Koldo Alduntzin I Donostia

ETB1entzat ez da esanguratsua 17.000 ikusle biltzea

Agian ez du jakingo ETB1eko kirol zuzendaritzak Baiona (Lapurdi) ere Euskal Herria dela. Izan ere, beste behin, muzin egin dio ETB1eko kirol sailak Top 14 Liga Txapelketaren hasierako informazioa emateari, bertan Baionako Aviron (Lapurdi) errugbi taldeak esku hartzen badu ere. Nik dakidala, ez zuen Baiona-Toulon partidako berri zipitzik ere eman ez partida jokatu aurretik ez partidaren ondorenean ere; abuztuaren 15ean jokatu zuen liga hastapeneko lehen partida hori. Eta norgehiagokak ikusmin izugarria sortu zuen Ipar Euskal Herriko kirolzaleen arloan ez ezik, baita gainerako arloetan ere.
Baionako Aviron taldeak 15.000 ikusletik gora biltzen ditu etxean jokatzen duen bakoitzean, batez beste; ez da kopuru makala, alajaina! Gainera, Toulon egungo Europako eta Top 14ko txapelduna da. Bada, antza, ETB1eko berri emankizunetako kirol sailekoentzat hutsaren hurrengoaren hurrengoa da, eta gainerako kirol saioetakoentzat ere... Auskalo! Are okerrago, sasoi osoko kontua izango delakoan nago.
Hori bai, teniseko albisteak eman zizkiguten joan zen larunbateko Gaur Egunean, eta ez dut deus tenisaren aurka.
ETB1 aipatu dut, ETB2koek ez baitute aintzat hartu ere egiten Ipar Euskal Herrian ere badela kirol garrantzitsurik, eta lurralde hori ere Euskal Herria dela. Lotsagarria!

Buscar