Larraitz Ugarte
Abokatua

Paristik: eta, orain, presoak

Irekitako bidean eta euskal jendartearen gaitasunean sinisten dut. Parisen bizi izan dudan emozio,
hunkidura eta indarrean. Sinisten dut, finean, laster ekarriko ditugula presoak etxera, frustrazioak pasatu beharko baditugu ere. Batzuetan lozorroan gaudela iruditu arren, aukera dugun bakoitzean «desdespolitizatzen» baikara Euskal Herrian!

Parisek badu zera berezi hori. Gustuko dut hona etortzea, nire herri txikitik irten eta mundu oso bat metroko bagoian topatzea. Milioika turista jasotzen dituen hiri honetan, bertako jendea han-hemen korrika edo kafe bat hartzen guri ezaxola nola bizi den ikustea. Usainak, zaratak, denak erakargarri. Oraingo bidaia honek, gainera, duela 23 urte Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta egin nuen hark bezala, badu motibazio berezi bat, eta tarteka gu bezala etorri direla erraz imajina dezakezun euskaldunen bat ere ikus daiteke, tribu edo komunitate bateko partaide izatearen sentimenduak ematen duen poztasunarekin.

Hiri handi guztietan bezala gogorra egiten da Louis Vuitton markako 3.000 euroko poltsak erosten ari direnen parean emakume batek haurra eskuan koltxoi batekin lo egin behar duela ikustea. Argiaren hiriarentzat zenbat ilun. Karitate pribaturako gonbita bere herritarrak babesten ez dituen Estatuaren partetik. Ordaintzen dituzun zergekin nahi duguna egingo dugunez eta herritar guztiek bizitzeko ezinbestekoak izatea lehentasun ez denez, zure kontzientziaren esku uzten dut emakume eta haur horren gaurko biziraupena. Ongizate estatua aspaldi desmantelatu zen inoiz egon bazen. Horretarako behar dugu Estatu bat, Frantziak eta Espainiak ez bezala, bere jendea kalean hiltzen uzten ez duen Estatu bat.

Kaleetan gora eta behera, gurera joan zait gogoa, eta Lehendakaritzak ateratako Soziometroaren aste honetako datuek harridurarik ez baina ez dizuet ukatuko frustrazioa eragin ez didatenik. Datu guztiek badute matriz amankomun bat: masa hedabide publiko eta pribatuek proiektatutako errealitatearen araberako balore, pertzepzio eta iritziak ditu jendarteak, ez daude datu errealetan oinarrituta. Ezkerreko indarren penetrazioa txikia eta batzuetan ia karikatureskoa izateak denbora luzean eragiten duen anestesia eta despolitizazio prozesuaren isla da azken emaitza. Hori eta indar eraldatzaileon diskurtso sendo, sinesgarri eta denboran iraunkorraren falta. Batean ez etsitzeak eta bestean tematzeak epe erdira emaitzak emango ditu, seguru. Bigarrena hedatzeko, gainera, badirudi gure sare sozialen espaziotxoetan akomodatu dugula gure presentzia eta mezua, jakinik horrek duen zabalkundea mugatua izan ohi dela gehienetan eta beste bietan anbizio gutxiagorekin jokatzera jotzen dugula: medio ofizialetan eta kalean. Hor tematzea komeni.

Euskal oasiaren pertzepzioa da aipatzen ari naizenaren adibide garbi. Denok duela urte batzuk baino okerrago bizi, inguruan jendea larri ikusi, datu ekonomikoak eskuan izan, eta, halere, inkestatutakoen %67k lan merkatuaren inguruko arazoengatik kezka agertzen badute ere, %64k hemengo egoera ona edo oso ona dela baloratzen dute. Arrazoia sinplea da: Espainiarekin egiten da alderaketa. Dudarik ez Soziometro honek Urkullu jaunaren errelato eta politiken babesa bilatzen duela, baina inkesta berak erakusten du haren errelatoaren arrakasta hedabide handien eta lobby garrantzitsu askoren bultzadarekin lagunduta datorrela.

Euskal jendartea despolitizatuta, edo politikaz nekatuta-nazkatuta dagoela ere konfirmatu da. Postgatazka faseek izan dezakete horrelako frustraziorako joera. Halere, banago herri honetan badela nahikoa masa kritiko eta politizatu ilusioa piztuko duen botoia sakatuz gero herri honek etorkizun oparoa izateko. Prozesu katalanari dagokionez, egon den gaindosi informatiboak apasionatuena ere nazkatzea normala iruditzen zait. Azken hori ere bilatutako efektua dela esango nuke, sinpatiatik nazkara pasatzeko ez baitago pelmada ematea baino hoberik. Ezin dugu ahaztu Kataluniako procés-a haren etsaien begi eta ahoetatik jarraitu dugula Euskal Herrian, eta oraindik ziurgabetasuna handia dela. Izan eree, lerro artean erraz irakur daiteke horrek aurrera egiten badu hemen jendarteak baduela garbi non posizionatuko den.

Nik ondorio nagusi bat ateratzen dut (Soziometrotik eta oro har Mendebaldeko herrietan ikusten denagatik, ez da kontu edo asmakizun berria, bestalde): ez dago gizarte bat anestesiatzeko beldurrarekin eta frustrazioarekin jokatzea baino gauza hoberik. Horiek izan dira beti Gobernu edo Estatu baten arma nagusiak. Ez ezazu ezer egin, alferrik da, ez duzu ezer aldatuko. Konforma zaitez, ez izan konformagaitza, bide horrek sufrimendua eta frustrazioa baino ez dizkizu ekarriko.

Zentzu horretan iruditzen zait Soziometroak ez duela islatzen gure herria benetan den bezala, Urkulluk nahiko lukeen bezala baizik. Izan ere, Urkulluren Soziometroak, Espainiarekin alderaketa egitea hainbeste maite duen horrek, ez du esplikatu herri honetan, Espainian ez bezala, izan direla eta badirela milaka herritar beldurraren eta frustrazioaren gainetik erosotasun eta konfort zonatik ihes egin eta sakrifizio handiarekin jendarte hobe eta kohesionatuago bat izango duen herri aske baten aldeko hautua egin dutenak. Non eta Europan, goserik pasa gabe, kasu askotan bizimodu egonkortu eta eroso bat izanik. Eta bagarela milaka herritar horiek etxera ekartzeko autobusak, trenak eta hegazkinak hartu eta Pariseraino etorri garenak. Eta badirela ehunka batzuk, herri hau bake agertoki batera eramateko espetxe politika aldatzeko lanean dihardutenak, lehen desarmerako jardun zuten bezala. Eta pixkanaka arrakalak irekitzen doaz itxiak ziruditen eremuetan….

Pariskoa frustrazioaren gainetik jardutearen erakusle handia da. Gogoan dut duela urte dezente Arnaldo Otegik esandako esaldi bat, oso barruan geratu zitzaidana eta orain konfirmatzen ari dena: «Guk ez ditugu inoiz gure presoak botata utziko». Hala izan da eta hala izaten ari da. Pertseberantziaz asko dakigu euskaldunok: tematiak gara, agian ez azkarrenak, ez estrategenak, ez zortedunenak, baina bai tematiak. Frustrazio handiarekin, nola ez. Lazkaon, Belen Gonzalez presoaren azken agurrean hizlari batek zioen guk nahi baino mantsoago baina aurrera gindoazela.  Frantziar Estatuko espetxetarako bira, arduradun politiko ezberdinekin bilkurak. EPPK-ko mintzakidetza eta kargu instituzionalen arteko elkarrizketa ofizial eta publikoak, Christiane Taubira edo Helene Franco bezalakoen babesa. Zer esanik ez Parisko Udalak aho batez hartutako erabakia. Zerbait mugitzen ari da, bide bat ireki da eta bide horrek epe ez luze batean emaitzak ekarriko ditu.

Bide horri heldu behar zaio. Ez da iragana autoafirmatuz lagunarteko pankartadun kale-buelta bat egin eta zerbeza bat hartzeko eguna (noiz eta egun berean!), etorkizunari  eta efikaziari begiratuz indarrak batzekoa baizik.

Hemen, Parisen, Frantziar Estatuari mezu argi bat igortzeko bildu garen milaka euskal herritarrak, anitzak eta ibilbide ezberdinetakoak izanik ere, euskal preso politikoei salbuespenezko legeria aplikatzeari uzteko helburu amankomunaz bildu gara, guztiak kaleratzeko lehen pausu bezala. Irekitako bidean eta jendarte horren guztiaren gaitasunean itsu-itsuan sinisten dut. Hemen bizi izan dudan emozio, hunkidura eta indarrean sinisten dut. Espainiar Estatuak frantziarrak baino defizit demokratiko historiko larriagoak dituela nabaria den arren, sinisten dut hor ere sortuko ditugula arrakalak. Europa honetatik ezer gutxi esperota ere, horko bide juridikoetatik etor daitezke aukera berriak. Sinisten dut, finean, laster ekarriko ditugula presoak etxera, frustrazioak pasatu beharko baditugu ere. Batzuetan lozorroan gaudela iruditu arren, aukera dugun bakoitzean “desdespolitizatzen” baikara Euskal Herrian!

Buscar