Naiz.info
Iruñea

«Negoziazio politikorik» ez da izango, esan du Fernandez Diaz ministroak Iruñean

Iruñeko kartzela berria gaur inauguratu dute hiriko alkateak, Nafarroako lehendakariak eta Barne ministro espainolak. Jorge Fernandez Diazek mezu garbia helarazi nahi izan du: «Ez da negoziazio politikorik izango ez ETA ez bere presoekin». Protestarako tartea ere izan da eta hainbat taldek elkarretaratzea egin dute.

Barcina eta Fernandez Diaz ministroa. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Barcina eta Fernandez Diaz ministroa. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Enrique Maya iruñeko alkateak, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainolak inauguratu dute gaur Iruñeko espetxe berria, ofizialko Norte II izenekoa.

Hitzaldi gogorra egin du Fernandez Diazek ekitaldian. «Non nagoen eta noren aurrean esaten dudan» argi utzita, ministroa ETA eta euskal presoei zuzendu zaie. «Ez da negoziazio politikorik izango ez ETA ez bere presoekin. Zuzenbide Estatuak ezin du erakunde terrorista batekin negoziatu. ETAren presoek jakin behar dute ez dela tratamendu kolektiborik izango, ezta amnistia edo indultorik".

Ildo berean, ETAk ekintza armatuak bertan behera uztea ez dela nahikoa nabarmendu du. «Desegitea exijitzen dugu», esan du. «Gobernua ez dago tregoan eta ETA desegiten ez den bitartean, Guardia Zibila, Polizia eta Zuzenbide Estatuak baldintzarik gabeko desegitea lortu arte jarraituko dute», erantsi du.

Kartzela berriak 1.200 presorentzat tokia duela-eta, ea beste herrialde batzuetatik presoak Iruñera eramango dituzten galdetuta, ministroak baietz erantzun du, hori dela "normala". Nolanahi ere, Barne Ministerioak prestatu duen birgizarteratze egitasmoan sartzen diren euskal presoak Iruñera eramatea ez dutela aurreikusten argitu du.

Eskutitza

Nafarroa Baiko Patxi Zabaletak eta Bilduko Bakartxo Ruizek Fernandez Diazi eskutitza emateko asmoa zuten, baina ez diete utzi. Hasieratik funtzionario ugari izan dituzte inguruan eta ministroarengana hurbiltzen ere ez diete utzi. Kazetarien aurrean ere ozta ozta egin dituzte adierazpenak espetxe barruan.

Eskutitzean euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatzen zioten Barne ministroari zein Angel Yuste Espetxe Erakundeetako zuzendariari.

Protesta

Espetxearen inaugurazioa zela-eta, elkarretaratzea egin dute hainbat elkartek Eroski hiperraren alboan, horien artean Sanduzelai Auzo Elkarteak, Herrirak, Salhaketak eta Subeltzek. 

Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak espetxearen atean elkarretaratzeko debekua ezarri zien, «ordena publikoaren aitzakiak jarrita».