Cira Crespo
Historialaria eta gurasoa

Eskola-liburutegirik gabe geratuko al dira gure seme-alabak?

Liburutegiei arnasa emateak egon behar luke kulturari arnasa eman nahi dion zeinahi gobernuren lehentasunen artean, horietan aurkituko duelako pertsona orok ezagutza idatzirako sarrera, bere jatorri edo maila soziala zeinahi delarik ere.

Idazten asmatu zenez geroztik beharrezko gertatu da idatzitako hori gordetzeko tokiren bat. Jauregi handietako gela pribatuetan edota era ezberdinetako toki publikoetan hasi zen pilatzen idatzita ipini ahala sortuz joan den dokumentazio ofiziala, hala literatura nola pentsamenduaren mundu aberats guztia. Guk gaur ezagutzen ditugun liburutegien antzekoak Erdi Aroarekin batera iritsi zaizkigu, arabiar madrasak edota Europa kristauko unibertsitateak bezalako goi ikasketetarako zentroen garapena gertatu zenean. Areto horiek izango ziren ezagutzari atxikitzeko espazioak, ikuspegia zabaldu eta gauza berriak ikasi nahi zituztenentzat. Estalpearen babesean, idatzitako hitza monasterioetan eta unibertsitateetan batu zen, gizadiaren gozamenerako. “Arrosaren izenean” eleberrian deskribaturiko liburutegi zoragarriaz gogora gaitezke, adibidez, zertaz ari garen ohartzeko.

Historia honetako hurrengo maila inprentaren asmakuntzarekin iritsi zen, liburuak askozaz errazago eta merkeago egiten hasi zirenean. Gizarteratu egin zen ezagutzaren zabalkundea. Hitz idatziaren aroaren hasiera izan zen, irakurketaren demokratizazioaren ernamuina. Une horretatik aurrera, irakurketa hiritarren hezkuntzarako ezinbestekotzat jotzeko urrats bat baino ez da faltako.

XX. mendean sarturik, liburutegiak zerbitzu publiko kontsideratuko dira. Katalunian, adibidez, XX. mende hasiera aldera Liburuzainen Eskola jarri zen martxan. Izan ere, ez baitago zainduko dituen inor gabeko liburutegirik. Langile kualifikatu talde handi hari esker ireki ahal izan ziren liburutegi publikoak. Eta, haiekin batera, izaera herrikoiagoko beste batzuk ere bai, hala nola langile-erakundeetan, ateneoetan eta mende berrian giltzarri izango ziren bestelako oinarrizko sozializazio guneetan. Sasoi haietan, XX. mendearen hasieretan, gizarte demokratiko baten eraikuntza orduan, mundu guztiak zeukan argi irakurketaren beharra, hau da, kontzientzia kritiko baten sorkuntzaren beharra.

Egun, liburutegiei arnasa emateak egon behar luke kulturari arnasa eman nahi dion zeinahi gobernuren lehentasunen artean, horietan aurkituko duelako pertsona orok ezagutza idatzirako sarrera, bere jatorri edo maila soziala zeinahi delarik ere. Gaur egungo munduan, dudarik ez da irakurketaren beharraz; baina, halaber, irakurketa indizeak nahi baino apalagoak direnik ere dudarik ez da; ezta libururik gabeko etxe ugari daudenik eta apenas irakurtzen duen jende asko dagoenik ere. Zer gertatzen da?

Gabezia hau, besteak beste, oinarriei arretarik jartzen ez zaielako gertatzen dela esango nuke edo, beste era batera esanda, etorkizuneko irakurleak ernatzen diren eskola-liburutegiak zaintzen ez direlako. Zeren eta ba al dakizue nora joaten diren beren etxean interesatzen zaien libururik ez duten umeak? Ba al dakizue nora joaten diren bere gurasoek auzoko liburutegira eramateko aukerarik edo gogorik ez duten umeak? Ume horiek eskolako liburutegia era autonomoan erabiltzeko aukera izaten dute. Baliteke zuetako askok ez jakitea eskoletan liburutegi bat izaten dela, hura zaintzeaz arduratzen den pertsona batekin, ordu ez lektiboetan irekitzen dena hala nahi duten umeak bertan gera daitezen, hau ala hura begiratzeko, kontsultatzeko, irakurtzeko edota etxerako lanak egiteko. Baina, itxaron, ez naiz egia-egia esaten ari… eskola guztietan behar lukete izan, baina gero eta gutxiago dira.

Nahiz eta hainbat ikerketak erakusten duen eskola-liburutegi ongi hornitu eta promozionaturiko bat duten eskoletan emaitza akademikoak hobeak direla, tamalez, liburutegi horiek galtzen eta ahazten ari gara. Baina eskola-liburutegiak altxor bat dira, are gehiago munduko bazter honetan, non etxe askotan ez den bertako hizkuntza egiten. Liburutegietan euskaraz irakurtzeko aukera dute. Izan ere, nola ikasi ongi hizkuntza bat hura irakurri gabe?

Batzuetan, Hezkuntzako murrizketei buruz-eta era orokor batean aritzen garenean, izen-abizenik jarri gabe, guztia apur bat lainotua geratzen da. Adibide zehatz bat kontatuko dizuet: lehengo batean irakasle batek esaten zidan bere zentroan liburutegiak garrantzia handia duela, umeak etxerako lanak egiten arratsalde askotan bertan geratzen direlako. Ume horiek, asko maila sozioekonomiko apaleko etxeetakoak, nora joanik ez dute izango liburutegia zaintzeaz arduratzen den lagunak erretiroa hartu eta haren tokia beste inork betetzen ez duen egunean. Horretarako ez da asko falta, datorren ikasturtean, ziurrenez.

Ez da gai honen inguruan ezagutzen dudan istorio bakarra. Galdetu zuen zentroan liburutegiari buruz, non dagoen, arduraduna nor den, zein ordutegi duen eta, bide batez, proposatu zuen seme-alabei bertara joatea, erabili eta bete ditzaten, hala zailagoa izango dute-eta kentzea.

Idatzi honek eskoletako liburutegien garrantzia adierazteko asmo argia du, dagokionak balora dezan ea geratzen direnak hiltzen uztea merezi duen ala ez. Azken eskola-liburutegiak babesteko garaiz izatea espero dut eta, zergatik ez, baita itxi direnak atzera irekitzeko ere. Irakurketaren promoziorako erreminta eder-ederrak dira, ezinbesteko baldintza, gizarte kultu eta prestatu bat izan dezagun.

Buscar