Euskarazko Wikipedia: auzolanean herria egin

Wikipedia eduki irekiak dituen on-line entziklopedia librea da. Wikilarien komunitate zabal baten auzolanetik osatutakoa. Jakintzarekiko gure ikuspegia irauli duen fenomenoa da, pentsamenduaren demokrazia sinple batek bultzatua. Halaber, promesa inspiratzailea eta zinez noblea da: hitza adituei eta interesatuei emanez, burokraziak oztopatu ezin duen jakintza fidagarri baten zabalkunde azkarra bermatzea. Jakina, Wikipedia ez da perfektua. Baditu arazoak, hala nola jazoeraren eta joeraren arteko eremu grisean konkordia lortzeko zailtasuna, edo hura zikintzeko asmoz bertan sar daitekeen jendearen asmo zitalena.

Entziklopedia guztiak bezala, Wikipedia borroka ideologikoaren eremua da: kontzeptuena, ideia politikoena, zientifikoena, biografiena, kontakizunena. Halaber, portaera sozial eta interes publikoaren nolabaiteko neurgailu bat ere bada. Ez da bakarrik asmo entziklopediko batekin sarean bilatu edo ikertu nahi dutenentzat abiapuntua, eta, askotan, helmuga; lehen mailako bitarteko informatiboa ere bada, albiste diren jazoera askoren inguruko sarrerek erakusten dutenez. Beste erakunde sozialetan gertatzen dena gertatzen da Wikipedian ere, hots, zentralizatuak ez diren pertsonen ekintzen bitartez elkarrekin lotutako patu eta asmo komunekin gorpuztutako taldeak osatzen direla.

Euskal Herrian ere, detaile eta ahalegin txikiek duten handitasuna akuilu, euskarazko Wikipediak eraldaketa eta hazkunde garaia bizi du. Gogoa eta ilusioa nabari dira euskarazko entziklopedia librea nazioartean 31. posturaino eraman duten euskal wikilarien komunitate zinez aktiboan. Termino absolutuetan txikiak izaten jarraituko du komunitate horrek, baina beste hizkuntza eta herri batzuentzat eredu da. Esperientzia inspiratzailea, luzatua duten eskua. Beste ahalegin askorekin batera euskara digitalki erabat gaitua den hizkuntza dela erakusten dute gure wikilariek, komunitatea trinkotuz, herri bat egiten bultzatuz.

Buscar