Josu Jimenez Maia
Idazlea

Argudio zuriak

Arturo Pérez-Revertek emandako erantzunak –«Es usted un perfecto idiota»–  agerian uzten du Espainiako intelektualen maila ezin eskasagoa. Azken finean Espainiako Errege Akademiako kide den idazle espainolak irain bat, ad hominem argudioa, baliatzen baitu Wikileaks-eko sortzailearen aurka.

Urriaren 1ean Katalunian egitekoa den erreferenduma dela-eta Estatu espainoleko komunikabideen eztabaida-maila ezin eskasagoak akuilaturik idatzitako artikulua duzu begien aurrean. Sasi-eztabaidak, azalkeriaz betetako iritzi-andanak –ustez mamitsuak– eguneroko ogi bihurtu direnez, zilegi bekit tertuliano eta iritzi-emaile –eta sortzaile– iruzurgile horiek baliatzen dituzten gezurrezko argudio horietako batzuk aletzea, argudio zuriak deitu ditudanak.

Ad nauseam argudioa: argudio iruzurti bat errepikatzearen errepikatzeaz jendeak, asperduraren asperduraz, azkenik sinetsi egiten duena. «La independencia catalana solo puede dictarla el pueblo español» gezurrezko argudioa behin eta berriz errepikatuta egiatzat hartzean datza. Ez da egia, eta adibide hurbilak ditugu: Eskoziako erreferendumean ez zuten ingelesek bozkatu, ez irlandarrek, ez galestarrek, bakarrik eskoziarrek baizik; eta Britaina Handian egindako Brexit erreferendumean guk ez genuen bozkatu, denok europarrak izanagatik.   

Ad populum argudioa, eskuarki demagogia deitua: entzuleen edo irakurleen oniritzi lortzean datza jendearen oinarrizko sentimenduei errekurrituz, iritzi edota ondorio ustez biribil baten inguruan, iritzi edo ondorio horrek benetako euskarri logikorik ez duen arren. Kataluniako erreferenduma eginez gero, familiak eta senideeak erdibituko dira, Mediterraneoko hondartzetara joaterik ez dugu izanen, eta beste ondorio katastrofiko zenbait iragartzean datza, denak ala denak irrigarri xamarrak, bestalde. Europako beste adibide bat jartzearren, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian bizi direnen arteko harremanak ez dira eten 1993an bereizi zirenetik, eta inork ez du proposatzen bi herri independente horiek berriz batzea, haien arteko hartu-eman ekonomiko normalak dituztelarik.

Ad ignorantiam argudioa: besteen ezjakintasuna baliatzea baieztapen biribilak eginda. Raxoy-k legea eta demokrazia parekatzen ditu, Espainiako legea urratzen duena antidemokratikotzat joaz; faltsua da, zeren legeak ez dira beti eta per se demokratikoak: Hitlerren lege antisemitek bazuten babes legal osoa, eta Francoren legeak legezkoak izan arren, argi dago ez zirela demokratikoak. Apartheid delakoa Hego-Afrikan guztiz legezkoa izanagatik agerikoa da ez zela zilegia eta horregatik borrokatu eta gainditu egin zen. Legeak ez dira, berez, demokratikoak, Espainiako presidenteak argudio zuri hori baliatu arren boto-paperak eta hautestontzieen bahitura zuritzeko.      

Ad verecundiam argudioa: ustezko autoritate edo aditu baten esanetan oinarritzen den argudioa; gizarteko pertsonaia ezagun edo prestigiodun batek –Pantojaren seme Kiko Riverarekin hasi, Belén Estebanekin segi eta Arturo Perez-Reverterekin buka– duen pisuzko iritziaren indarrean datza, horretan baizik ez. Julian Assangeak adierazi duenan Kataluniak autodeterminaziorako eskubidea duela, eta atxiloketek katalanak indartu eta batuko dituela, Arturo Pérez-Revertek emandako erantzunak –«Es usted un perfecto idiota»–  agerian uzten du Espainiako intelektualen maila ezin eskasagoa. Azken finean Espainiako Errege Akademiako kide den idazle espainolak irain bat, ad hominem argudioa, baliatzen baitu Wikileaks-eko sortzailearen aurka. 

Ad hominem argudioa: solaskidea gutxiestean datza, solaskidearen argudioak indargabetzeko asmoz; alegia beste pertsonari erasotzean datza, argudioei aurre egin ezinean. Adibide anitz ditugu, aurrejuzkuz beteak, besteak beste, ERCko Gabriel Rufian-en abizena dela-eta errazkeriaz egindako txiste txarrak, edo EH Bilduko Arnaldo Otegiren azalpenen haritik lotsa gabe botatako iruzkin laidogarriak eta iraingarriak, edota CUPeko Anna Gabrielen aurkako irain matxistak eta mehatxu lotsagarriak. 

Hamaika ikusteko eta entzuteko jaioak garenez, urriaren 1era bitarte adibide gehiago entzun eta ikusiko ditugu, batez ere irainak, zeren eta espainolek eta unionistek pisuzko argudiorik ez dutenez, iritzi-emaile iruzurgile horiek beti bukatzen dute ad hominen argudio zuria baliatzen, euren ahulezia dialektikoaren adierazle garbia.

Buscar