EHZ, gazteria bizi eta sortzailearen erakusle

Abian da Lekornen Euskal Herria Zuzenean festibala, atzo hasi eta igandera bitartean musika, artea, hausnarketa eta eztabaida, euskara eta borroka nagusi izanen diren elkargunea. Beti Ipar Euskal Herrian egin izan bada ere, Euskal Herri osoko gazteriaren erreferentzia bilakatu da. Baina ez eskaintzen duen musikagatik, ez horregatik soilik. Izan ere, «festibala» izendapenak ez ditu urteroko hitzordu horren asmoa eta edukia biltzen, jaialdia baino gehiago dela erratea ez baita topikoa, noizbait han izan den orok ongi dakien bezala. Eta anitz dira EHZra joan eta parte hartu duten gazteak, lehen hitzorduetan izan zirenak egun hain gazte ez badira ere, jaialdiak hogeigarren edizioa baitu aurtengoa.  

 Hogei urte horietan, haatik, EHZ ez da lehen edizioaren jarraipen hutsa izan, ez da zaharkitua. Urtero ekimen beraren gauzatze berria egiten baitute. Aurtengo leloak ezin hobeki adierazten du haren bilakaera: “Hogei urte, urtero sortzen”. Baiki, hori da EHZ proiektuaren filosofia, eta gauzapena. Berritzaile izatea da, bertzeak bertze, EHZren freskotasunaren sekretua. Alta, ez da etenik agitu, berrikuntza bezala transmisioa ere etengabea izan baita hogei urteko ibilbide horretan. Hala adierazi zuten iragan igandean GARAk argitaratu zuen elkarrizketan jaialdiaren bi arduradunek, EHZren sortzaileetarik bat eta egungo bozeramaileak, ideiak teoriatik praktikara eramaten diren «mikrogizarte ideal» horrek bere baitan bildu dituen bi belaunaldien ordezkari. Jaialdiaren erronkaz mintzatu zirelarik, haren lorpen handi bat seinalatu zuten, bere nortasuna atxiki izana, hain justu. Horretan badu zerikusia, segurki, hartzen dituen laguntza urriak. Laguntza ekonomikoak, noski, prestaketa lanetan parte hartzen duten ehunka laguntzaileek izugarrizko aberastasunaren jabe egiten baitute.

Abian da hogeigarrenez EHZ, gazteria bizi eta sortzailearen, euskaldunaren, borrokalariaren erakusle. Bere nortasuna atxikitzen duen gazteria helduaren erakusle. 

Buscar