Gontzal Mendibil
Abeslaria

Ederra sua Gabonez

Garaian gaude eta ohiturari jarraituz, era batera edo bestera ospatzea dagokigu oturuntza onez eta festa bidez. Eguzkiari loturiko udako zein neguko erritualetan, sua agertzen zen lurrean ospaskizun gisan. Eguberriak hasten dira beraz, oles egiteko aroa, jai girokoa. Suzko gauak eguzkiaren berpiztean. Udan sua kanpoan, eta neguan sukaldean.

Ekialdeko lur epeletan aintzinako garaietan, Eguberri gauean, lurra izartegiarekin bat egiten zenaren iskribuak daude, hau da, mendi goietatik ikusten zenekoa, ortzean izarrak argi emari dingilixka eta beheko ibarretan suaren jai gaua garretan,  zeru-lurrak bat egiten zirenekoa. Mendi gainetatik, izartegia eta lurra irudi berean, biak izpilu bailiran. “Zeruan bezela lurrean ere”.  Eguberriak zentzu sakonezko izaera sakratua izan dute, bai Kristaurrean eta ondorenean ere.   

Historian kokatzen diren kontakizunak, mito bihurtzen dira. Eta mitoaren esangura sinbolikoa aurkitzea ez da beti ere erraza izaten. Mitoak erritoa dakar eta aro bakoitzak duen bizi-eraketari lotua baitago.  Zuhaitza kasu, tradizioen oinarrizko sinbolotzat har genezake.  “Guk botako zaitugu eta barkatu iezaguzu”. Hau esatean,  naturaren izaera animista gordetzen eta goraltzen zen. Indar bizia eta magikoa zuen zuhaitz horrek, bizien eta hilen arteko harremana ere eransten zuen aurreko garaietan. Geroan, Kistautasunak Jesus gizon Jainkoa betirako fruituak ematen dituen ikur legez hartuko duena.

Eta gure ohituretan, garai hauetan, mito bihurtu dugun Olentzero, Onentzaro, Olentzaro… izenburu bereko ospakizuna dugu. Nondik ote dator? Intuizioz eta hizkuntza beraren deduzioz  Olentzaro (Oles-aro)litekelakoan daude ikerlari eta hizkuntzalari gehientsuenak. Onentzaro(Onen-aroa) daitekeenik era bada, eta Orantzaro(tripaki, otordu-otorantzatik) edota Noel, edo Olen(Oleries) etor daitekeela dionik ere egon badago.  Era baten edo bestean, zihurtzat jo genezake eguzkiari loturiko zentzua dutela guztiek eta eguzki berriaren nolabaiteko oles-ospakizunetan gaudela.
 
Olentzero egin dugu “vox populi”, eta berau dugu egun izenik entzutetsuena eta erabiliena. Mitoa lozorroan egon ostean, halako baten, garai berrietan, ikastolen hastapenetan, mezulari berri emaile legez datorkigun edota sua barreiatzen ari zaigun Olentzero dugu kaleetan Olesaro ospakizuean. Baina kutsu folklorikoan hartuta, beste barik, bere benetako esangura desmitifikatzen ari ez ote garen susmoa dut.

Eguzki berriaren ospakizunak aurreko garaietan suaz izaten baziren, egun, kaleak, etxeak eta zuhaitzak, argiz jazten ditugu. Itxura desberdinez bada ere, hor ez dago eraldaketarik, egokipena baizik.  Beraz, oles egiteko garaian gaudenez berpiztu dezagun ahuldurik eta indar gabeturik dugun sua. Bizitzan irauteko eta eguneroko arazoei aurre egiteko behar dugun barruko sua, arimak bizkortzeko behar dugun su-biziaren indarra.

Gabon giroa piztu eta barreiatuz goazen ba krisi garai honetan suaren jai-gaua ospatzera, argi gehitzea betorkigula gure eskaria,  baina goiko izartegia mutu dago eta ez digu laguntzen askorik aspaldi honetan, eta dakiguna zera da, argiaren monopolioa Iberdrolak duela, eta beraz, Iberdrola jainkoak bidaltzen digun argi lurtar horrek gora egiten duela aldian aldiro. Eta guk hemen jarraitzen dugula sutan baina mutu, geldi eta geldo, gizaki ahul beldurtiak baiginan etsiturik, gure ahultasunari askotxotan barre egiten dietela ere jakinik.

Badakizue Gorbeialdean diogun esaera: “Hiru dira munduan alperrik galtzen diren gauzak: itsasoko euria, egunez izarren argia eta pobrearen arrazoia”.  Eta pobre denak eta ezbeharrarik gogorrenean aurkitzen denak, anparurik ezean,  mukur bila nunbaitera joan beharko Gabon sutarako.
Garai bateko Gabonetan,  sua berpiztuz, etxerik etxe banatzen omen zen sua. Oleska aterik ate ibiltzeko ohitura zegoen. Oles egiteko aroa dugunez, jaia eta ospakizuna aldarri. Suaren berotan gozatzea gure nahia, Olentzero, Olentzaro, Onentzaro…gizaki edo garai, esker onekoa izan dadila eskatzen dugu. Garai okerretan, bizi-behararraren seinale gisa, gure egonezina sugar bihur dezakegula jakin beharko genuke.
Geroak gero, suak bizirik irauten duen bitartean, geu ere bizirik gaudenaren ezaugarri.  Piztu dezagun gogoa eta isiotu mundua. Oles egiteko garaia da ta. “Suari diezaiogun ba kanta, ezer bada ta Gabona, suaren jai gaua da ta” zioen Bitoriano Gandiagak.

Ilun duguna argi bihur dakigukeelakoan eta itxaropena erne diezagukeelakoan. Ondoezak han-hemen zurrupatzen bagaitu, ez gaitezen kikildu, erretzen bagaituzte sugar bihurtu gaitezke eta. Gabon zoriontsuak izan ditzagula eta gogoz, adorez eta emaririk onenez datorkigula hastera doakigun urte berria.

Buscar