Juan Luis Mugertza Unanue

Emakumearen mundua

Gizadiaren erdia baino gehiago emakumez dago osaturik, eta beste erdia, gizonez eratutakoa, emakume baten gorputzaren bidez etorri ohi da mundura. Oraindik ez dute asmatu inolako makinarik hiru mila milioi emakumek burutzen duten lan eskerga egiteko. Hori dela eta, antzinako kultur askotan ugalkortasunarena mitifikatua izan zen. Izan ere, emakumezkoak dira bizia emateko kapaz diren bakarrak. Hala ere, gizonezkoak jabetu zirenean ugalmen prozesuan parte hartzen zutela, orduan erabaki zuten emakumearen gorputza kontrolatzea, seme-alaben jabetza ziurtatzea, eta, sarritan, emakumearen gorputza erabiltzea beraien nagusitasuna erakusteko. Gurean, ama izateak osasun arazoak baldin badakartza ere, herrialde txiroetan, maiz, heriotza dakar. Leku askotan emakumeen bizi itxaropenak ez du berrogeita bost urteen muga gainditzen. Nutrizio arazo handiak dituzte, eta umea izan eta, ordu gutxira, beraien komunitatera bueltatuko dira, plazenta eramango dute, eta etxe inguruko bazterren batean gordeko dute. Horrelako lekuetan, jaioberrien hilkortasun tasa leku aurreratuetan baino ehuneko berrogeita hamar handiagoa da, baina inori ez dio axola; ondo bizi gara horretaz jabetzeko. Gainera, oraindik, kultura askotan jaiotako haurra emakumea baldin bada, baztertu eta, behin baino gehiagotan, hil egiten dute. Bestetik, beraiek dira etxeko eta kanpoko lanak egiten dituztenak, eskolara joateko aukera galtzen dutenak, beraien lurraldetan programa ofizialetatik at gelditzen direnak, eta ezer gutxi irabazten dutenak. Horiek dira Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaz ezer gutxi dakitenak. Horiek dira emakumearen mundua.

Buscar