Oier Marigil
RealSocialismo! lantaldearen izenean

Anoetak eraberritzea behar du

Anoetak eraberritzea merezi du. Ia 25 urte pasatu direnean azpiegitura diseinatu zenetik, eraikuntzan parte hartu zuten erakundeei iritsi zaie ordua Anoetak espero zutenarekin bete al duen aztertzeko.

Hasierako helburuak bete ote diren aurreikusitako kirol eta jarduera bakoitzeko, politika publikoen edozein ebaluaziok eskatzen duen moduan. Eta hausnartzen hasita, baita jabego publikoko estadio eredua hiri aurreratu batek behar duena ote den ere.

RealSocialismok, Realeko akziodun eta zaleen lantaldea den heinean, ezetz uste du. Anoetak ez ditu hasierako aurreikuspen guztiak asetzen. 90eko hamarkadaren hasieran susmatzen zen moduan, ia 25 urte nahikoak dira Reala azpiegituraren erabiltzaile nagusia dela ondorioztatzeko. Agian orduan uste ez zen moduan, ia 25 urte nahikoak dira beste edozein erabilera oso puntuala izan dela nabarmentzeko, baita Anoetari «Euskadiko Estadio Nazional» izena jarri ziotenek halako izen bat justifika dezakeen jarduerarik bultzatu ez dutela ikusteko ere.

Realaren botere ekonomikoa defendatzen duen moduan, RealSocialismok gustuz hartuko lituzke urtero Anoetan atleta onenak eta 30.000 ikusle erakarriko lituzketen hitzordu garrantzitsuak. Ez hori bakarrik: Lillen (Frantzia) gertatzen den moduan, kornerretako batean eskubaloi edo saskibaloi pista zabaldu eta goi mailako partidak jokatzea, 15.000 pertsona harmailetan daudela. Anoeta, Donostia eta Gipuzkoarentzako berri oso onak izango lirateke. Baina ez dira. Ezta izan daitezen saiakerarik egin ere: Bruce Springsteenek ezin du 42.000 pertsonentzat kontzertua eman hilabetero Anoetan.

Legearekin eta diru publikoaren erabilera zorrotzarekin egin beharreko eraberritzea merezi du Anoetak. Are gehiago Donostia, Anoeta Kiroldegia dela medio, eta Reala elkar ulertzera kondenatuta daudela dirudienean. Bigarrenek ezin dute asmatu gauetik goizera Anoeta bezalako azpiegitura bat eta lehenengoei ez litzaieke interesatu behar Anoetak bere erabiltzaile nagusia, oso nagusia, galtzea.

Horrek, 2016ko futbolak zer eskatzen duen ulertzea dakar. Donostiari Europako Superkopa bezalako finala hartzeko aukera irekiko lioke Praga, Cardiff, Tbilisi eta Trondheimek hartu duten bezala (batzuk, Anoeta baino edukiera txikiagoarekin), eta estadioaren beste erabilerekin bateragarri izaten jarraitu. Bide honetatik, RealSocialismok joan den abenduan bere laugarren analisi-lana plazaratu zuen, “Estadiotik futbol zelaira. Zergatik Anoeta berritu”.

Hiru arrazoi mota daude behar honen oinarrian: gizarte arrazoiak, kirol arrazoiak eta arrazoi komunitarioak. Lantaldearentzat hiru argudio dira nagusiak: eserleku nahikoren ikus-eremu eskasa, behe eraztun osoko lehen hamar lerroak euripean daudela 1993tik eta estadioko gune merkeenek (etorkizuneko belaunaldiak normalean hemen egiten dira bazkide) zein garestienek (palkoak %100ean okupatuta daude 1993tik) hazteko duten zailtasuna.

Kirol arrazoietan gaurkoan sartu gabe, Realak inguruan duen eragina azpimarratzekoa da. Gomendagarria litzatekeen ikerketa publiko eguneratu baten faltan (amaierako itxuraz aparte prozesua egiteko modua ere jokoan baitago), Donostiako Sustapenak 2007an eginikoa dago, Reala Bigarren Mailara jaitsi baino lehenagokoa. Garai hartan, Realak 60 milioiko eragina zuen bere ingurunean.

Jarduera higuingarriak gertatu ziren urrutieneko iragan hura behin gaindituta, non Anoetaren eraberritzearekin kritikoak diren batzuek tematuta jarraitzen duten, beharrezkoa da gogoratzea Realak Foru Ogasunean 110.495.582,41 euro utzi dituela 2011. eta 2016. urteen artean zorraren likidazioa eta kopuru erregularrak kontuan hartzen baditugu. Ez da inongo meritua. Realak egin behar duelako eta ahal duelako egiten du. Baina finantza egoera ona erakusten duten 110 milioi dira, nahikoa Anoeta inguruko beste azpiegitura publikoen hobekuntza ere ekarriko duen lanen ardura maila handi bat bere gain hartzeko.

Formulak formula, paragrafo batean bada ere komeni da zenbakiak aztertzea. BEZa kontuan hartu gabe, lanen 50,7 milioietatik Realak 36,7 milioi ordainduko ditu hasieran behintzat. %72,4. Hasiera batean, lanek 40 milioiko aurrekontua zutenean, espero ziren 10 milioietatik urrun. %25etik %72ra. Klubaren jabeen onespenarekin gainera, nahiz eta plastikozko eserleku bakar baten jabe izan gabe jarraituko duten.

Horrekin guztiarekin eta zezenketari buruzko hurrengo herri kontsultan zer gertatuko den jakin gabe, Donostiak saskibaloirako eta, akustikak uzten badu, beste edozertarako birmoldatutako Illunbe du; baita kirol jarduerentzat hobe daitekeen belodromoa ere, Madrid Arenakoaren ostean Kursaal txikiegia eta estadioa handiegia geratzen zaien kontzertuak egiteko aukera galdua duen instalazioa; hirugarrenik, baldintza oso txarretan dagoen miniestadioa eta, azkenik, futbol klub batek gehienbat erabiltzen duen eta eguneratze sakona eskatzen duen estadioa. Ez dirudi elkar ez ulertzeko egoera aproposena.

Egoera honek Reala arrakastaren eta porrotaren arteko lekuan kokatzen du. Edonork du gustuko arrakasta bizitzaren edozein arlotan, baina arrakasta horrek lorbide txikiegia du guztiok bertan sartzeko. Aurrean dugun operazioa puntuz puntu aztertzea merezi duen horietakoa da, tamaina kontuan hartuta. Eskari eta eragin ikerketak eginik, eta masa soziala zentzu onean hankaz gora jartzeko behar diren neurri iraultzaileak hartuta. Erakunde publiko askok beharrezkotzat duten eta beharrezkoa suertatzen den eraberritzerako behin betiko bultzada litzateke. Eta Anoetak eraberritze hori merezi ez badu, Realak ulertu beharko du futbol zelaia behar duela.

Buscar