Hezkuntza ituna dela ez dela

Arrazoi bakarra dago egoera dagoen dagoenean mantendu nahi izateko: eroso dago EAJ (eta ez EAJ bakarrik) segregazioa bultzatzen duen sisteman.

22/11/2017

Heziberrik porrot egin du. Heziberrik porrot egin du, benetako partida jokatu behar zenean EAJren ezintasuna agerian geratu delako. Hezkuntza Legea aurrera ateratzeko ez Legebiltzarrean, ez hezkuntza eragileetan EAJk ez du nahikoa bidelagun aurkitu. Bide batez, Heziberriren bigarren fasea (Lomce-k inposatu duena) kontsentsurik gabeko «dekretazo» nabarmena izan zela nabari geratu da.

Orain, eta itxura guztien arabera, legera heltzeko bide alternatibo bat bilatu du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, bost lantalde osatu dira, hezkuntzari eragiten dioten bost gairen inguruan aritzeko, baina zuzen- zuzenean gure hezkuntza sistemaren anakronismo nabarmenean sartu gabe: eskola pribatu kopuru ikaragarria, horien finantzaketa iturriak (asko baitira) eta beronek sortutako desoreka sozialak. Gainontzeko gai guztiak garrantzitsuak dira, jakina, baina gure hezkuntza sistemaren korapiloa ez da askatuko aipatutako egoerari aurre egiten ez badiogu. Arrazoi bakarra dago egoera dagoen dagoenean mantendu nahi izateko: eroso dago EAJ (eta ez EAJ bakarrik) segregazioa bultzatzen duen sisteman. Hezkuntza sistema klasista da gure egungo agintarien eredua eta, tamalez, gero eta gehiago gure errealitatea. Nahi dutena dute, eroso daude.

Hortaz, hezkuntza sistema klasista seguru indartuko duen prozedura «parte hartzaile» berri honetara gobernuak aditutzat hartu dituen pertsonak gonbidatu ditu. Beraz, ez da hezkuntza eragileen arteko benetako ituna izango.

Anakronismoa diogu. Hezkuntza sistema eraberritzeko beharrezkoa baita sustrai «aurre-konstituzionalak» dituen hezkuntza sistemaren estruktura bera ere berrikustea. Ezin dugu aurrera egin duguna kolokan jarri gabe. Trantsizioaren  garaian eta 1980ko hamarkadan elizak frankismo garaian zituen estrukturak egonkortzeko baliabide legalak ezarri ziren. Ikastolek, aldiz, funtsezko lana egin zuten frankismoari aurre egiteko, baita hurrengo hamarkadan ere.  Erresistentzia garaiak ziren. Orain beste garai batzuetan gaude, eta eskola kristauak eta gainontzeko sare pribatua eskutik doaz, beren interesen defentsan, eta ez eskubide sozialetan oinarritutako burujabetza prozesu batean.

Beraz, beharrezkoa da anakronismo hauek gainditzea aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema ez segregatzaile berri bat eraikitzen hasteko. Prozesu horretan, euskal eskola publikoak ere bere bidea egin beharra du, noski: ekitatea, jatorrizko ezberdintasunen konpentsazioa, laikotasuna, hizkuntza aniztasuna, teknologia berriak, pedagogia feminista, ebaluazioa, hezkuntza komunitatearen parte hartzearen indartzea...

Goazen edukietara. Marra gorrietara. Steilasek baditu marra gorriak, eta inongo konplexurik gabe aldarrikatu, eta koherentziaz eta azken ondorioetaraino defendatuko ditugu: Ikasle guztientzako aukera berdintasuna, laikotasuna, euskara, hezkidetza eta hezkuntza burujabetza. Bitxia da, baina gobernu guztiek urratu dituzte neurri batean edo bestean legez babestutako oinarrizko printzipio hauek.

Bide honetan, sare pribatuko patronalak izango ditugu aurrez aurre, beraientzat ere marra gorriak direlako guk aipatutakoak, nahiz eta publikoki onartu ez.  Egoera honetan, galdera batzuk etortzen zaizkigu burura: zergatik behar dugu araubide eta antolaketa bera eskola publikorako eta pribaturako? Ez dugu arrazoirik ikusten izaera juridiko eta jendartean eragin ezberdina –sarri, antagonikoa– duten ikastetxeak modu berean arautzeko. Imajinatzen al dugu egoera hau osasungintzan? Kafkianoa litzateke. Zergatik gertatzen da hezkuntzan? Arrazoia LOEn, Lomce-n eta Heziberrin aurkituko dugu: publikoak zein pribatuak omen gara zerbitzu publikoak, maila berean. Zergatik adostu behar ditugu eskola publikorako jolas-arauak interes propioak herritar guztion ongizatearen gainetik jartzen dituztenekin? Eskola pribatu itunduak ez dira denonak eta ez dira denontzat.

Hezkuntza, teknokraziaz mozorrotu nahi den eremu hori, oso sakoneko guda ideologiko batean dago murgildua. Eredu publikoa vs eredu pribatua. Hezkuntza burujabetza vs neoliberalismoa. Komunitate osoaren erabakitzeko eskubidea bermatzen duten eskola demokratikoak vs eredu gerentzialak, gizarte kohesioa indartuko duten guztionak eta guztiontzako eskola anitzak vs proiektu esklusibo eta baztertzaileak. Bigarren aukerak indartzeko, eskola publikoaren identitatea diluitzeko eta «hezkuntza zerbitzuei» jauzia emateko estrategia besterik ez baldin bada hezkuntza-ituna, jai dute Steilasekin.

Azkenik, beharrezkoa da gogoratzea hezkuntza sistema berrirako akordiorik ez dela izango, sare publikoan pil-pilean dagoen gatazka konpondu ezean, murrizketa guztiak bertan behera geratzen ez diren bitartean. Agerikoa da gatazka honek artikuluak jorratutako guztiari heltzen diola.

Artículos
Víctor Moreno
15/12/2017
Paul Bilbao Sarria
15/12/2017
Imanol Karrera e Iñigo Orella
15/12/2017
Cartas
Eloi | Nafarroan irakasle interinoa
15/12/2017
Anartz Muxika Andres | Orereta Ikastolaren zuzendari orokorra
15/12/2017
Javier Orcajada del Castillo
15/12/2017
Enric Vivanco Fontquerni
15/12/2017