Maria Lourdes Etxarri Danbolenea | Donostia

Pasai Donibaneko apaiza

Duela egun batzuk gure ama zendu zen. Pasai Donibaneko parrokiako korukidea izan zen 13 urtetatik 89ra arte, kristaua eta parrokiako ekintzetan laguntzaile eta babesle fina.

Senideok eta bere korukideek agur erlijioso eta musikatua emanez omendu nahi izan genuen, baina Xabier Erro parrokoaren baimenik ez genuen jaso, gure herrian kantuak duen garrantzia aintzakotzat hartu gabe eta elizkizuna espektakulu hutsa bihurtuko zela argudiatuz.

Honen aurrean, gotzaindegira jo genuen eta ondorioz parrokoaren erantzuna elizkizunean zehar hauxe izan zen: Sermoirik ez, senideoi bakerik eman ez, meza bukaerako eskerrik ere ez eta hilerrian inor agurtu gabe alde egin zuen.

Gure iritziz, amarekin bidegabekeriaz jokatu zuen, aitarekin errespetu gutxiz eta gainontzekoekin modu txarrean. Ez zen inondik ere kristautasunaren eredu izan.

Bestalde, gure esker ona azaldu nahi diegu Pasai Donibaneko koruari, organistari, Kantakidetza, Santa Zezilia eta Aita Donostiako euren borondatez joan ziren korukide guztiei, gure amari azken agurra ematera bertaratu ziren guztiei, Donostia Ospitaleko kapilau den Mikel Egizabali eta baita Ocaso-ri ere.

Buscar