Txumai Iturria, Javier Berrojalbiz, Itxaso Perez, Iñaki Uruburu | ESAITeko mendi martxa

Gure esku dago: ofizialtasuna orain!

ESAITek antolatzen duen mendi martxa abuztuaren 2an abiatuko da. Hamalaugarrena izango den edizio honetan Araba eta Nafarroako lurrak zeharkatuko ditugu bereziki. Ekimen honen helburua garbia da; hots, herri bezala dagozkigun eskubideak aldarrikatzea. Kirol arlo guztietan gure selekzioa izan nahi dugu. Lagunarteko partidak ondo badaude ere, beste urrats bat eman beharrean gaude, ofizialtasuna da gure xedea.

Alderdi abertzaleek beren atxikimendua adierazi digute. Mendi martxa honetan igaroko ditugun herrietan ongietorriak, afariak, lolekuak, dutxak, kalejirak, trikipoteoak, bertsolariak... makina bat ekimen martxan dira. Hori guztia antolatu ahal izateko, sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu da, eta erraztasunak baino ez ditugu aurkitu.

Baina nahikoa ez delakoan, beste urrats kualitatibo bat eman beharrean gaudela iruditzen zaigu. Urte hauetan guztietan herri mailan jaso dugun babesak balio behar du maila nazionalean ere urratsak egiteko. Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarrei dei egin nahi diegu euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko bidean urrats praktikoak egitera. 2020an jokatuko den futbol selekzioen arteko Eurokopa txapelketara begira, Euskal Selekzioak ofizialki jokatzeko nahia agertu dute egunotan gehiengo politikoa osatzen duten ordezkariek. Hori bada nahia, jar gaitezen lanean gaurdanik. Behin baino gehiagotan aipatu dugu borondate kontua dela, Jaurlaritzaren enkarguz argitaratu den txosten juridikoak berresten duen bezala. Berriki jakin dugu Sokatirako Nazioarteko Federazioak Euskal Herria eskubide osoko kidetzat onartu duela.

Testuinguru honetan kokatzen dugu aurtengo mendi martxa, Gasteizko Legebiltzarra eta Iruñeko Parlamentuari dei eginez. Bi instituzioen aurrean, parlamentarien eta herritarren babesaz, euskal selekzioen ofizialtasunaren bidean urrats estrategiko komunak eskatuko ditugu, 2020an gaur ametsa dena errealitate bihur dadin.

Oporretan ere aukera paregabea daukagu gozamena eta aldarrikapena uztartzeko.

Buscar