Mikel Mundiñano Larraza, «Zato»
Etxarri Aranazko A13 ekimena

Arrankudiaga-Zollo eutsi goiari Etxarri Aranatzetik

Pasa dira ia zazpi hilabete. Atzean gelditu da apirilaren 13a, Etxarri Aranatzen erabakitzeko eskubidea praktikara eraman zeneko egun ahaztezin hura. Aipatu izan ditugu ekimen haren lorpenak; agian komeni da berriz gogoratzea.

Jendearengana, herritarrengana iristea da edozein ekimen politikoren erronketako eta aldi berean buruhauste handienetako bat. Herri galdeketaren dinamikak berak behartu egiten du hasiera-hasieratik pertsonen inplikazioa bilatzera. Parte hartze hau  modu horizontalean ematen da gainera. Helburua argia izanik, jendeak badu parte hartzeko aukera handia erabaki sinple nahiz potoloagotan: galdeketa eta galdera beretik hasita, segurtasuna nola bermatzeraino. Parte hartze eta horizontaltasunak aniztasun ideologikoari aukera gehiago eskaintzen dizkio. Ekimen desberdinetan perfil desberdinetako jendeak parte hartu zuen. Modu batez edo bestez harremanak burutu ziren gaur egungo abaniko ideologiko osoko pertsonekin: UPNri boza ematen dionarekin; apolitikoarekin; independentistarekin; preso ohiarekin… Eta aldi berean, parte hartze eta horizontaltasunak tutelaje politikoa ekiditen du. Ezinezkoa bihurtzen du alderdi baten eskemari segidismoa egitea eta alderdi batek emaitzak fagozitatzea.

Herritarrengana iristea edozein ekimenen helburu garrantzitsuenetariko bat bada, eztabaida politikoan, espazio politikoan,  publikoan edo dena delakoan tartea lortzeak ez dauka ez garrantzi xumeagorik. Etxarri Aranazko herri galdeketak espazio hori lortzen zuen, hainbat unetan behintzat: iragarpena, gauzapena eta tarteko hainbat momentutan. Gainera modu proaktiboan: iniziatibaz jokatzen da eta horrek posizio indartsu batetik abiarazten laguntzen du. Ausardia. Positiboa. Iniziatiba. Ekimena. Kontzeptu hauekin jendarteratzen da ekimena. Noski, mezu negatiboak helarazten saiatzen dira eta modu batean lortzen dute euren espazioa ere, baina iniziatibarekin jokatzea abantaila da beti. Batzuetan mezu negatiboek kontrako efektua ere lortzen dutela ahaztu gabe. Gainera, kontuan hartu behar dugu ere gaur egungo komunikazio batzuen bideen berezko ezaugarriei esker, informazioa trukatze hutsak harremanak indartzeko eta saretzeko ere balio duela.

Garrantzitsua da halaber, herri galdeketa batek alderdien agendan betetzen duen espazioa. Testuinguruak hala agintzen duelako, herritarren lanarengatik edo dena delakoarengatik, baina alderdi batek ezin dio muzin egin, ezin du ezikusiarena egin galdeketa baten aurrean. Honek protagonismo maila bat dakar, berez.

Alderdi bakoitzak bere mezua plazaratzen du, beltza, zuria edo hamaika graduazioko grisa… baina hitz egin beharko du demokraziaz, parte hartzeaz, lurraldetasunaz, konstituzioaz…

Azkenaldian dezente ari da entzuten jendarte eta alderdi politikoen arteko balizko hausturaz edo dibortzioaz. Hala izan ala ez, egia dena da herri galdeketak espazio politiko berri horrekin, belaunaldi berri horiekin, politika egiteko modu berri horiekin konektatzeko ezaugarriak eta dinamikak biltzen dituela.

Denok dakigu zein garestia den alderdi politikoak elkarrekin zerbaiten alde aritzen ikustea. Testuinguru politikoa edozein dela ere, beti dago arrazoiren bat distantziak markatzeko. Herri galdeketaren izaera organizatibo (horizontala eta anitza) zein politikoak (erabakitzeko eskubidea) erraztu egiten du elkarlana (edo nahiago bada, zaildu ekimenarekiko distantziak markatzea). Indar abertzaleen artean behintzat ekimenak adostu ziren eta inplikazio zuzena ere izan zen.

Eta noski; ordutik hitz egin izan da emaitzaren inguruan. Apirilaren 13an 850 etxarriarrek eman zuten boza. Zentsuaren %42. Datu honek eztabaidarako eman du. Batzuentzat galdeketak zilegitasuna galdu du parte hartzea ez delako %50era iritsi. Beste batzuentzat, herri galdeketaren arrakastaren erakusle objektiboa da. Guretzat, dudarik gabe, bai. Datuak datu:

- 2005eko Europako Konstituzioaren erreferendumean 808 etxarriarrek hartu zuten parte.

- UPNk zentsuaren %24rekin agintzen du Nafarroan.

- Maiatzaren 26an egindako Europako hauteskundeetan partehartzea Hego Euskal Herrian %45 ingurukoa izan zen.

- Maiatzaren 26an alderdi abertzaleek 700 inguru boz bildu zituzten Etxarrin.

- Hego Euskal Herrian hiritarren %12 inguruko ordezkaritza duten indarrek aldarrikatzen dute herri honen «lidergoa»; edo herri honen «alternatiba» direla; edo euren proiektua «indartua» atera dela. Ez al dugu orduan zilegitasunik herritarren %42ren babesa jaso duen ekimen batekin antzeko hitzak erabiltzeko? Nork ukatuko dio «alternatiba» izaera herri galdeketari? Nork uka dezake tresna gisa «indartua» atera dela? Ez al gaude nolabaiteko lidergoa aldarrikatzeko baldintzetan?

Gainera, badaude hainbat egoera %42 objektibo horren balio kualitatiboa biderkatzen dutenak: Nafarroako Fiskaltzaren eta Guardia Zibilaren jazarpena; Nafar Gobernuaren adierazpenak galdeketa ilegala zela ziurtatuz; norabide bereko presio mediatikoa; eraikin publikorik ezin erabili; zentsurik ezin erabili… Hala eta guztiz ere, lortu zen berme guztiak biltzen zituen galdeketa bat egitea. Inork ez ditu zalantzan jarri antolakuntzak emandako datuak.

Ondorioa. Guretzako bat, oso argia: herri galdeketaren balioa frogatua geratu da, beti ere baldintza egokiak baldin badaude berau aurrera eramateko. Denok dakigu oraingo fase honetan egin daitezkeen galdeketak ez direla galdeketa, baina galdeketarako oztopoa ez izateaz gain, berau azkartzeko balio dezakete.

Azken batean, zerbait demokratikoa delako eta zaila delako demokraziaren aurka hitz egitea edo aritzea. Prozesu osoa horizontala ere badelako eta horrek erakargarri egiten duelako, alderdietatik at sortzen eta garatzen den ekimena bihurtuz. Baina batez ere, oinez ibiliaz ikasten delako eta demokrazia ariketa demokratikoak eginez lortzen delako. Eta azkenik inork ez duelako zilegitasunik herriari hitza kentzeko, ezta herriaren / herritarren heldutasuna zalantzan jartzeko. Galde diezaiogun herriari eta horrek berak emango digu heldutasunaren eta baldintzen egokitasunaren neurria.

Zuen txanda da Arrankudiaga-Zollo. Eutsi goiari!

Buscar