Iñigo Gandarias, Borja Garcia eta Gontzal Nuñez
Arkitekturako ikasleak

Donostia 2050

Deigarrienak itsasoaren mailaren eta tenperaturaren igoera lirateke. Donostia, beste hainbat hiri bezala ondorio hauek jasango ditu. Non geldituko da mitifikatutako Bella Easoa?

Jada aste bat pasa da Donostiako Arkitektura Bienala ospatu zenetik. Hainbat lan, hitzaldi, maketa… ikusteko aukera paregabea eduki dugu, eta hau dena hementxe bertan, Gipuzkoako hiriburuan. Jardunaldiak behin bukatuta gogoetarako egunak ditugu honakoak. Administrazioek haien datu makroekonomikoekin bonbardatuko gaituzte eta beste hamaika datu eskainiko dizkigute, erdi mailako herritarrak asetzeko adina, baina azken finean soilik datuak dira, egunerokotasunean ondorioak ez dituztenak.

Arkitektura eskolako ikasle bezala parte hartzeko aukera izan genuen, klima aldaketa eta mugak (hori baitzen bienalaren izenburua eta gai nagusia, zentzu zabalean) uztartu dituen lan bat aurkezteko. Gaur egungo egoerak bultzatuta eta ideia batzuk mahaian jarri eta gero, segituan errefuxiatuak etorri zitzaizkigun gogora, guda inperialistetatik ihesi dabiltzan errefuxiatu eta desplazatu berak. Bada, klimarekin lotzea ez zitzaigun hain ideia burugabea iruditu. Horretarako Eusko Jaurlaritzak berak eta Pariseko Klima Itunak onartzen dituen hainbat ondorio hartu ditugu oinarritzat, ekologistek hainbat urtez zabaltzen saiatu direnak. Horien artean deigarrienak itsasoaren mailaren eta tenperaturaren igoera lirateke. Donostia, beste hainbat hiri bezala ondorio hauek jasango ditu. Non geldituko da mitifikatutako Bella Easoa?

Bestalde, tenperatura jasanezinek penintsulako jendea desplazatzera behartuko dute, seguruenik iparraldera, kostaldera; hegoaldeko berotasunaz ihesi. Gaur egungo bertoko administrazioen apustua turismoa da, elitezko turismoa, Gipuzkoako hiriburuaren kasuan. Ez dirudi aldatzeko asmorik dagoenik, nahiz eta aspaldi pil pilean dagoen gaia den bultzatzen ari den turismo ereduarena. Hori dela eta, gure proiektua migratzaile hauetan zentratzen zen; nola administrazioek pentsatuta daukaten harresi bat eraikitzea (ez harresi zatarra, baizik eta hainbeste gustuko duten arkitekto famatu batek diseinatutakoa, prestigio eta ondorioz kostu handikoa). Honek hirirako sarreretan aduana modukoak jartzea behartuko luke, baita zaintza puntu periferikoak (seguruenik begiratoki gisa aurkeztuko zituztenak, darabilten hizkera edulkoratzaile edo gozagarriaz). Tokiko biztanleak desplazatuta izango ziren, kanpoaldera.

Mugek sortutako tentsio puntuak aztertu ditugu, hau da, sortuko ziren langile auzo berriak, hirira soilik lanerako joango ziren biztanlez beterik, dohakabeko soldata batzuen truke, prekarietatea areagotuz. Nolakoa izango ziren horko bizi baldintzak? Nolako eraikuntza prekarioa erabiliko zen? Ghettoak sortuko ziren? Ez dira hainbeste urte pasa Astigarraga eta Hernaniko kanpamenduak desegin zituztenetik eta denok dauzkagu buruan irudi horiek…

Nahiko ideia zentzugabea dirudi hasiera batean. Hala ere, Donostiak historian zehar egindako plangintza bera jarraitzea izango zen, hau da, ideia bukolikoa kostaldean mantendu eta beharrezkoak diren baina ezerosoak diren azpiegitura itsusiak kanpoaldera eraman, besteak beste industria, kartzela, erraustegia… Klasekide batek zihoen oso neurri klasista eta arrazista zela, Euskal Herrian ez dela horrelakorik posible, astakeria bat dela. Hala ere, hor ditugu Gazako, Saharako lurralde okupatutako eta Trumpen harresi fisiko famatuak. Gurera etorrita, "Ayudas sí, abusos no" eta "Ayudas sí, control tambien" bezalako kanpaina arrazista eta klasistek hamaika boto jasotzen dituzte, askotan gehiengoa ere biltzen dituztela. Argi daukagu beste eskala bat dela, baina oinarria hor dago.

Honakoa soilik klaseko ariketa xume bat izan da, kontzientziak astintzeko asmoz egindakoa, baina zer pentsatu ematen du. Informazioa zabaltzeko sare sozialetaz (informazioa partekatzeko modurik azkarrena, edozein lekura heltzen dena, egia izan edo ez) eta kaleko kartel eta pegatinetaz baliatu gara. Zer paper jokatzen du arkitekturan gure gaur egungo mundu globalizatu honetan? Zer puntura arteko erantzukizuna dauka? Etikoa litzateke arkitektook horrelako proiektuak onartzea?

Buscar