Patxi Menendez Goigoana

Toninoren bizikundiaren alor batzuk

Antonino Mendizabal Etxabe bizkor ta adimentsuaren gaineko idazlanari ekitea sustrai tinkoa dagokio, derrigorrez, areago pertsonaiaren ezagutza, ohore ta guzti, egin ostean. Nik neuk, aspaldiko muskide azkarraren «rolean» eta maisuak hogoita hamaika eskutik irmoki loturik  dauzkala jakinda, hementxe bijoakizuen saiakeran zeuenganatuko dizuet. Eta nondik-norakoak, partida horren oihal-euskarriak alegia, zuei erakutsi… nolatan? Ba, egia esan, arazoaren ebazpena errazki samar dagit… libururen bat oinarritzat harturik, jakina. Orotariko Euskal Hiztegia bedi joko-zelaia. Ezein elerik? ba,… duda barik «bizi» adieraren inguruko aleak, pasadizo ta bizipenez osaturikoak.

Ba liteke, jakina, ene helburu lortzearren eginahalean hutsaren hurrengo geratzea, ikasle kaskarraren lana, honezkero, maisu grinatsuaren tamainan ez betetzea, alegia. Ideia bat argi, alajaina, gera zaizuelakoan: hiztegiaren hitzon adierazgaiak, urre azalaz idatz eta ornituz, bete egin ditu Toninok, J. L. Herrerok ta A. Azkargortak (Gara, 2014-04-19) euren idazkian berresten dutelarik.

Azkenik, korolario modura, argi ta ozenki bekit: unibertsitaririk izan ala ez, une oro begi bistan dakusagun hainbat botere aldeko eta norberekoi doktore, irakasle, aditu, maisu, perito, zientifiko eta edonolako teknikariren aitzin, beti, eskutik,  irabazle izaten zaigun Matsutxitoren elkar-, anai-, lagun-, umil-…, giza-tasuna.
 
- biziagotu: egiten ditu Toninok Udalaitz-Intxorta lur-lepoen mendigunean antzinako gudarien karraxi eta borrokaldiak, euskaldunon eskubideen alde.
 
- bizialdatu: egin behar izan zuen Matsutxitok, eta Sagrariok, Arrasateko giroa garratz ta jasanezinezko ukan zutelarik.
 
- (bere) bizialdiko: Matsutxitok izan zuen unea, Sagraritoren ezetza jasota, "Le Monde" egunkaria gazteleraz idatzirik ote zetorren galdegiterakoan erabat ulergarri gertatu zitzaiolarik.
 
- biziaro: garrantzizkoa ezker abertzalearendako antolakunde lanen garaiak eta, ezinbesterik, helburu-, jomuga- zein sorkuntza-bideetan Toninoren ekarpena.
 
- biziarteko: irribarrea Matsutxitoren aurpegian.
 
- biziberritu: Sagra tarteko, Leuven-eko medikuari agur esan eta «ad calendas» bidalita, makrobiotika zein higienismoaren araudiari jarraipen eginez, birika-neoplasiaren sendabidetzeraino egin zitueneko garaiak.
 
- bizi-bizi: Aries zeinupeko urtaroan jaioa, bidegabeko gertakarien aurrean, dialektikaren burubidetik eta erroak ongi sustraiturik, adierazmin sutsuak.
 
- biziena: min-bizia, berriz, giza-biziena bilakatu zuena, Sagraren manupean beti.
 
- biziera: goizero Leuven-eko basogunera eroaiteaz (neu lekuko) eta naturarekiko mendekotasuna erakatsiz, Toninoren maixutasun grinatsua.
 
- bizikai: munduan zeharreko eguneroko berriei adi izanik, ondorengo ekarpen sakon ta bizkorrerako iaiotasuna.
 
- bizigarri: lagunarteko solasaldietan jostakin zentzudun ta bihurria.
 
- bizikien: hainbat nazioarteko erakundeen ordezkari arteko bilkuretan, Tonino-arranokumeak, Matsutxitoren gizatasuna euskarritzat, irizpide zientifikoen azalpen dialektiko argitsuen emanez gero solaskideen bapateko harri ta zurdura.
 
- bizio: errealitatearen bidegabekerien aurreko egonezina.
 
- bizikide: duela gutxi Amarildo brasildar selekzioaren nagusi ohiari, Diego Armando Maradonak, horren lagun minak, honelaxe  zioen: «…Ché, pero decidme…, que no soy yo mejor que Pelé???» eta Amarildoren erantzuna: «…sí boludo…, vos sos mi mejor amigo…pero el futbolista es Pelé!!!» Haatik, behingoan neuri, propio galdegiten ba naute: «…adizak Patxi, zientziazale haizenez, munduko bira eginbehar izanez gero, zein hartuko hukeen partaide… Pello Etxenike, Arnaldo Otegi, Albert Einstein, Karlos Marx, Oppenheimer?» …bada, azkar ta argia diezadan erantzuna: «Matsutxito dek ene muskide» …eta kitto!, beti ere, Sagraritoren permisoarekin, noski, keinu eta guzti…  (ja,ja,ja,ja…)

Bada lasaiki, luzaroz ta bizikiro, izan untsa, aurkari bihurrien aurreko «partida de libro» izan zaigu hauxe ere, «hordago bota…» eginarazi diegu eta! Beste behin ere…, Tonino garaile; …ekinaren ekinez, ezina egina…, bejondeiala Matsutxito!!!

Buscar