Naiz.info
Donostia

Salaketa ekintza egin du Greenpeacek Garoñan

Garoña hegan zeharkatu dute Greenpeaceko aktibistek eta ke poteak bota dituzte zentralaren segurtasun eza salatzeko.

Greenpeaceko aktibistak, Garoña gainetik hegan. (GREENPEACE)
Greenpeaceko aktibistak, Garoña gainetik hegan. (GREENPEACE)

Greenpeacek jakitera eman duenez, goizeko lehen orduan Garoñako zentral nuklearra hegan zeharkatu dute hainbat aktibistek, Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren harira egindako salaketa ekintza baten baitan.

Talde ekologistaren arabera, ez dago nahikoa arrazoirik, ez ekonomikorik ez eta energetikorik ere, Garoñaren bizitza are gehiago luzatzeko eta «arduragabekeritzat" jo dute Industria, Energia eta Turismo Ministerio espainolak zentralaren inguruan izandako jarrera. «Aski frogatuta daude Garoñak dakartzan arriskuak. Europako Batasuneko erresistentzia frogak ez daude oraindik amaituta eta kontsumitzaileek Endesari eta Iberdrolari, zentralaren jabeei, ordaintzen dizkiete fakturak, merkatuan dauden garestienak gainera».

Greenpeacen aburuz, Garoñaren ustiapena «gizartearen segurtasunarekiko eta Estatu espainolaren interes ekonomiko eta energetikoekiko kontrajarria da».

Halaber, «segurtasun eza» frogatzen duten datuak badaudela ohartarazi du. Hala, Max Planck Institutuak kaleratutako ikerketari egin dio erreferentzia. Bertan adierzaten du munduko tokiren batean 10 edo 20 urtetik behin Fukushima edo Txernobilgo gertaeren antzeko bat jazoko dela.

Gasteizko Parlamentuak pasa den maiatzaren 17an luzatu zion PPri Garoña ixteko eskaera.