Ibon Artola
Euskal Herria Sozialista

Hezkuntza publiko eta euskalduna

Euskal Herrian jada ezagutzen dugu nora daraman lerro linguistikoetan zatitzen duen ereduak. Euskarak Euskal Herri barnean hizkuntza minorizatu gisa bazterturik egoten jarraitzen du.

PPren Gobernuak eta Wert Hezkuntza ministroak, hezkuntza sistemaren kontraerreforma frankista onartu nahi dute: LOMCE. Hori inposatzea lortzen badute, atzerapausorik handiena izango da hezkuntza publikoarentzat eta, beraz, langileentzat eta gizarteko sektore kaltetuenentzat. DBHko lehen urteetatik ikasleak etengabe banatzea ekarriko du, oztopoak jarriz, kualifikazio handiagoa duten kurtsoetara pasatzea eragoz- teko, goi mailako Lanbide Hezkuntzara, Batxilergora edo Unibertsitatera. Hiru errebalida ekarriko ditu: bata DBH 4n, bestea 2. batxilergoan eta ondoren unibertsitatera sartzeko. Ikasleen eta irakasleen eskubide demokratikoen murrizketa historiko bat izango da ikastetxe barnean. Jada planteatu da gure greba eskubidea kentzeko mehatxua eta Administrazioak hautaturiko zuzendari «diktadorearen» irudi berria inposatuko du.

Baina hau ez da guztia: erlijio katolikoaren ikasgaia itzuli nahi da, ebaluagarria izango delarik eta espediente akademikorako balioko duelarik. Begi bistakoa da PPk duen nostalgia. Eskola pulpitu gisa erabili nahi du horren bidez gazteria doktrinatzeko, eta eliza katolikoari diktaduran zehar hezkuntza barnean eduki zuen boterea itzultzeko. Honela beraz, kontraerreformarekin erraztu egiten dute baliabide publikoak enpresa pribatuekin edota eliza katolikoarekin egindako hezkuntza kontzertu berrietara desbideratzea, gure ikastetxe publikoak edota ikastola asko muturreko egoera batean dauden bitartean eta unibertsitateko tasak izugarri handitzen direnean.

Orain erasoaren jopuntuan jarri nahi dituzte frankismoak jada zapaldu, jipoitu eta erreprimitu zituen hizkuntzak, egoera larri batean utzi zituenak. LOMCEren helburu da euskara, galegoa eta katalana laugarren hizkuntza gisa jartzea lehen eta bigarren hezkuntzan. Lege berriak hizkuntzak hiru kategoriatan bereizten ditu: enborrekoak (gaztelera eta lehen atzerriko hizkuntza), espezifikoak (bigarren atzerriko hizkuntza) eta espezialitatea (euskara, galegoa, katalana). Lehenek ordutegiaren %50 hartu beharko dute gutxienez, bigarrenek %50a gehienez eta hirugarrenek ez dute denbora minimo bat zehazturik. PPren Gobernua izango da enborreko hauen edukiak eta gutxieneko ordutegia erabakiko dituena, baita espezifikoen gehienezko ordutegia ere.

Gurasoek euren seme-alabek zein hizkuntzetan ikasi nahi duten hautatzeko aukera edukiko dutela aterki bezala erabiliz, legeak derrigortu egingo du gaztelerazko plaza pribatu bat ordaindu diezaieten ez badago plazarik publikoan edo kontzertatu «zentzudun» batean, pribatizazioa are gehiago erraztuz. Hori ikasleen banaketa linguistikoa bultzatzea da, eta horren aurka gaude erabat. Neurri honek batez ere Kataluniari eragiten dio, murgiltze linguistikoko eredu bakarra baitu, eta, bitarteko gutxi eduki arren, arrakasta izan baita, historikoki jazarria izan den hizkuntza bat babesten duen heinean, katalana kasu; lerro linguistikoetan zatiketa eragozten du eta ongi frogatu da katalan guztiek ongi hitz egiten eta idazten dutela gazteleraz. Eredu hori frankismoaren aurkako borrokaren bidez eraiki ahal izan zen, milaka eta milaka langile emigranteren eta katalanen babesarekin, katalana hezkuntza publikoko hizkuntza gidari gisa defendatu baitzuten.

Euskal Herrian, aldiz (eta baita Galizian ere), jada ezagutzen dugu nora daraman lerro linguistikoetan zatitzen duen ereduak. Euskarak Euskal Herri barnean hizkuntza minorizatu gisa bazterturik egoten jarraitzen du, eskuin espainolistak esaten duena esan arren. Neurri berri honekin euskarak berriz atzera egiteko arriskua izan dezake. Aurrerakada horiek, ordea, mobilizazioari eta borrokari esker gertatu dira, nahiz eta laguntzak, finantziazioa eta PNV, EA, PSE-PSN eta UPNren gobernuen benetako laguntza falta izan diren. Horrenbestez, kalean borrokatuz eta mobilizatuz bakarrik lortuko dugu gure eskubide sozial eta demokratikoak mantentzea.

Oinarrizkoa da kontraerreforma hau gelditzea eta horretarako beharrezkoa da ikasleen eta langileen indarrak elkartzea. Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistatik babestu egiten dugu hezkuntza publikoa defendatuz Ikasle Sindikatuak Euskal Herrian eta Sindicato de Estudiantesek Estatu osoan zehar deitu duen borroka aste berria, LOMCE delakoa berehala atzera botatzea eta Wertek dimititzea eskatzen duena. Aste honen barnean 72 orduko ikasle greba orokorra sartzen da hurrengo hiru egunotan. Honekin batera, babesa eman nahi diogu LOMCEren aurka ELA, LAB eta STEE-EILASek martxoaren 2rako proposatu duten mobilizazioari. Dei egiten diegu sindikatuei eta ikasle erakundeei bi mobilizazio hauei babesa emateko. Asko dago jokoan eta ezin diegu utzi iraganean hainbeste sakrifiziorekin lortu ziren eskubideak kentzen.

Buscar