Aitor Lexartza Martin

Gure erabakia, independentzia!

Eskozia, Katalunia... eta orain, Arrankudiaga. Jendartearen ahotan dauden herriak ditugu. Egunkari eta Interneteko webguneetan albiste, tertulietan hika-mika iturri. Herriek eta herritarrok gure etorkizunaren gainean erabakitzeko dugun eskubidea eztabaidagai jarri duten gertaerak. Espainiar Estatuaren zatiezintasuna zalantzan jarri duten haize boladak.

Galdeketa edo erreferendum hauek denen ahotan daude. Baina, subiranistak gora eta espainolistak behera, eztabaidaren gakoa ez da bozketa horretan dauden posizioen arteko eztabaida, erabakitzeko eskubidea bera baizik. Zergatik hainbeste zalaparta erabakitzeko eskubidearen inguruan? Ez al da ba hori demokrazia ezaugarritzen duena?


Egungo eredu kapitalista eta patriarkalak, herritarrak erabakiguneetatik ahal denik eta urrunen nahi gaitu, herritar izate hutsagatik erabakitzeko eskubidea dagokigun arren. Eta Eskozia, Katalunia eta Arrankudiagan gauzatzen ari direnak ariketa demokratikoak besterik ez badira ere, sistema eta sistemaren mantenuan poltsikoko interes gordinak dituzten horiek muturreko eraso gisa bizi dute, eta hala sentiarazi nahi dute jendartean: erabakitzea mehatxu bat bailitzan.
Espainiar Estatua bere hareazko gaztelua mantendu ezinean dabil, norabide guztietatik kolpatzen dute herritarrek hauspotutako haize boladek. Iruzur hutsa den Carta Magna horren atzean gotortzen da, ordezkapenezko demokraziaren aitzakiapean, duela lau urte herritarrek erabaki dutela esanez, erabakitzeko boterea kentzeko, botere guneetatik urruntzeko. Herrien subiranotasunaren inguruan ezin da eztabaidatu, ezer aldatzeko aukerarik ez omen dago eta. Hala ere, duela gutxi, PSOEk ez zuen inongo arazorik izan galdeketarik gabe interes ekonomiko kapitalisten mesedetan Konstituzioa aldatzeko.


Zergatik hainbeste beldur herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeari? Zein hizkuntzatan hitz egin, non bizi eta lan egin nahi dugun... zer herri izan nahi dugun erabakitzea gure oinarrizko eskubide demokratikoa da, gutxieneko bat, inork ukatu ezin diguna, eskubide hori gauzatzeko aukera bera ukatu ezin zaigun bezalaxe. Egungo sistema antidemokratikoarekin apurtzeko,     herritarrak benetan erdigunean kokatuko gaituen eredu bat eraikitzeko, gure etorkizunaren gainean erabaki behar dugu. Ez dugu inoren joko-arauen arabera funtzionatzen jarraituko.
Erabakitzeko eskubidea gurea dugu, eta egikaritzea gure esku dago, inoren baimenaren zain egon barik. Eta dena dugu erabakitzeko. Etengabeko inposaketa espainolista eta neoliberalen gainetik, zelako eredua behar eta nahi dugun erabakiko dugu.


Zelako hezkuntza eredua nahi dugun dugu erabakitzeko. Enpresentzako eta sistema erreproduzitzeko esaneko piezak produzitzea barik, pertsonak heztea helburu izango duena. Nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun eta lehentasunez gizarte laguntzak nora bideratzea nahi dugun. Gure oniritzi gabe egindako murrizketen ondorioz berriro ere inor ikasi gabe edo osasungintzan artatu gabe geratuko ez dela bermatu nahi dugu.


Euskal Herriko eredu sozioekonomikoa zelakoa izango den dugu erabakitzeko. Gutxi batzuek aberasten jarraitu barik, aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredua. Merkatuen mesedetara egon beharrean, bizitza ona erdigunean jarriko duena. Pertsona orok lanpostu duin bat eskuratzeko aukera izango duen eredua. Lan mota desberdinei balio bera emango diena, batzuk gutxietsi eta gauzatzen dituztenak esklabotzara kondenatu gabe. Eta norberak bere bizi proiektua garatu ahal izateko, aterpe bat bermatuko digun eredua. Etxebizitza, merkatuko produktu izatetik, eskubide izatera pasako dena.


Ama-lurrarekiko harremana ere erabaki nahi dugu. Gure natur baliabideak aberasteko asmo barik kudeatuz, landa, abereak zein itsasoa era orekatuan ustiatuz.


Erabakitzeko eskubidea herritar orok bizitzako arlo guztietan izan beharko lukeen eskubidea da. Ez soilik erabakitzekoa, erabakitako hori gauzatzekoa ere bai. Eta guk, horretan lanean jarraituko dugu. Gure erabakia argia da, gu bagoaz, bagoaz independentziara. Independentzia baita egungo kate guztiekin hausteko, gure etorkizuna erabakitzeko, dugun alternatiba bakarra.
Eta lotura horiek guztiak haustea galarazten digun iruzur gehiagorik ez dugu onartuko. Egun, herri hau menpeko mantentzen duen autonomia, autogobernu edota bestelako trikimailurik ez dugu onartuko. Bagoaz independentziara. Espainiar Estatuak eta bere betiko kolaborazionistek euren miseria, ustelkeria eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, euren gaztelua amiltzen denean, hondarren artean harrapatu.


Baina erortzen direnean, eurak bakarrik egongo dira. Erabaki dugulako, eta gu haize bolada hauekin goazelako. Bagoaz independentziarantz!

Buscar