Urt Zubiaurre

Asmatzea zer den

Heziberri planaren eraginez, badirudi gero eta gehiago zedarritzera doazela Bigarren Hezkuntzako gazteen aukerak. Politika horrek atzean badauka eredu murrizgarri bat, esaten duena merkatuak eta «bizitza errealak» beren neurrira egindako gazteak behar dituztela, hau da, modu jakin batean «aplikagarriak» direnak. Maiz, eredu horrek gurasotasun bitxiaren tankera hartzen du hezkuntza politikaren baitan. Alegia, hobe da gazteei ikasgai hainbat eta hertsiagoak eskaintzea, bidea ahalik eta gehien markatzea. Ez daitezela arrasto onetik atera, asma dezatela derrigor zeintzuk diren etorkizunean balioko dieten konpetentziak. Horretarako, ikasgai zabalenak bazterreratzea da egin diezaiekegun mesederik handiena. Hortik ikasgai profetikoak agertu izana –ekintzaile eta enpresa jardueren hastapenak–. Hortik ere, besteak beste, Filosofiaren historia hautazko bihurtzeko erabakia.

Baina, zer da asmatzea? Asmatzea ez al da «mundu erreal» honetan ikusmira zabalagoa izatea? Asmatzea ez al da pentsamolde kritikoa bidelagun izatea? Baietz esango nuke.

Alde batetik, norberari lanaz haratago pentsatzen uzten diotelako. Gazteak behar du jakin, etorkizuneko aplikagarritasunaz aparte, badirela mundua ulertzeko modu desberdinak, eta modu horiek komunitatea, lana, bizitza eta bere jarduna interpretatzeko beste aukera batzuk ematen diotela.
    
Beste alde batetik, goazen egoera errealaz hitz egitera. Zeren eta gazteen egoera ez baita Heziberri planaren oinarrian dagoen kolorekoa. Ez da pagotsa. Inondik inora ere. Langabezia eta prekaritatea gertu-gertutik biziko dituzte gazte gehienek. Eta egoera horietan nahitaezkoa da nor bere buruaren eta ahalen ikusmira hedatzen jakitea, baita egoera sozialari buruzko susmo kritikoa ere. Langile eta aplikagarri izateak soilik ematen badie munduaren parte izateko parada, jai daukate gaurko eta biharko gazteek.
    
Horretarako, eta asmatzea ala ez asmatzea bizitza osoan jorratu beharreko irakatsiak direlako, ez diezaiegula potentzial hori mugatu. Badira, unean uneko joeretaz gain, izaera transbertsala duten ikasgaiak. Filosofiaren historia da horietako bat. Hori, bederen, ez badira beste eratako konpetentziak lehenetsi nahi, demagun, otzantasuna, edonoren esanetera moldatzeko malgutasuna edo kritikarik eza.

Buscar