Xanti Begiristain Madotz | Auritz

Musu handi bat Manolo Urbietari

Deus baino lehen, Manolo edo Imanol, jaso Euskal Herri osoko haurren musurik goxoena. Iruñeko Larraona ikastetxean ezagutu zintudan zuzenean, oso aspaldian, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaro haietako batean. Zure ikasgelan parte hartu nuen oso gustura, haur-heldua nintzela, eta gehien gogoratzen dudana da zure goxotasun eta xamurtasuna. Helduokin ere, lurrean esertzen zinen gitarra jo eta kantatzeko, naturaltasun osoarekin, zalapartarik gabe, handikeriarik gabe, eta, irakasten zenigun, zure uste -jakintsuaren- arabera, haur guztiak gai direla kantatzeko eta musikarekin gozatzeko.
    
Harrezkero, ez dut berriz ere zurekin topatzeko zorioneko aukerarik izan, baina beti jarraitu dut zure bidea hurbiletik, eta, zu ezagutu izanak arrasto handia utzi zuen niregan.
    
Halaber, zoritxarrez, ezin izan nuen parte hartu zure omenaldietan, asko sentituta. Eta gaur ere, ezinezkoa gertatuko zait zure azken agurrean egotea fisikoki, baina gogoarekin hantxe izanen nauzu.
    
Eta bukatzeko, Imanol edo Manolo, jakizu zure abestiren bat entzun edo kantatzen dugun guztietan, gogoratuko zaitugula malko batekin begi baten, joan zatzaizkigulako, eta eguzki batekin bestean, egin dizkiguzun abesti-opari guztiengatik.
    
Hartu, ba, zure miresle guztion muxurik goxoenak, eta mila esker zure bizitza alaiagatik!

Buscar