Alvaro Hilario
Bilbo

Lauaxetak eta eguzkiak babestuta abiatu da Literaturia

Ostegunean izandako mahai-ingurua Literaturiaren egitarauko lehenengo ekitaldia izan bazen ere, ostiralak hartu zituen euskal letren inguruko jardunaldioi hasiera eman zieten ekimenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta ardatz zutela.

Lauaxetaren inguruan antolaturiko tertuliaren une bat. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)
Lauaxetaren inguruan antolaturiko tertuliaren une bat. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

Literaturiaren antolatzaileek atzo aurkeztu zuten aurtengo afixak dakarren poetaren gabardina, 40 urtez gordeta izan duten Txaber Errazti eta Edurne Olartikoetxea bertan zeudela. Bederatzi musikarik eta hiru narratzailek taularatutako ‘Ez zuten poeta fusilatu’ ikuskizunak eman zien amaiera atzoko jarduerei.

Gaur, Euskal Herriko irakurle taldeak, liburuen aurkezpenak, antzerkia eta musika ditugu protagonista, eta Larrabetzuko produktuekin prestatutako bazkariaz gozatzeko aukera ere izango da.

Egitaraua

10.00etan irekiko dituzte liburu azokako saltokiak. Ordu berean, Anguleri jauregian, Euskal Herriko irakurle taldeen arteko mahai-inguru irekia izango da, 111 Akademiaren gidaritzapean: ‘Nork erakusten digu zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak?’. Bilbo, Donostia, Iurreta, Segura, Meatzaldea, Estellerria, Basauri, Legazpi eta Larrabetzuko taldeek hartuko dute parte.

12.00etatik, Ibai Atutxa, Eduardo Apodaka, Harkaitz Zubiri, Josu Penades, Yoseba Peña, Fito Rodriguez eta Mitxelko Uranga beren liburu berriak aurkezten hasiko dira. Hor tartean, 13.00etan, EDO! argitaletxe berriari helduko zaio txanda. 12.00etan, umeentzako egitaraua dator, Literaturiatxua: izan ere, 18.00etan, ‘Lehiotik mundura’ antzezlana izango dugu ikusgai Hori Bai elkartean.

Gurpide elkarteak antolatutako herri bazkaria 15.00etan izango da, eskoletan. Jakiak Larrabetzukoak izango dira.

Helduek ere izango dute antzerkia Kukubiltxo taldearen eskutik: ‘Xentimorik gabe’; 18.30etan, herriko plazan.

Horren ostean, musika ikuskizunak egongo dira. 20.30ean, plazan, Xabier Montoia egongo da. 23.00etan eta Hori Bai gaztetxean, ordea, Ezkerraldeko EH3 kolektiboaren emanaldia izango dugu: Koldo Izagirreren ‘Teilatuko lizarra’ liburutik hartutako bost testu moldatu dituzte orotara rap musikariek.

Igandea

Igandea da jardunaldien azken eguna. Aurrekoetan bezala, mahai-ingurua eta liburu aurkezpenak izango dira, baita herri bazkaria ere.

Bazkalostean, Igor Elortza, Jon Maia eta Josu Goikoetxea plazan azalduko dira bertso-trama literario batean. Hori bukatutakoan, Hori Bai-k hartuko ditu poesia errezitaldiak: Iñigo Astiz, Ione Gorostarzu, Eric Dicharry, Jose Inazio Lasa eta presoen lanak jasotzen eta kaleratzen dituen Ataramiñe kolektiboa izango dira bertan.

Astirik galdu gabe, lekuz mugitu gabe, 20.30ean, ‘Mugaldekoak’ emanaldia izango dugu 2012ko Literaturia jardunaldiei amaiera emateko.

Bestalde, liburu azokaren ordutegia honako hau da: 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.00etara, Euskal Herriko argitaletxeen eskutik.