Manu Martinez Aguirre

Gene azpirakorra

Ile-hori bat eta ile-ilun bat maitemindu egin dira. Ile-horiak urdinak ditu begiak eta ile-ilunaren begiak marroiak dira. Handik 9 hilabetetara haur bat izan dute. Haur honek ilea horia izateko aukera txikia du eta ilea iluna izatekoa, berriz, handia. Haurrak begiak urdinak izateko aukera ere oso txikia du eta begiak marroiak izatekoa handia. Demagun haurraren ama euskalduna dela eta aita, berriz, ez. Beraz, euren arteko komunikazioa euskaraz emateko aukera oso txikia da, eta gaztelaniaz ematekoa, handia. Ile-horiek eta begi-urdinek jasaten duten gaitz bera jasaten du euskarak. Gene azpirakorra da.

Jarri dezagun beste adibide bat.

Gasteizko udaletxean euskararen dinamika indartzeko bilera bat egin da eta alderdi bakoitzeko ordezkari bana bildu dira. Zein hizkuntza aproposagorik euskararen inguruan hitz egiteko euskara bera baino? Bada, alderdietako batek (imagina dezakezue) bilerara bidali duen ordezkariak daukan euskara maila Homo Sapiens batek gaur egungo punta-puntako teknologian duen mailarekin soilik aldera daiteke. Euskaraz agurtzeko saiakera behintzat egin egin du baina alferrik. Beraz, euskararen dinamika indartzeko bilera gaztelaniaz eramango da aurrera. Hau da hau paradoxa.

Argi geratzen da euskara gene azpirakorra dela. Beharrezkoa dugu banako guztiek euskararen genea izatea euskaraz hitz egin ahal izateko, ile-horiek eta begi-urdinek seme zein alaba ile-horia edo begi-urdina izateko gertatzen den gisara. Baina ile-horiek eta begi-urdinek ez bezala, euskarak badu konponbide argia eta konponbidea ez dago gure gurasoetan, norbanakoan baizik. Ezin dugu begien edo ilearen kolorea aukeratu baina bai, ordea, zein hizkuntzetan hitz egin.

Buscar