Igor Estarellas Lacasa
Osakidetzako langilea

Darpon eta osasun sistemaren txertoa

Urrian diru publikoak ordaindutako propaganda berri baten lekuko izan gara, “Galaxien arteko gerra” filma erabiliz txertoaren kanpaina berria sustatzeko propaganda; Goebbelsenen modukoa eta ondorengo helburu hau bilatuz: EAJri esker txertoak dauzkagula eta merezi ez dugun osasun sistema ere badaukagula erakustea, eta sindikatuek haien gestioa zikindu nahi dutela herritarroi ulertaraztea. Baina gure osasun sistemaren atzean dagoen errealitatea borroka bat da, “Star Wars”-ekoa bezalakoa, baina kasu honetan onura pribatu eta onura publikoaren artekoa, eta hain luzea denez aukera daukagu egiteko bai trilogiak, bai aurreko eta hurrengo filmak.

Aipatu dudan bezala, hau ez da berria, gure osasun sistema gaixorik jaio zen Azkuna eta Bengoa jaunen eskuetatik eta ez zen hobera joan Inclan jaunarekin. Baina azken bi legealdietan, kapitalismoaren berrikuntzarekin eta Bengoa «aditua» osasun publikoaren enbaxadore bihurtuta, urrats txar eta oso arriskutsua egin dugu «iraunkortasunerantz». Gure Osasun Publikoa ez omen da iraunkorra eta horregatik zatika saldu behar diegu enpresa pribatuei.

Osasun Publikoaren enbaxadorea, Bengoa, hedabideetan ateratzen zen sare publikoa babesten eta botiken berrordainketaren kontra zegoela azaltzen; areto ilunetan, ostera, enpresariei aukera berriak eskaintzen zizkien eta berrordainketa, ezarri baino lehen, moldatu egin behar zela azaltzen zien.

Bere atzetik Darpon heldu zen, Bengoaren arrakastarekin  liluratuta, bere irakaspenei jarraitzea erabaki zuen. Gaur, esku batekin Osakidetza zein ondo dagoen erakusteko propaganda banatzen duen bitartean, beste eskuarekin «Osasun Enporioarekin» negozioak antolatzen ditu. Eta hori azaltzeko hona hemen bi lagin:

Lehenengoa Onkologikoaren integrazio funtzionala da. 2013ko martxoaren 7an, Legebiltzarrean, UPyD, PSE eta EH Bilduri esker, Onkologikoa Osakidetzan integratzea erabaki zen. Handik astebetera Onkologikoaren langileriak eskerrak emateko gutuna aurkeztu zuen Legebiltzarrean. Baina Darpon jaunak bost hilabetez Kutxarekin antolatutako negozioa bide bakarra zela esan zuen eta, izena aldatuz, integrazio osoa «integrazio funtzional» bihurtu zigun. Onkologikoko langileria sinetsi ezinik geratu zen, Legebiltzarrean hartutako erabaki bat nola perbertitzen zuen ikustean. Gaur, Onkologikoa Ospitalea nahiz eta %85ean diru publikoarekin ordainduta egon, Logik Klinika bihurtu da integrazio funtzionalari esker.

Bigarrena eta zabalagoa (37.154 m2), Urdulizen «nahigabeko» esku pribatuak sartu izana, dirudienez aurreikuspen faltagatik, 2010. urtean iragarri zen eraikuntza honetan ez omen dutelako beste aukerarik izan. Kasu honetan, Villar S.A. garbiketa enpresa lizitazio moldaketa bati esker sartu da ospitalean; hau da, G/207/20/1/0597/O441/0000/022014 lizitazio espedientea moldatu da eta lehenengo arretako osasun zentroak garbitzetik anbulatorio horiek eta ospitaleko zati irekia garbitzera pasatu dira, prezio berean urtebeteko prorroga baten truke!!

Gaurdaino espediente horren moldaketa ez da argitaratu, 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa bete gabe, bai eta Europako Parlamentuko kontratazio publikorako 2014/24/EU direktiba bete gabe ere eta, beti bezala, Osakidetzako langileen lan akordioa ere bete gabe. Azken hau, Osasun sailburuaren kabinete zuzendariaren arabera, agortuta dago orain dela 7 urte eta haiek beti betetzen dute indarrean dagoen arautegia.

Bigarren puntu horretatik azpimarratu behar dut ordenamendu juridikoaren kontrako jokaera honen arduraduna Uribeko ESI-ko gerentea dela, bai eta bere senarra ere, arduradun subsidiario bezala, Osasun sailburua den heinean. Nire uste apalean, legeak ez betetze hau fede txarragatik edo aurreikuspen faltagatik izan da, baina bi kasuetan egoera derrigorrez konpondu behar dute, eta legea ez betetzeagatik, beharbada, dimisioren bat aurkeztu.

Besterik gabe, triste agurtzen zaituztet, Darpon jauna berriz ere Osasun sailburua dela ikusita. Osasun sailburu euskaldun batek osasun sistemari txertoa jartzea espero nuen, benetako osasun publiko eta demokratikoagoa izateko. Baina ziur aski, saria eman diote Darpon jaunari bere papera ez egiteagatik, hau da, osasun publikoa ez defendatzeagatik.

Buscar