NAIZ.INFO
PAUE

Manu Azkarate tolosarra estraditatzea ontzat eman du Paueko auzitegiak

Duela bi aste Manu Azkarateren kontrako estradizio eskaera aztertu ostean, Paueko Dei Auzitegiak ontzat eman du tolosarra Espainiaratzea. Erabakiari helegitea jarriko dio preso ohiak.

Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eskaerari men eginez, Paueko Dei Auzitegiko fiskala Manu Azkarate estraditatzearen alde azaldu zen joan den maiatzaren 15ean. Hilaren 29an, Auzitegiak berak fiskalaren iritzia aintzat hartu eta tolosarra Espainiaratzea onartu du.

Horrenbestez, bere abokatu Maritxu Paulus-Basurkoren argudioak ez ditu ontzat eman. Besteren artean, eskaeran oraindik betetzeko geratzen zaion kondena ez zela zehazten eta informazio gehigarria eskatu zuen. Estradizioa onartuz gero, Europako Giza Eskubideen Itunaren 3. artikulua -tratu ankerrei buruzkoa- urratuko zela gaineratu zuen eta mediku-azterketa sakona egitea ere eskatu zuen.

Estradizio prozedurak Epaitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko aukera ahalbidetzen dio preso ohiari eta bere abokatuak adierazitakoaren arabera, aukera horri helduko dio. Epaitegi horrek aste batzuk barru eman beharko luke erabakia.

Polizia frantsesak martxoaren 7an Ziburun atxilotu zuen Azkarate, baina bere osasun egoera tarteko, fiskalak aske uztea deliberatu zuen, astean behin komisariara sinatzera joateko baldintzapean.

Azkaratek duen eritasun kroniko larria medio, etengabeko zaintza izatea ezinbestekoa zaio. Arrazoi horiengatik, betetzen ari zen espetxe-zigorra eten eta aske utzi zuten baldintzapean, 1992an.

Hamabi urte geroago, Javier Gomez Bermudez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epailearen aginduz, berriro atxilotu zuten, baina hilabete batzuk geroago aske jarri zuten arrazoi berberagatik. Berriro kontrol neurriak ez betetzeagatik abiatu zuen Madrilek oraingo estradizio prozedura.