Marije Zubizarreta Elizburu

Ferrovial-Cespa, gure bailara monopolizatzen

Landu izan da urteetan, Eskoriatzako berdeguneak zaindu dituen enpresa lokal txikia.Tamalez, urtarrileko plenoan, Eskoriatzako berdeguneak mantentze zerbitzua Ferrovial-Cespari esleitzea erabaki zen. Ondorioz gure lanpostuak galtzeko bidean gaude. «Berebizikoa da tokiko merkataritza bultzatzea» irakurri genuen Goienan abenduan, udal gobernuko zinegotzi baten hitzetan, beraz ezin dugu ulertu udal gobernu ezkertiar batek herriko enpresa txiki bat albora utzi eta Ferrovial, gure bailaratik guztiz kanpo errotuta dagoen enpresa erraldoiari, esleitzea lana. Honek ateratzen dituen etekinak herritik kanpora doaz, beraien Espainia mailako monopolioa handitu besterik ez da egiten, merkatu guztia bereganatuz.

Garapen lokala sustatzea omen du helburu Eskoriatzako udalak. Hitzak hitz, hitzak ekintzekin demostratu behar dira. Landu udalaren laguntzaz sortutako enpresak bere etorkizuna zalantzan ikusten du. Plenoan alkateak esan zuen «aitortzen dugu Landu, bere lana oso ondo bete duen Eskoriatzako enpresa dela. Inoiz ez dugu izan inongo kexarik. Pliegotan eskatutakoa baino gehiago egin dute askotan…». Hau entzunda, nola ulertu hartu berri duten erabakia?

Orain, enpresa sortu, bertan inbertitu eta 3 pertsonentzat lana sortu dituztenak dena galtzeko arriskuan daude. Sarri entzuten dugu krisi egoeratik irteteko enpresen sortzaileak bultzatu behar direla, baina udal hau ez da hori egiten ari. Gobernuko Udalaren printzipio eta politikak jarraituz tokiko enpresaren bati esleitu beharko zitzaion lan hau. Udal gobernu batek hobesten badu garapen lokala bultzatzea, horren aldeko neurriak hartu beharko ditu.

Langileen babeserako klausula sozialak sartu dituzue pliegotan, zertarako klausula sozialak lan bat 0 €tan egingo dela onartzen bada? Izugarrizko kontraesana da hau: non daude langileen lan baldintzak 0€tan egingo den lan batean? Baina udalak hori onartu du, Ferrovialek 0 €ren truke egin behar omen du konpostguneen kudeaketa lanak. Gure lana ondo egina badago, nola Ferrovial gu baino hobeto baloratu? Gu, gure bezero garrantzitsuena, Eskoriatza, ondo zaintzeaz arduratu gara urte hauetan.

Benetan uste duzue Ferrovialek Eskoriatzarekiko eta orain arte gurekin lana egin duten langileenganako begirune berdina izango duela? Ferrovialeko ordezkariaren esanetan: «Ederto etortzen zaigu kontratu hau, pakete dena guretzat» (kale garbiketa eta jardineritza). Zer da Eskoriatza orduan Ferrovialentzako? Saiatu gara udalari gure ikuspuntua helarazten, ulertzen dute, baina eskuak lotuta dituztela diote. Beraien esku egon da erabakia, eskuak lotuta badituzte ondo kudeatzen jakin ez duten egoera baten arduradun direlako besterik ez da. Hitzak eta programa politikoak haizeak eramaten ditu, ekintzak eta erabakiak ez.

Buscar