Bittor Hidalgo Eizagirre
Doktore Euskal Filologian

Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…

Populazio piramide etena dugu. 40 urtez goitiko belaunaldiak dira Hegoaldean askogatik ugarienak, eta erdaldunenak. Gazteenak, euskaldunenak, murritzak. Baina etorkizuna hauetan dago. Belaunaldi erdaldun(en)ak iragana dira. Iparraldean zoritxarrez alderantziz da oraindik.

Asteotan ari zaizkigu zatika ematen 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren (IS) eta Euskararen Kale Erabileraren VII. Neurketaren emaitzak. Uztailaren 20 eta 21ean aurkeztuko dira osoago Donostian Udako Ikastaroetan. 2012ko antzeko garaiak gogoratuz, zenbait ohar egin nahi ditut azterketotako datuak interpretatzen lagundu liezaguketenak.

Bada joera bat datuen irakurketa orokor eta ezkorretarako. Eta egia da Euskal Herri (EH) osoko datuak batera hartuta agertzen zaigun argazki orokorra ez dela oraindik guk nahi genukeen bezain euskalduna, eta ez duela benetan erakusten herritarrok eta euskaltzaleok azken 40 urteotan emaniko aurrerapausoen ahalegin miragarria. Horregatik komeni dira, orokorrak baino, zatikako irakurketak. Eta zehaztasunak edukitzea kontuan, nahi badugu azterketok lagungarri izatea EH euskaldunaren bila eta ez bakarrik negar eragile. Hala, datuak interpretatzeko kontuan eduki behar dugu:

1. EHn euskaldunok 5 errealitate administratibo desberdin ditugula –5 egoera–. EAEn eta Nafarroa Garaiko (NG) ipar «eremu euskalduna» ditugu aldekoenak. NGko eremu misto zabaldu berrian ere baditugu irabaziak (Iruñea, Lizarra, Tafalla, Zangoza…), nahiz administrazioa guztiz aurka jardun orain arte. NG Hegoaldeko «eremu ez euskaldunean» debekatuak egon gara. Iparraldean bezala. Gainera desberdinak dira Iparraldean kostaldea, barne aldea… EAEn ere erdialdea eta Araba hegoa, Bizkai mendebala… Ordea guztietan ari gara aurrerapausoak ematen. Eta hori argazki orokorrean ez da antzematen.

2. ISetan 16 urtez gorako herritarren datuak dira soilik, eta emaitza euskaldunenak gazteenetan ditugu (salbu Iparraldean). Gehiago hurbiltzen gaituzte iraganera, etorkizunera baino. Kontu! Hegoaldeko emaitzak nahiko hobeak dira ISetakoak baino.

3. Populazio piramide etena dugu. 40 urtez goitiko belaunaldiak dira Hegoaldean askogatik ugarienak, eta erdaldunenak. Gazteenak, euskaldunenak, murritzak. Baina etorkizuna hauetan dago. Belaunaldi erdaldun(en)ak iragana dira. Iparraldean zoritxarrez alderantziz da oraindik.

4. «Espainiaz kanpoko jatorriko» 3. uholdeko etorkin berrien eragina hartu behar da kontutan Hegoaldeko datu soziolinguistikoetan, eta erretiratu eta turismoaren inguruko etorkinena Iparraldean. 2016ko Hegoaldeko datu batzuk:

• EAEn %6,37 herritar dira naziotasun espainol gabeak. NGn %8,56.
• Espainiaz kanpo jaiotako herritarrak EAEn %8,66. NGn %13,37.
• Espainiaz kanpo jaioak gehi «Espainian» jaio naziotasun espainol gabeak EAEn %9,32. NGn %14,29.
• Gehi «Espainian» jaio eta gerora nazionalizatuak, edo jaiotzatik «espainol» direnak Espainiaz kanpo jaioen seme-alaba, «bigarren belaunaldiko etorkin», EAEn %12 inguru (EIN oinarri: ~%11,50; Eustat: %11,60; EA(B)I: %12,15 2014 amaieran). NGn ~%17,75.
Ze eragin dute datuok gure errealitate/datu soziolinguistikoan? Hegoaldean frankismo ondoretik bada «bertakoago edo» populazioan nolabaiteko kontsentsua euskaldunon/euskalduntzearen alde (Euskara Legeak…). 3. uholdeko populazio etorkina hortik kanpo da. Eta gainera bereziki gaztea da (Espainiako EINren 2014 arteko datuak oinarri):
• 35-49 urte arteko populazioan EAEn ~%15. NGn ~%25.
• 16-24 artean EAEn ~%19. NGn ~%30.
• 25-34 artean EAEn ~%22. NGn ~%32.
Eta gazteagoetan zer datorkigun:
• 10-14 urte artean EAEn ~%20. NGn. ~%30.
• 5-9: EAEn ~%25. NGn ~%35.
• 0-4 urte: EAEn ~%25. NGn ~%35 (2014ko urte 0 eta 2ko haurrak).
• 2-18 urte artean EAEn ~%23 NGn. ~%34.
• 2015ean 15 urteko gazte –Iseiren Pisako emaitza «kaskarretakoen»– artean EAEn: ~%19 (inori ez diot ezer entzun baldintzape honen inguru).

Ez dakit 2017ko aurkezpen berriek etorkin berrion errealitateei helduko dieten, baina ezinbestekoa da. Hauek kontuan hartu gabe, askoz emaitza kaskarragoak itxuratuko ditugu. Ez da, ez diogula 3. uholdeko etorkinon errealitateari heldu behar. Da konturatzea etorkinok errealitate berezia direla eta berezirik tratatu behar ditugula.

5. Azkenik Kale Erabileraz ere esan, batetik, oso aleatorioa dirudiela nor norekin ibili litekeen egun jakin batean gure zeinahi herritako «kalean», gero emaitzak konparagarri izateko. Bestetik, nor ohi dabil gaur egun kalean? Niri bat-batean 3 multzo bururatzen zaizkit: 1. Herritar helduak, erretiratuak, etxekoandreak…, populazio geruza erdaldun(du)enak (are herri euskaldunenetan ere Hegoaldean). 2. Haurrak, egun/orduen arabera –emaitza onenak eman ohi dituztenak–. 3. Aipatu 3. etorkin uholdeko herritarrak, oro har erdaldunak. Hala, ez dakit hain adierazgarriak zaizkigun halako kale neurketen emaitzak. Agian unibertsitateetan egingo bagenitu..., gazteen kirol/parranda giroetan...

2016ko datuei ere aipatu ditugunen antzeko betaurrekoak jantzita begiratzen badiegu, seguru asko ez da horren zaila izango ondorioztatzea, itxurak itxura, benetan irabazten ari garela. Nahiz horrek ez duen esan gura, ez irabazi dugunik, ez irabazita daukagunik. Komunitate gutxitua izaten jarraitzen dugu Euskal Herri osoan, eta ez dugu irtenbide errazik Euskal Herriko erdaldunen komunitateak onartzen duen arte euskara ikasi beharra duela. Eta are orduan. XX. mendean mirari bakarra ezagutu da, Israelen hebreerarekin. Eta ahal izanez gero ere ez dakit prezio hori ordaintzeko prest geundekeen, ez sufrituan, ez sufriarazitakoan. Baina jabetu behar dugu azken 40 urtean EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu euskaldunean lortu duguna, eta besteetan lortzen ari garena, dela munduan miraritik hurbilen ezagutzen den bigarren errealitatea.

Buscar