«Josu pertsona klabea zen balizko elkarrizketa prozesu berri batentzat»

Josu Muguruzaren inguruko ‘Zohardia’ dokumentala asteburuan eskuratu ahalko da GARArekin batera eta ‘Josu Muguruza. Balek hondatu ez zuten ametsa’ liburuaren baitan. Dokumentalean Josuren bizitza nabarmendu nahi izan dute, baina gaurko, hilketaren egunaren urteurrena izanik, dokumentaletik kanpo geratutako zenbait irudirekin Alcalako atentatuari buruzko pieza berezi bat egin dute NAIZen zabaltzeko.

Iñigo Iruin abokatuaren ustez Muguruza «pertsona klabea zen balizko elkarrizketa prozesu berri batean» eta bera hiltzeak ETArentzat «mezu garbia» zeraman, «ez da negoziazio prozesurik izango». Antzeko ustea du Xabier Arzalluz EAJren EBBko buru izandakoak, konponbiderako urratsen bat antzematean «beti zerbait gertatzen zen», dio. Muguruzaren heriotza ere modu horretan ulertu zuela dio.

Itziar Aizpuruaren ustez ere Josu Muguruza hil zuenak «bazekien nori eta nondik» tiro egin, «bere funtzioa bazekien, guk bezain garbi gutxienez» eta «hori Estatuko aparatuek bakarrik daukate» militante historikoaren ustez.

Metrajez kanpoko lan honetan Luis Aizpeolea kazetariaren iritzia eta Iñaki O'Shearena ere jaso dituzte. Baita Jakes Bortairuren garaiko oroitzapenak ere, Xiberoako sorgin moduko batengana joan zirenekoak.

20 NOV. 2014