Julen Zabalo
Soziologoa

Aldaketa txikiak, ondorio handiak

Atzoko emaitzetan aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuta, ez da aldaketa ikaragarririk ikusten, eta hala ere, badirudi ondorio esanguratsuak izango dituztela gobernuak osatzeko momentuan. Argi geratzen da, bestalde, aldaketa orokorrak ez direla egun batetik bestera gertatzen.

Orain lau urte EAJren hondamendi progresiboa, eta EH Bilduren geldituezineko igoera iragartzen zen. Boto apur batzuen aldaketak eta indar berri baten agerpenak panorama aldatu dute, eta pertzepzioa oso bestelako da orain.
 
Aldaketen artean, nabarmenena, noski, Podemosena da. Asko hitz egiten zen bere lehen agerraldiak izan zezakeen eraginaz, eta nor izango zen kaltetua. Guztira, ia 200.000 boto lortu ditu foru hauteskundeetan, eta esan daiteke PP eta PSOE, eta neurri txikiagoan, EH Bildu izan daitezkeela kaltetuak. Kudeaketa zaileko osaketa, dudarik gabe, zalantza bat baino gehiago sortzen duena hurrengo deialdietan Podemos alderdiak izan lezakeen bilakaerarako.
Bloke tradizionalei begira ere, aldaketa handirik ez. Bloke abertzaleak jarraitzen du nagusi izaten, baina diferentzia ez da handia, eta apur bat txikitu da, agian EH Bildutik Podemos-era joan diren botoengatik. Abertzale eta espainiarzaleen arteko muga zehatzik ez dago, badakigu, eta osatzen ari den alderdi sistema berrian, are lausotuago gera liteke, denbora berrien isla.

Aldaketa txikiok ondorio nabarmenak ekarriko dituzte, ordea, eta hor EH Bildu agertu liteke kaltetu nagusi gisa. Izan ere, ez du boto gehiegi galtzen, baina bai udalak eta Diputazio bat. Alderantziz gertatzen da EAJrekin: ez du boto gehiegi irabazten, baina bai udalak eta bi Diputazio gehiago. Nafarroako Parlamentuan ere, aldaketa txikiekin, lurrikara modukoa gerta liteke orain arte oposizioan, edo kanpoan, zeuden indar batzuk batuko balira.

Hain zuzen ere, asko hitz egin da aukerarik botatuena baztertu, eta atzetik geratu diren beste indar batzuek gobernua osatzeko koalizioaren zilegitasunaz. Maila teorikoan, eta helburua instituzio batean gobernagarritasuna lortzea delarik, ez omen dauka aitzakiarik, baina errealitatean eztabaida luzeak sortzen ditu, eta askotan, lortu edo galdu daitekeenak mediatizatzen du. Baina horrekin batera, badago alde etikoa ere, neurtzea oso zaila dena. Hau da, zein punturaino egiten den koalizioa gizartean eragin nahi delako, edo alderdiaren interesak zaindu nahi direlako. Nafarroan planteatzen den koalizioa lehen zentzuan ulertu behar dela ematen du, eta horrek eragin interesgarria eduki lezake Nafarroako gizartean.

Koalizioen gaia gogoeta interegarria izan daiteke, azkenik, Hego Euskal Herriko etorkizunerako. Izan ere, EH Bilduk planteatzen duen indar batzuen batuketa hasierako muga batera heldu dela esan daiteke: alde abertzaletik alderdi sendo bat du aurrean, eta bloke espainiarzaletik Podemosek aurrera egiteko aukera ixten diola ematen du. Egoera guztiz normalizatu batean hain garrantzitsua izango ez zena, Euskal Herriko kasuan beste izaera bat hartzen du, Gatazkaren Konponbidetik hasita. Bide berriak ere jorratu beharko dira etorkizun horretan pentsatzen jarraitzeko.

Buscar