Josu Nabaskues Arizkorreta | Iruñea

Baskoak datoz berriz!

Aztoratuta dabiltza errejimen zaharreko alderdiak (UPN, PP, PSN…) Nafarroako aldaketaren Gobernuak sinboloen lege zital eta baztertzailea ezabatu nahi duelako. Suminduta, ekainaren 3an Nafarroako banderaren aldeko mobilizazioa antolatu dute, «baskoak datozela»-ren mehatxuaren milagarren oihuaren gibelean.

Ongi baino hobeto dakite nabarristek sinboloen legearen aldaketak ez duela inondik inora baztertzen Nafarroako bandera, ezta Espainiakoa ere. Ikurrinaren aurkako jazarpena bertzerik ez du ezabatzen. Eta ikurrinaren presentzia da, hain zuzen ere, nabarristak sumintzen dituena, ez bertzerik.

Nafarroako bandera aldarrikatzerakoan errejimen zaharreko alderdiak modu zitalean ari dira berenganatzen nafarron sinboloetako bat. Eta hemen, jakina, inork ez du zalantzan jarri sinbolo hori. Aferaren mamia bertze bat da: gure identitate nazionala; nabarristena, espainiarra, eta gurea euskalduna. Denok konpartitzen baitugu aberri txiki bera, baina ez nazioa: haiena, Espainia, gurea Euskal Herria. Horrenbestez, Nafarroako banderaz gain, haiek espainola darabilte, eta guk ikurrina.

Ez ditzatela bazterrak nahastu, beraz. Sinboloen lege berriak ez du deus debekatzen, nafar guztion sentimendu nazionalak kontuan hartzen baititu. Ekainaren 3an kalera aterako diren horiek, susmoa dut, ez dute izanen tolerantzia bera gurekiko eta gure sinboloekiko…

Buscar