Arantza Goikolea Uriarte I Nabarnizko Alkatea

Usansolo Herria! Usansolo Bizkaiko 113. Udalerria!

Poztu egin naiz atzo Usansolo izena berriro komunikabideetan bolo-bolo entzun izan dudanean.  Egia esan, bertakoak ez izan arren ere, jende askok aspalditik daukagu Usansoloren entzutea, 20 urtetik gora badirelako irrika eta nahi bat gauzatu nahi dutela: Herri izan. Baina ez diete uzten, edo orain arte ez diete utzi.

Borroka luzea daramate asmo horren atzetik, lan handia eginda, baina ez da lan horregatik prentsara azaleratu, PNVk “orain” herri-galdeketa egitea onartu duelako baino.

Pozten naiz, berriro, PNV herriaren ahotsa entzuteko prest agertzeaz. Eta 2012ko azaroan, Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa oztopatzeko onartu zuten Bizkaiko Lurralde Demarkazioei buruzko Foru Araua aldatzeko ere prest omen dago. Pozgarria hori ere. Ez zuen holakorik egin beharrik izango orduan ere, desanexioa lortutako herrietako alkate eta hautesien ahotik egindako eskaera entzun izan balu: Ez oztopatu Usansoloren desanexio prozesua! Bide beretik, orain PNVk Bizkaian erakutsi duen jarrera aldaketa posible bada Usansolorekin, zergatik ez da izango bada, Igeldorekin Gipuzkoan? Han herritarrek jada hitz egin zuten, eta oso argi, Igeldo udalerri izatearen alde. Baina bide hori judizialki oztopatzea erabaki zuen PNV-k. Han bide bat eta hemen kontrakoa? Ulergaitza.

Usansolon herriaren nahia jakiteko modurik garbiena herri-galdeketa egitea delako, erakundeetan zein alderdi politikoetan ardura daukaten guztiei eskatu egin nahi diet errespeta dezatela Usansolon azaroaren 23an deituta dagoen herri-galdeketa eta emaitza. Halan bedi.

Gure herriak, Nabarnizek, aspaldi lortu zuen desanexioa eta udalerri bihurtu. Herri txikietako arazoak asko dira, eta gurean ere bai, baina orduan emandako pausoaz oraindik ez dugu inoiz damurik izan.

Nik berriro ere, eta nabarniztar guztien izenean, gure elkartasuna adierazi nahi diet Usansoloko herritarrei, eta zorionak eman orain arte erakutsi duten adore eta irmotasunagatik.

Gaur egun, Bizkaian Usansolo da desanexioa bultzatu eta udalerri bihurtu nahi duen herri bakarra. Lehenago egin ginen beste asko, Usansoloren aldean herri txiki-txikiak izan arren. Eta beraz, ez ditugu ulertzen orain Usansoloren desanexiorako jartzen diren legezko objekzioak, berez  oztopoak besterik ez direlako.

Baina garrantzitsuena da Usansolok argi duela herria dela, eta hori ukatu ezin den errealitatea dela. Herri nortasuna du eta herri/udalerri izan nahi du, bere herritarren nahiaren arabera antolatu eta herritarren eguneroko beharrizanei erantzun ahal izateko. Eta legezko muga bidez ez da lortuko nahi hori desagertaratzea.

Beraz, usansolotarrei  animorik handienak eman nahi dizkiegu, eta ez etsi zeuen asmoan, badakizuelako herri izatea duzuela zeuen nortasunari eusteko erarik onena, herritarren eskubideak eta interesak bertatik bertara defendatzeko modurik eraginkorrena.

Beraz, nabarniztarren izenean animoa usansolotar guztioi, azaroaren 23an deituta duzuen herri-galdeketan zeuen bidean aurrera egiteko ahotsa altxa dezazuen, herriaren aldeko erabakia har dezazuen. Gure babesa izango duzue hasitako bide horretan.

Buscar