Felipe Uriarte eta Xabier Igartua | Erain Debagoiena Oñatiko kideak

Galdeketaren zilegitasuna: sinadurak eta parte-hartzea

Erain Debagoienan antolatzen ari garen galdeketak zilegitasuna du eta bi zutabe hartzen ditu kontuan: sinadurak eta galdeketaren parte-hartzea.

Gure sinadura eskaintzerakoan, itun bikoitza ari gara izenpetzen.

Alde batetik, norberaren buruarekin. Itun horren bitartez esaten ari gara, eskubide demokratiko batekin ados gaudela, eta, nola ez gara, bada, ados izango eskubide demokratiko batekin? Eskubide demokratiko hori erabakitzeko eskubidea da, eta eskubide horren arabera onartzen dugu, gure euskal komunitateak eskubidea duela bere etorkizunerako estatus politikoa erabakitzeko.

Beste alde batetik, gure komunitatearekin, non adierazten dugun, komunitate honetako herritarrak garela, herritar osoak izan nahi dugula eta erabakietan parte hartu nahi dugula. Debagoienean egingo den herri-galdeketak zilegitasuna irabazten du sinadurekin. Ez da soilik Erain Debagoienako kideen nahia; atzitik, milaka debagoiendarren borondatea dago beraien sinadurarekin batera.

Galdeketaren parte-hartzea: boza ematea. Galdeketan parte hartzerakoan, eta gure boza ematerakoan, Bai ala Ez delarik, erabakitzeko eskubidea gauzatzen ari gara. Une horretan, boza ematerakoan, sortuko dugu eskubidea. Behin baino gehiagotan esango digute eskubide hori ez dela existitzen, legedian ez dagoela. Ez ziren existitzen greba-eskubidea, emakumeek botoa emateko eskubidea… ere, baina grebak eginez sortu zen eskubidea, eta gero legeak etorri ziren, grebak edo emakumeen botoa arautzea.

Debagoieneko herri-galdeketaren emaitza ez da gauzatuko, jakitun gara. Baina Goierrin, Azpeitian, Diman, Debagoienean eta beste herrietan egingo diren galdeketekin, herritarren borondatea pilatzen joango gara. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko prozesuak zilegitasuna irabaziko du, bozka bakoitzaren atzean erabakitzeko nahiaren adierazpena dagoelako.

Biharko egunean, 1.800.000 euskal herritarrok erabakitzeko hautua egingo badugu, nork eta zein argudiorekin ukatuko dio euskal komunitateari erabakitzeko eskubidea?

Sinadurekin eta parte-hartzearekin zilegitasuna irabaztera goaz. Erabakitzera goaz!

Buscar