik behera aztertu duen dokumentuak eransten du laguntza horiek Kanbodiara joatea berehala onartzen duten iheslarientzat soilik izango direla, eta hortik aurrera bestelako laguntzak emango dituztela. Breenek egiten duen irakurketaren arabera, era horretan estutzen ditu iheslariak Australiako Gobernuak, Kanbodiara joatea onar dezaten.

Iheslariak mugitzeko ituna iazko irailean sinatu zutenean oso garbi adierazten zen iheslariek onartuz gero eramango lituzketela beste leku batera, ez bestela.

Baina ekintzaileek Nauru uhartean bertan bildu dituzten datuen arabera, bertan daudenek ez dute onartu horrelakorik. Are gehiago: orain aste batzuk, Anibare Lodge izeneko eremuan zeuden 200 iheslari inguruk birkokapenaren aurkako mobilizazioa egin zuten. «Protestak oso garbi adierazi zuen Kanbodiari buruz Nauruko gehienek pentsatzen dutena», nabarmendu du Ian Rintoul Refugee Action Collectiveko kideak.

«Lotsa» hitza erabili izan da Nauruko egoera deskribatzeko. Nauru koralezko uharte bat da, munduko errepublika independenterik txikiena, bai azalera kontuan hartuta, bai biztanleriagatik ere. Ozeano Barearen hego-mendebaldean dago, ekuatoretik oso hurbil, Australiatik ipar-ekialdera, 4.000 kilometro ingurura.

Teorian independente izanda ere, Australia da bertako benetako kontrola duena. 10.000 pertsona bizi dira bertan, horietako 2.500 inguru iheslariak eta asilo politikoa eskatu dutenak.

Gerratik ihes egiten

Afrikatik, Ekialde Hurbiletik eta Asiako hegoaldetik Australiako itsasertzeko bidean zihoazela harrapatu zituzten. Bertako eremuetan irandarrak, pakistandarrak, afganiarrak, somaliarrak, sudandarrak eta uigur etniako (Txinako mendebaldean dago beren herrialdea) kideak daude gaur egun.

«Bertan bizi direnek oso baldintza txarrak dituzte, bai iheslariek bai atxilotze zentroa jada uzteko aukera izan dutenek. Baldintza krudelak oso. Oihanaren erdian utzi dituzte, uharteko biztanleekin inolako harremanik izateko aukerarik gabe, oso urruti baitaude. Ez dute ez lanik ez estolderiarik. Ezta zaborrak biltzeko zerbitzurik ere. Etxekoei telefonoz deitu ahal izateko dirurik ere ez dute izaten. Gainera, Naurutik ateratzeko baimenik ez dute», esplikatu dio GAUR8ri Breenek posta elektronikoz. Gainera, egoera gehiago gaiztotzeko, azken urteotan Nauruko bertako gaizkileen jomuga bihurtu dira errefuxiatuak. «Iheslarien protesten eraginez, 200 pertsona inguru atxilotu zituzten, umeak barne. Protestari eutsiz gero, hiru urteko kartzela-zigorra ezarriko zietela esan zieten», dio eledunak.

Australiako Gobernuak iheslariak bere itsasertzera iritsi ez daitezen sortutako atxilotze zentrorik ezagunena da Naurukoa. Papua Ginea Berriko Manus uharteko instalazioak ere helburu berarekin erabiltzen dira. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak argitara eman berri duen txosten batek bertako baldintzak oso txarrak direla salatu du: iheslariz lepo egindako gelak, edateko moduko urik ez eta osasun zerbitzurik ez.

Gehien salatutako politika

Nauru eta Manuseko zentroak “Ozeano Bareko Konponbidea” izeneko egitasmoaren zati dira, Australiak 2001etik 2007ra bultzatu zuen politikaren beste kapitulu bat, agian gehien salatutakoa. Ekimen horren bitartez, herrialde aberatsak bere mugak aldatu zituen: Indonesiatik gertu dauden ehunen bat uharte ez dira Australia, etorkinak eta iheslariak hartzeari dagokionez. Beraz, uharte horietara iristen diren etorkinei ez die jaramonik egiten Gobernuak. Aldi berean, Armadak Relex operazioa jarri zuen abian, ozeanoko zati horretan legez kontra dabiltzan ontziak geldiarazteko. Harrapatzen zituztenak eramaten zituzten Nauru eta Manusera.

Gizarteak horren aurka emandako erantzuna indartsua izan zen. Iheslariek zituzten baldintza penagarrien inguruko txostenek gehiago haserretu zituzten herritarrak. Azkenean, Kevin Rudd garaiko lehen ministro laboristak politika hori alde batera uztea erabaki behar izan zuen. 2008. urtea zen.

Baina agintariaren erabakiak ez zuen giroa baretu eta eztabaidak gizartean jarraitu zuen. Geroztik izan diren gobernuek etorkinen aurkako neurriak gogortu baino ez dituzte egin. Baita Ruddek 2013an zuzendu zuen Exekutiboak berak ere. Iritzi publikoak “Ozeano Bareko Konponbidea” berreskuratu nahi zuela salatu zuen.

Kanbodia eta Filipinak

2011n Julia Gillard laborista zen lehen ministroa. Malaysiarekin itun bat sinatzeko ahalegina egin zuen, asilo politikoa Australian eskatu duten 800 lagun bertara eramateko. «Pertsona trafikatzaileen negozioari amaiera jartzea» zen ekimenaren helburua, Gillardek berak esan zuenez.

Baina epaileek erabaki zuten ituna Konstituzioaren aurkakoa zela, Malaysiak ez baititu sinatu iheslarien inguruko nazioarteko itunak. Baldintza horietan Australiak ezin zuen arazoa konpondu. «Mapari erreparatzen badiozu, ikusiko duzu Asiako hego-ekialdean Kanbodia eta Filipinak direla itun horiek sinatu dituzten estatu bakarrak», adierazi du Chia-Lung ekintzaileak. «Kanbodia bazkide ona da eta bertako Gobernua dirua hartzeko prest dago».

Ofizialki Kanbodiak Iheslariaren Konbentzioarekin bat egin badu ere, iheslariak eta asilo politikoa eskatu duten pertsonak hartzeko garaian kontrako joera erakutsi izan du. Vietnameko jatorriko herritarrak, esaterako, egoera jasanezinean daude. Khmer Gorriek bidali egin zituzten herrialdetik agintaritza 1975ean lortu zutenean. 1980ko hamarkadan itzuli ziren Kanbodiara, baina Gobernuak legez kontrako etorkinak deitu zien eta ez zien herritartasuna eman nahi izan. Beraz, ezin zuten lurrik erosi, esaterako. Geroztik vietnamdar jatorriko 600.000 kanbodiar inguru Tonle Sal lakuaren ondoko herrixkatan bizi dira, edozein erasoren aurrean beren burua defendatzeko inolako aukerarik gabe, legearen arabera kanbodiarrak ez direlako.

Zapaldutako herriak

Larriagoa da uigur etniako hogei lagunekin Phnom Penheko Gobernukoek egin zutena. Txinako mendebaldeko herri musulman horretako kideek asilo politikoa eskatu zuten 2009an, baina Kanbodiako agintariek guztiak Txinara deportatzea erabaki zuten. Gutxienez horietako bi espetxean daude gaur egun, ekintzaileek emandako informazioaren arabera.

Urte berean, Hun Senen Exekutiboak Vietnamera itzuli zituen montagnard etniako 45 lagun. Asilo politikoa eskatu zuten Kanbodian. Alfer-alferrik, ordea. «Kanbodia ez da leku egokia Nauruko iheslariak bidaltzeko. Mundu osoan gutxien garatu diren herrialdeetako bat da, eta giza eskubideen errespetuari dagokionez sailkapen guztietan atzeko postuetan ageri da», laburbildu du egoera Breen ekintzaileak.

Ustelkeria

Chia-Lungek nabarmentzen duenez, Australiaren eta Kanbodiaren arteko ituna «negozio bat da»: batek etorkinen arazoa ”konpontzen” du eta besteak diru asko eskuratzen du. Pentsa, 35 milioi dolar lau urtetan.

Dirutza horri erantsi behar zaizkio Australiak Kanbodiari garapen proiektuak abian jartzeko emandako 79 milioi dolarrak. «Ez dugu uste 35 milioi dolar horiek iheslariak hartzeko erabiliko dituztenik. Bidean milioi asko galduko dira», adierazi du Chia-Lungek.

Izan ere, munduko herrialde ustelenetakoa da Kanbodia. Nazioarteko Gardentasuna izeneko gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 175 herrialdeko sailkapenean 156. lekuan dago uneotan Kanbodia.

“Eroskeria” hitza erabiltzen du Breenek. Etorkinen aldekoek diote iheslariak Kanbodiara eramanda beraien egoera larriagotu baino ez dela egingo. «Ez dute bertako hizkuntza ezagutzen, ez dute ezagun bertako kultura», nabarmendu du Chia-Lungek.

Gainera, Kanbodiako herritartasuna lortu ahal izateko zazpi urte egin beharko dituzte bertan, alegia, Vietnameko apatriden egoera berean egongo dira.

«Azkenean egiten ari direna da iheslariak atxilotze zentro batetik beste batera eramatea», esan du CHRA erakundeko eledunak. «Asilo politikoa eskatu duten iheslari horiek Australiaren ardura izaten jarraitzen dute», eransten du Breenek, Canberrak ezetz badio ere.    

Ihes egindakoek itzultzean eraikitzen duten Kanbodia berria

Gaur bertan bukatuko da Battambang hirian Tini Tinou nazioarteko zirku jaialdia. Orain ia berrogei urte herrialdetik ihes egin behar izan zuten herritarrek Kanbodiara itzultzean sortu zuten Phare zirkuarekin lotutako proiektu sozialak antolatu du ekimena. Asiako eta Europako bost herrialdetako zirku konpainiak eta dantzariak egon dira azken egunotan Phnom Penh hiriburuan eta beste hirietan. Ilusioa eta magia sarraskien erreinuan. Genozidioaren amesgaiztoa gainditu eta bestelako Kanbodia eraikitzea, aurrera ateratzea, posible dela sinetsi nahi dute Pharekoek.

Agertokian argi gorria da nagusi. Amesgaiztoen giroa lortu nahi dute, Sokharen historia kontatzeko. Aitonarekin batera Khmer Gorrien mendean zegoen herrialdea utzi eta Thailandiako iheslari eremu batera iritsi zen protagonista, 1979an. Pin Phounam bihurrikariak esplikatu digu Sokha Kanbodiatik ihes egiten duen emakumea dela. Lan asko egiten zuen kanpalekuan, gauean Khmer Gorrien garaiko sufrimendua burura itzultzen zitzaion arren. Amesgaiztoak kontuan hartu gabe bere herrira itzultzea erabakitzen du, artearen bitartez umeei laguntzeko, eta, bide horretatik, Kanbodia berria eraikitzeko. Agertokian Phounam kontorsionistak jarrera sinestezinak hartzen ditu Sokharen sufrimendua adierazteko. Pixkanaka oinekin eusten duen arku baten soka tenkatzen du, tiro egin eta amesgaiztoa ordezkatzen duen globoa lehertu egiten da.

Phare Khuon Det arte eskola sortu zuten hamar artista haietako baten historia kontatzen digute orain Pharekoek. Pol Pot eta bere jarraitzaileak agintean egon ziren urteetan (1975-1979), herritarren %25 inguru hil zituzten. Artisten artean proportzioa okerragoa izan zen: %90 hil zituzten. Garai hura bukatzean, inoiz baino garrantzitsuagoa zen arte eskola bat sortzea.

Gaur egun Tini Tinou jaialdian esku hartzen duten artista gazteek ez zuten garai hura ezagutu, baina erabat suntsituta zegoen herrialde batean bizitzearen ondorioak bai, horiek oso ezagunak dituzte. «Munduan arazo ugari dago, arazo asko neure herrialdean, pobrezia, ustelkeria… Batzuetan zaharrek esaten digute zortea izan dugula gazteok, Khmer Gorrien garaia ezagutu ez dugulako, baina gaur egun ere ez da erraza izaten aurrera ateratzea», adierazi du artistak.

Pin Phounam bera 7 urterekin hasi zen lanean. Anaiekin batera, zaborra biltzen zuen. Eskolara joan baino lau ordu lehenago jaikitzen zen ohetik, etxean bere laguntza ezinbestekoa baitzen, aita erabat alkoholizatuta zegoelako. «13 urte nituela hasi nintzen Pharen. Bertan hezkuntza eman zidaten eta bertako formazio zentroan hartu ninduten», kontatu du. Herrialdeko ipar-mendebaldean dagoen Battambang hiriko zentroaz ari da. Bertan gaur egun 1.200 ikasle dituzte, guztiak ere premia handiko familietako kideak.

Pharek zirku bat zabaldu zuen orain bi urte Siem Reap hiri turistikoan. Ikasle batzuek bertan egiten dute lan eta eskola finantzatzen laguntzen du zirkuak. Nerabe horietako batzuk jaialdian egon dira, antolatzaileen helburua «parte hartzaileek bizitzen dutena konpartitzea eta ikastea baita», Huot Dara zentroko zuzendariak esplikatu duenez.

Suitzako gimnastika erritmikoa, Vietnamgo magia, Taiwango akrobaziak, Portugalgoak, frantsesak… Era guztietako ikuskizunak kabitzen dira Pharekoen tailerretan. Kanbodiako betiko zirku tradizionalaren harmonia XXI. mendeko zirkuaren pasioarekin nahastuta.

Tsung-Hsuan Lee Taiwango koreografoa liluratu du «Europako zirku berriaren sormenak». «Taiwanen irakasleak gonbidatzen ditugu gure mintegietara ikasi nahi dugulako, horixe baita ikasteko betiko modua. Baina ez da nahikoa, ideia berriak sortu nahi ditugu, historiei esanahia emateko era berriak behar ditugu». Kanbodian ere ikasten aritu da.

Myanmartar izaera onartzen ez dietenen drama

Asiako hego-ekialdeko uretan milaka gizaki daude egunotan, jazarpena, gerra eta miseria atzean utzi nahian. Australiak ahal duen guztia egiten du pertsona horiek bere lurretara iritsi ez daitezen, eta Indonesiak eta Malaysiak iheslariz betetako itsasontziren bat ikusten dutenean, ura eta janaria eman eta aurrera jarraitzeko esaten diete, ez baitituzte beren herrialdeetan nahi. Egunotako drama ikaragarri horren atzean Myanmarren betidanik baztertuta egon den rohingya herria dago. NBE Nazio Batuen Erakundeak eman dituen datuen arabera, azken hilabeteotan bikoiztu egin da etnia horretako kideen exodoa.

NBEk berak emandako datuen arabera, rohingya etniako 729.000 gizaki bizi ziren 2009an. Myanmarko mendebaldean dagoen Rakhine (Arakan, garai batean) estatuko iparraldean bizi dira batez ere, Bangladesheko mugatik gertu. Musulmanak dira. Britainiarrek XIX. mendean eremua kolonizatu zutenean, etorkin asko bertaratu ziren. Gaur egun rohingya etniako kideek gutxiengo bat osatzen dute beren lurraldean eta Myanmarko diktadura militarrak legez kontrako etorkin moduan tratatzen ditu. «Erabat instituzionalizatutako jazarpenaren eta delitu ikaragarrien biktimak dira», Arakango Rohingya Erakunde Nazionalak salatu duenez.

Myanmarrek ez die myanmartar izaera onartzen, Bangladeshetik etorritakoak direlakoan. Ashin Wirathu fraide budistak orain hiru urte abian jarri zuen 969 Mugimenduak ere argudio bera erabili zuen, rohingya etniakoen aurkako erasoak justifikatzeko. Erasoaldiari hasiera emateko, emakume gazte budista baten bortxaketa erabili zuten. Ustez etnia horretakoak ziren erasotzaileak eta berehala atxilotu zituzten (batek bere buruaz beste egin zuen eta beste biei heriotza zigorra ezarri zitzaien).

Hala ere, budista batzuek hamar musulman ezagun zihoazen autobus bati egin zioten eraso eta jipoitu egin zituzten bertan, hil arte. Poliziak ez zuen inor atxilotu. Ondorengo erasoetan 300 rohingya inguru hil zituzten. Honela esplikatu zituen erasook fraide budista batek: «Historikoki frogatuta dago rohingyak Bangladeshetik etorritako legez kontrako etorkinak direla, britainiarrekin etorri zirela. Ez dakite bakean bizitzen. Gure emakumeei dirua ematen diete beraiekin ezkon daitezen eta islama besarka dezaten. Gero rakhine etniako emakumeek baino ume gehiago izaten dituzte. Horrela, gure populazioarentzat baliabide gutxiago geratzen dira. Gainera, komunitate biolentoa osatzen dute».

Gobernuak bat egiten du garbiketa etnikoa justifikatzeko ideia horiekin. Milaka rohingya ghettoetan sartu dituzte eta baldintza penagarrietan bizi dira. NBEren laguntzari esker jaten dute.