Ruben Iglesias, Xefe Ziarrusta (*) Nora Salbotx, Aitziber Mtz. de Lagos eta Iker de Luz
Orioko herri curriculuma, Dimako hizkuntz proiektua

Alternatibetatik gure hezkuntza eraiki

Orioko herri curriculuma, Dima eta Egiako ikasle euskal eleaniztunak hezteko hizkuntz proiektua,  landa eremuko eskolak eta eskola txikiak, kanpo espazioen antolaketa eta Herri Unibertsitateak. Hori da guk parte hartzen dugun proiektuen zerrenda. Urteak daramatzagu gure hezigune, fakultate, auzo, herri zein bailaretan hezkuntza proiektu horiek eraikitzen.

Urriaren 24an elkar ezagutu zuten aipatutako proiektuek, Bilbon, Alternatiben Herrian. Euskal Herrian egungo eredu kapitalista heteropatriarkaletik at hamaika alternatiba ditugula erakutsi genuen 160tik gora eragilek eta milaka herritarrok. Guk ere hala egin genuen Arragoa auzoan. Gure txikitasunetik egun bereziki polit eta aberasgarria bizi izan genuen.

Maila lokalean bestelako hezkuntza eredu baten alde eraikitzen ari garen gure aletxoa eraman genuen Bilbora. Proiektu ezberdinak ditugu, bakoitzak bere berezitasunak ditu, bakoitzak hezkuntzaren atal ezberdin bat lantzen dugu. Baina guztiok dugu zerbait komunean: egun inposatzen zaigun hezkuntza eredua aldatu eta gure errealitate lokaletik irauli nahi dugu. Gainera, modu eraikitzaile baten, hainbat balore oinarri izanda garatu ditugu proiektuok: parte hartzea oinarri dugu, adin ezberdinetako pertsonak izan dira protagonista, herritarrak dira aktibo nagusia, nahi eta behar pertsonalak nahi eta behar kolektibo bihurtu ditugu, pedagogia askatzailean sinesten dugu, ezberdinen arteko elkarlanean... eta garrantzitsuena, herri proiektuak sortu ditugu. Gureak, zalantza gabe,  biharko Hezkuntza Sistema Propio (HSP) baten hazitxoak dira.

Euskal hezkuntza zein momentu inportantean aurkitzen den azaltzen ez gara hasiko, hala ere, nahiz eta iritzi ezberdinak izan ditzakegun, argi dugu bidegurutze erabakior baten aurrean aurkitzen garela. Urte dezente igaro dira jada Euskal Herrian herri gisako hainbat eta hainbat proiektu nazional definitu eta garatzen hasi ginela: Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa... Dena den, ezin uka dezakegu, proiektu eta ekimen horiek kajoian gordeta egon direla azken urteotan. Hezkuntza eragileak ez dira gai izan herri gisa proiektu hauek bururaino garatzeko.

Guk, ordea, proiektuok kajoitik atera eta gure inguruan lantzeari ekin genion. Ez ginen inoren zain gelditu eta ez genion inori baimenik eskatu behar izan. Gure ikastetxeak, hezkuntza eragileak eta herriak izan dira herri proiektu horiek gure egin eta garatu ditzagun babesa eman digutenak. Blokeatuta  dauden proiektuei bizia eman eta martxan jartzea posible direla erakutsi dugu. Zergatik egon Hezkuntza Sistema Propio baten esperoan, gaurdanik, gure hezkuntza eraikitzeari ekin badiezaiokegu? Hori da guk gure buruari egin genion galdera, eta horregatik garatu ditugu HSPren bidean kokatzen ditugun proiektuok.

Garatzen ari garen proiektuak, garai batean bezala, herritarrei eta Euskal Herriari eskaini nahi dizkiogu. Gure helburua gaur Orion, Diman,Egian, Baztanen eta Leioako campuseko proiektu lokalak direnak apurka apurka Euskal Herriaren luze eta zabalean ugarituz joatea da. Horrela, behar dugun HSP harriz-harri maila lokaletik eraikitzen joango gara. Eta noski, bestelako hezkuntza eredu baten alde segituko dugu.


Zer hobeagorik inposatu nahi diguten lege edo dekretuen aurrean hezkuntza proiektu sendoa izatea baino? Zer hobeagorik inposizioen aurrean hezkuntza komunitatea eta herritarrak, elkarlanean, proiektu parte hartzailearen aldeko hautua izatea baino? Gurea bezalako proiektuak garatzen ditugunean, aipatutako inposizio, lege, dekretu edota bestelakoei planto egiten ari gatzaizkio, desobeditzen ari gara, eta gainera, gure alternatiba lokalak eraikitzen ari gara. Modu eraikitzailean posible da Madril, Paris edota bestelako bulegoetatik inposatu nahi diguten guzti horri aurre egitea, eta horretarako modurik eraginkorrena Euskal Herrian nahi dugun bestelako eredu bat eraikitzen jarraitzea da.

Baina gure ekarpena beste bat ere bada. Jakin badakigu Euskal Herrian, hezkuntzan ere, motxila gainean ditugun hainbat eta hainbat eztabaida ditugula. Ezin gara urteetako eztabaidak noiz askatuko zain egon aurrera egiten jarraitzeko. Hala ere, premiazkoa deritzogu hezkuntzaren gaineko herri eztabaida antolatzea, herritarra eta parte hartzailea. Eta horretara ere bagatoz. Eta guk ere horietan parte hartzeko prestasuna dugu. Eta horiek ukatu gabe, gure hazitxoak ahal beste hedatu eta gure hezkuntza eredua eraikitzen jarraitu behar dugula uste dugu.Jakin badakigu zuetako asko zaretela egunero egunero,zuen lanaren bitartez, hezigune,elkarte,aisialdi talde,herri... HSPren alde lanean diharduzuenak, gure eredu propioaren aldeko lanean ehundaka ekimen baitaude Euskal Herrian barna. Euskaratik,partehartzetik,parekidetasunetik, berrikuntza metodologikotik, inklusiotik... gure proiektuak eraikitzen ditugunean HSPren  aldeko auzolan erraldoi batean ari gara, eta horrek, orain, elkar ezagutza eta saretzetik pasatu behar du.Amets partekatuak egikaritzen direla sinestuta baikaude.

Hezkuntzan ere alternatibak ditugula erakutsi dugulako, guk ere, Euskal Herrian nahi dugun hezkuntza eredu euskaldun, hezkidetzaile, askatzaile, berri eta batez ere propio baten alde, gaur, Hezkuntza Plataformen Topaguneak deitutako mobilizazioetan parte hartuko dugu.

(*) Nora Salbotx (Landa eremuko eskolak eta eskola txikiak), Aitziber Mtz. de Lagos (Kanpo espazioen antolaketa) eta Iker de Luzek (Herri Unibertsitateak) ere sinatzen dute artikulua

Buscar