Josu Iraeta
Idazlea

Autokritika giltzarri

Betidanik jakin dugu, egitasmo politiko desberdinak zeudela, baina oinarri batzuk bazauden guztiontzat: Euskal Herria, askatasuna, giza eskubideak. Komuntasun gutxieneko bat bermatzen ziguten zerbait zehatzak. Baina orain? Orain Euskal Herriaren kontzeptu komunik ez dago eta ezin esan daiteke, giza eskubideen defentsak berak, oinarri komun bat duenik.

Historian zehar errepresioa aztertzen badugu, konturatuko gara ez dela beti gauza bera izan. Historia berak irakasten digu, denborak gauza eta kontzeptu asko aldarazten dituela, eta ez hemen bakarrik, baina hemen ere bai. Ez dugu urrun begiratu behar ikusteko ez dela berdin atzo eta gaur. Ukaezina baita, atzo elkartu egiten gintuenak, gaur banatu egiten gaituela. Bihar auskalo.

Zoritxarrez ez dira banakako adibideak, egutegiak aspaldidanik diote, errepresioari aurre egin nahian, ekintzen bat antolatu orduko, jakina dela ez direla denak egongo. Ez aldez aurretik ongi jakin gabe, zeinek egongo diren eta zeintzuk ez. Horretarako arrazoi asko daude –edo dituzte– bai batzuk eta besteek.

Egongo direnak, faltako direnak, biolentzia hau kondenatzen dutenak, beste biolentzia hura bakarrik kondenatzen dutenak… Ez dira berriak mugak, alderdiak eta alderdikeriak, denak ezagunak bakarrik ez, gizartean ongi txertatuak ere bai. Ez dago giza eskubiderik, ez dago ezer, erakunde politikoak eta beraien interesak besterik.

Euskal Herria bi komunitatetan erdibitu dute, eta horrek –praxian eta zoritxarrez–, bata bestearen etsai izatea lortu du. Gaurko indar politiko estatalistak, gehi EAJren bere betiko zeregin bitarikoari esker, ehunka preso abertzale mantentzen dituzte espainiar eta frantziar espetxeetan, Francok lehenik eta helburu berberak garatzen dituzten oinordekoek geroztik.

Nahiz PP edo PSOEren siglaren baitan bizi, gaur egungo nazionalista espainiar moderno hauek, bere esku dauden instituzio eta ahalbide guztiak «jo eta su» abian dituzte, helburua «normaltasunez» mozorrotu badute ere. Baina beraien hitzetik ekintzetara tarte ederra dagoenez, zer ote da «normaltasun» hori? Ba begira, harrigarria bada ere, hau: hamarkada luzez, Euskal Herrira etorritako emigrazio espainiarra, hemen bertan integratu beharrean, –hartzaile den lurraldean, alegia– gu, euskaldun autoktonoak, emigranteen jatorrizko lurraldean integratu beharra. Hori da, eta ez besterik, inposatu nahi duten «normaltasun» demokratikoa. Bada zerbait.

Normaltasun horren emaitzaz, gero eta gutxiago ikusten da, bien etsai, edo helburu komunen bat inon dagoenik. Geroz eta gehiago, ordea, errukirik gabe bata bestearekin aurrez aurre duen eguneroko gerra garatzen da, elkarrenganako gorrotoa elikatuz.

Betidanik jakin dugu, egitasmo politiko desberdinak zeudela, baina oinarri batzuk bazauden guztiontzat: Euskal Herria, askatasuna, giza eskubideak. Komuntasun gutxieneko bat bermatzen ziguten zerbait zehatzak. Baina orain? Orain Euskal Herriaren kontzeptu komunik ez dago eta ezin esan daiteke, giza eskubideen defentsak berak, oinarri komun bat duenik.

Nola arrazoitu horrelako jauzi ideologikoak? Nire ustez ez dago erantzun luzearen beharrik: Boterearen egarriz.

Nahiz oso «espirituala» dirudi, ideologiak eta sistemak ez dira boterearen zientziak baino. Sistema ideologiko bati besteak bezala darraio historian, ordenu batek besteari, botere batek besteari. Beraz, hain espirituala ez den polizia, botere horren zapalkuntza sistemaren silogismoa besterik ez da.

Ideologiak, denak herriaz eta herriaren izenean sortzen dira, herriaren gogoa artikulatuz (?) etorkizuna prestatzeko herriari. Baina herriaren gogoa eskema «zientifiko» batzuetan ongi kokatuz ordenu edo tresna errepresibo bat garatzen dute, jakinik hori bera, gizarte antolakuntzan tresna polizial batek bakarrik gauzatu lezakeena.

Azken mendeko historiak dioen bezala, ideologia geroz eta perfektuagoei «zientifikoagoei», aparatu polizial geroz eta perfektuagoak dagozkie. Garbiago esanda; errepresio zientifikoaren aurrerapena dugu, bertatik bertara. Beraz, boterearen egarriz bizi direnen biktimak gara, bai gu, bai gure herria.

Nire ustez eta zoritxarrez, gizarte honi, bere azkeneko eta oinarrizko koherentzia eman liezaiokeen guztia galtzera dakarren bidea daramagu.

Bide horretatik doana, koherentzia eskasa daramana, alegia, zera da, azken aste hauetan, bazter guztietatik mezu berbera helarazten ari diren, «ETAko presoen gaurko egoera,  nabarmen aldatuko lukeen autokritika» eskatzen duena. Egia da, gehienak ez dute gehiago arrazoitzen, baina ba dira, legea betetzea aski litzatekeela esaten dutenak ere. Noski baietz, autokritika eskatzea zerbait da, baina nori luzatu, errepresioa «legez kanpo» pairatzen duenari espetxe barruan, edo errepresio hori gauzatzen duen gobernuari?

Autokritika beti da osasuntsua, baina ez bakarrik «etxetik at» egiten denean, baita barrena begira. Euskaldunok urte asko daramagu errepresioa hitzetik hortzera, baina ez dira espetxeak errepresioaren adierazpen bakarra, zerk eta nola uste ahal duzue ba, euskal langilea, gero eta txiroagoa izatea bultzatu duena? Errepresioak aurpegi asko ditu, horregatik, eta tamalez, denok entzun behar izaten ditugu «tarteka» tortura ikaragarrien kontakizunak, xehetasun ile lazgarrienekin, baina baita nola batere espirituala ez den polizia  «euskaldunak», edonor  hiltzeak dohainik duela. Hau, Euskal Herriko langilearen egia tristea, gero eta tristeagoa.

Entzuten denez, egon, denok omen gaude errepresioaren aurka eta gizatasunaren alde. Printzipio bat da. Baina –aurreko lerroetan ikusi dugun bezala– printzipio bat besterik ez da.  Gainera, preso eta torturatu horiek jadanik ez dira –Etxamendi eta Larraldek, bere kantu ederrean zioten bezala– «gure mutilak», guztionak. Ez, gaur asko dira bazterretik begira daudenak kutsatzeko beldurraz , zer gertatuko den zain. Hori bai, beti onartzen dituzte espainiar «justiziaren» emaitzak. Begira daudenen ahalmen zinikoa.

Bizi dugun une politiko interesgarri honen bidez, laster hasiko gara jabetzen, EAJk Madrilen jasotakoaren ordaina nolakoa den, eta batez ere, nork ordainduko duen. Dena dela, nire ustez, EAJk daraman mozorroa betirako kentzeko garaia heldu zaigu. EAJren ibilbide osoak frogatzen baitu, aberria erabiltzen duela alderdia egiteko eta ez alderantziz. EAJ Estatu espainiarrak eskainitako erreforma barruan bizi da. Espainiar interesei men eginez, beraien aginte politiko ekonomikoarekin erabat lerrotuta, eta ez badugu saihesten, bertan geldirik eta isilik bizitzea beharko gaitu.

Nahiz azalean gauzak nabarmen aldatu, –Francoren garaian bezala– gaur aurrean dugun etsaia betikoa da. Hemen denek dakigu zer nahi duten eta zer nahi dugun. Nor dugun alde eta nor aurka. Azken berrogeita hamar urte hauetan, politikaren ikuspegia ez da gauza handirik aldatu.

Ez da gauza berria baina bai azpimarratu beharra, ez baita erraza izango. Euskal preso guztien egoera lotsagarri honek bide bakarra dauka, borroka, bestela jai dugu.

Buscar