Jon Argintxona, Maitane Azurmendi, Oihana Cabello (*)
Gernika Batzordea

Picassoren «Gernika» Gernikara, askatasuna Euskal Herrira

Baina Picassoren «Gernika» unibertsala da, hain zuzen ere, Gernikan sustraitua dagoelako eta mundu guztiko sarraskien eta gerra krimenen salaketa indartsua delako, zehaztasun horrek ematen diolako indar unibertsala.

Picassoren “Gernika” izan daiteke gaur egun mundu mailako koadrorik ezagunenetakoa, eta agian gehien errepikatzen dena etxe, bulego eta kaleetan; manifestazio ugariren pankartetan ere ikusten dugu maiz. Arte bikaina eta erreibindikazio aurrerazaleak ordezkatzen ditu, eta balio sinboliko handia bereganatu du, zalantzarik gabe. Gaur bertan zabaltzen da Bilbon erakusketa, Madriletik ekarria, «Picasso, todos los viajes del ‘Guernica’» izenekoa.

Gernikatik bertatik interpelazio zuzena egin behar dugu: Picassoren “Gernika” ondo dago Madrileko Reina Sofia museoan? Interpelazio hori egitera gatoz Gernikatik Bilboko Uribitarte-Abandoibarrera, inaugurazioan atarian jarri eta gure egia hau agertzera.
  
Uste dugu ez dagoela batere ondo han. Uste dugu “Gernika” Gernikara ekarri behar dela lehenbailehen. Hemen azalduko ditugu horren aldeko arrazoi eta motibo guztiak.

Picassoren koadroak 80 urte bete ditu aurten, Gernikako bonbardaketatik joan diren urte berberak. Bonbardaketa anker hura izan zen, hain zuzen ere, Picassok koadroa egiteko  motiboa. Egia da Picassoren koadroak 80 urte horietan bidaia ugari egin dituela: Parisen sortu zenetik 1937 hartako maiatza-ekaina bitartean, gerora Europan eta Amerikan zehar 11 herrialde bisitatu izan ditu eta 41 erakusketa desberdinetan izan da mihise handi zabala. Lehen irteera Londresera egin zuen 1838an, eta 1939ko maiatzaren lehenean New Yorkeko portura heldu zen, hurrengo urteetan Estatu Batuetako hiri nagusietan erakusketak eskainiz: Los Angeles, Chicago, Boston, San Frantzisko, New Orleans... 1953an Milaneraino eraman zuten; urte berean Brasileko Sao Paulora; 1955ean Parisera eta Alemanian zehar. Bidaia horien guztien ondoren, berriro ere New Yorkeko MOMAn utzi zuten, harik eta 1973. urtean Picasso hil eta Estatu espainiarra koadroa bereganatzeko maniobretan hasi arte.

1981. urtean Madrilera eraman zuten, Prado Museo ondoko Cason del Buen Retiro izeneko gunera lehenik, orain daukaten Reina Sofia museora ondoren. Bidaia luzea benetan, “Gernika” koadroarena. Baina Madrileko Reina Sofia museo hori izan behar da azken portua?  Eta zergatik ez Gernika bera, portu naturala?  Bada, orain esaten digute «arrazoi teknikoak» daudela, koadroa ezin dela mugitu gehiago. Argudio absurdoa berau, gaur egun baldintza teknikorik egokienak daudenean Madriletik Gernikaraino bidaia egiteko. Azken bidaia hori modu ondo babestuan egin dezake Picassoren “Gernika”-k, bere leku egokia, munduan duen egokiena, Gernikan bertan aurkitzeko.
  
Obraren dimentsioa unibertsala da gaur egun, bai, baina unibertsaltasun hori dimentsio oso lokal eta konkretutik hasi zen, gertaera zehatz batetik: 1937, apirilak 26, merkatu eguna Gernikan. Arratsaldeko 4.20an, ustekabean, hegazkin batzuek zeru gainean, bonbak jaurtitzen dituzte herri gainera. Hortik aurrera, arratsaldeko 7.40ak arte, etengabeko bonbardaketa burutzen dute, 27 hegazkin bonba apurtzaile eta su-eragileak erabiliz, 46 tona bonba, eta horrez gain 32 hegazkin ehiztari, ihesean zihoan jende guztia metrailatuz. Hegazkinak uholdeka zetozen Gernika gainera Burgosen, Sorian, Gasteizen eta Lasarten frankisten menpe zeuden aireportuetatik. Kondor Legio alemanekoak, Aviazione Legionaria faxista italiarrenak, eta frankisten hegazkin batzuk. Txikizio itzela burutu zuten Gernikan: 2.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, defentsarik gabeko herritar xeheak guztiak, eta haien etxeak hondatu, Gernikako eraikin guztien ehuneko 85 guztiz txikitu eta erre.

Franco jeneral matxinatuak agindu zuen Gernikako bonbardaketa kriminal hura; berak eta Mola jeneralak hautatu zuten Gernika, hiri hau euskaldunontzako askatasun eta iraupen sinbolo nagusia delako; nazi alemanek eta faxista italiarrek jarri zituzten hegazkinak eta bonbak ekintza kriminal horren zerbitzura. Baina gau berean, Francok eta haren jarraitzaile guztiek ukatu egin zuten munduaren aurrean bonbardaketa egon zenik, eta gudari euskaldunei eta komunistei leporatu zieten Gernika erre izana. Gaur egun «egia alternatiboa» deitzen den manipulazio politiko eta mediatiko erraldoia, beraz, Gernikako bonbardaketarekin hasi zen,  Xabier Irujo historialari bikainak bere azken obran, “La verdad alternativa” liburu argitaratu berrian, zehazten duen moduan.

Egiaren alde, Gernikako bonbardaketaren kronika zehatza idatzi zuen “The Times” egunkari britainiarrean George Steer gerra-kazetariak, eta bertsio kontrajarri horien erdian, Picassok Parisen jakin  zuen Gernikako sarraskiaren berri, “L´Humanité” egunkari komunistak George Steerren kronika txertatu zuenean. Sutan jarri zen Picasso, beste asko legez, eta orduan erabaki zuen Espainiako Gobernu errepublikanoak enkargatu zion Nazioarteko Erakusketarako koadro handia Gernikan gertatuaren inguruan egingo zuela. Maiatzaren Leheneko manifestazioa bera Gernikako bonbardaketaren salaketari eskaini zioten, eta bertan parte hartu zuen Pablo Picassok arratsalde horretan bertan marraztu zuen “Gernika” koadroaren lehen zirriborroa. Hori guztia dokumentatua dago, eta pintaketa prozesuaren argazkiak ere badira, pintorearen lagun hurbila eta kolaboratzailea zen Dora Maar artista ezagunak bertan egindakoak. Etengabe egin zuen lan Picassok “Gernika” koadroan, eta ekainaren 7rako amaitua zuen. Nazioarteko Erakusketaren pabiloiaren horman uztailaren 11n kokatu zuten koadro handia, erakusketa irekitzearen bezperan. Horrekin batera, Paul Eluard poeta handiaren “La victoire de Guernica” (Gernikaren garaitza) poema ezaguna. Ez dago, beraz, inolako zalantzarik: Picassoren “Gernika” koadroaren motibazioan eta genesian Gernikako bonbardaketa dago. Gaur egun, ordea, koadroaren oraingo kokapena justifikatu nahi dutenek ezkutatu egin nahi dute egia, eta esanahi unibertsal abstraktua eman nahi diote. Baina Picassoren “Gernika” unibertsala da, hain zuzen ere, Gernikan sustraitua dagoelako eta mundu guztiko sarraskien eta gerra krimenen salaketa indartsua delako, zehaztasun horrek ematen diolako indar unibertsala. Gernikan sustraitzen da “Gernika”.

Picassoren “Gernika” koadroa lekuz kanpo dago Madrileko Reina Sofian. Kontuan izan Estatu espainiarrak ez duela gaur arte bonbardaketan daukan erantzukizuna onartu; Alemaniako Estatuak egin du aitortza, baina Espainiak ez; indarrean dagoen Estatu-bertsio ofiziala, gaur egun ere, frankistena da, euskaldunok erre genuela Gernika esaten duena. Kontuan izan Gernikako bonbardaketa Estatu espainiar frankista inposatuaren ekintza fundazionala izan zela, eta Estatu hura, funtsean, mantendu egin zela 78ko trantsizioa deitu prozesuan. Trantsizioaren Estatu espainiarrak aurreko Estatu frankistaren zutabe nagusiak bereganatu zituen, artean Espainiaren batasun ukiezina eta nazio espainiarraren derrigortasun inposatua. Horregatik ari da Estatua lehertzen Katalunian gaur egun. Horregatik ezin dio Gernikako bonbardaketari eta Euskal Herriaren suntsipen prozesuari aurrez aurre begiratu eta Estatu horren fundazio-ekintza bezala aitortu. Gernikak subertsiboa izaten jarraitzen du Estatu espainiarrean, Euskal Herriak ukatua izaten jarraitzen duen moduan. Picassoren koadroa 1981. urtean Madrilera eraman bazuten, trantsizioaren Estatu horri berez ez duen legitimazio irudia ematen saiatzeko egin zuten hori, besterik gabe.

Horregatik da zentzuaren aurkakoa Picassoren “Gernika” Estatu horren hiriburuan, Madrilen egotea, eta are Reina Sofia museoan bahitua bezala gordetzea.

Horregatik behar ditugu Picassoren “Gernika” Gernikan eta askatasuna Euskal Herrian. Zuzenbide eta arrazoi unibertsalaren izenean.

(*) Artikulu hau Javier Etayo “Tasio”, Sabin Ibazeta, Juatxu Izagirre, Karmelo Landa, Ibon Meñika, Xabier Onaindia, Camino Saiz eta Alberto Gabikak ere sinatu dute.

Buscar