Gotzon Aranburu
Tolosa

Euskal musika jaietan

Musika du afizio eta bizibide Jose Manuel Agirre tolosarrak. Euskal Herriko txoko askotan ibilia da, eta ibiltzen da, dultzaina jotzen, baina euskal musikako instrumentuak egin ere egiten ditu. Bere tailerrean jarri dugu hitzordua, eta luze solastu gara.

Joxe Manuel Agirre, Tolosako bere lantegian. (Gotzon ARANBURU)
Joxe Manuel Agirre, Tolosako bere lantegian. (Gotzon ARANBURU)

Jose Manuel Tolosan jaio zen 1956an. Zortzi urterekin txistua jotzen ikasten hasi zen, eta baita danbolinen adabakiak aldatzen, tenkatzen, eta abar. Hamasei urte zeuzkanean txistulari postua lortu zuen Tolosan, eta era berean Udaberri dantza taldean jotzen hasi zen, bai txistua eta bai dultzaina.

Ibaiondo kaleko tailerra musika tresnaz beteta dago: danbolinak, panderoak, dultzainak… Batzuk bukatuta, beste batzuk prozesuan oraindik. Konpondu ere egiten ditu Jose Manuelek. Neurri handi batean oraindik ere eskuz egiten du lan luthier euskaldun honek. Bezero gehienak Euskal Herrikoak ditu Agirrek: «Txistulariak, dultzaineroak, orkestraren bat edo beste ere bai… Gero, zenbait musikarik tresna bereziak eskatzen dizkidate, grabazioren bat egin behar dutenean soinu bereziak lortzeko».

Beharrak aginduta ikasi zuen lanbidea Jose Manuelek. Gaztea zela, duela ez hainbeste urte, euskal musika tresnen eskasia nabaria zen. Dantzari taldean hasi zenean, dultzainak eskuratzea ere oso zaila zela konturatu zen. Danbolinekin beste hainbeste gertatzen zen. Hala, tresna horiek egiten ikastea erabaki zuen, gehiago zekitenei galdetuz, «eta denborarekin, afizio zena ofizio bihurtu zen» diosku.
 
«Gaur egun, normalean, Euskal Herriko festa giroko ekitaldietan aritzen gara Tolosako Dultzaineroak. Jai egun batean, bada dianarekin hastea da ohikoena. Gero, eguerdi aldera, erraldoiekin irten gaitezke, poteo giroan, eta arratsaldez beste kalejira bat. Hori izaten da egitarau normala. Duela urte batzuk, berriz, kontzertu gehiago eskaintzen genituen, bazegoen festetan honelako emanaldiak antolatzeko joera. Egun, kaleko musika atzendu egin dela esango nuke, eta gu era berean» dio Jose Manuelek.

Garai batean, orain baino txaranga gutxiago zegoenean, horien funtzioa egiten zuten dultzaineroek. «Festa, azken finean, gazteek egiten dute» dio Agirrek, eta gazteek nahikoa zuten dultzainero pare bat giroan sartzeko. Goizaldeko ordu txikiak arte jotzen segitzea ohikoa zuten. Baina pixkanaka pixkanaka kaleko musika horren beharra asko jaitsi dela nabaritu dute dultzaineroek, zenbait tokitan testimonial hutsa bihurtzeraino. «Gu hiru dultzainero gara taldean, eta hiru bakarrik izanda zaila da atzetik jendea segika jartzea, baina ez pentsa txarangei askoz hobeto dihoakien, nahiz eta zortzi edo hamar laguneko taldeak izan», dio Jose Manuelek. Batetik, ohiturak aldatu egin direla ikusten du eta, bestetik, musika bazter guztietan aditzen dela gaur egun, «tabernetan batez ere». Jendearen eta kaleko musikoen arteko harremana eten egin dela irizten dio, «nahiz eta kalitate aldetik ez dagoen aitzakiarik. Kalitate handiko musikoak dabiltza gaur egun kaleetan jaietan» Agirreren irudiko.

Gutxik ezagutuko dituzte Euskal Herriko bazterrak Jose Manuelek eta bere taldekideek bezain ondo. Ezin utzi, beraz, galdetu gabe, ea non nabaritzen duten jai girorik onena. «Beti esan izan dut zortea dela guretzat, dultzaineroontzat, kaleko musikari izatea, jendearekin gertuko harremana ahalbidetzen digulako. Gurea ziklo liturgikoa bezalakoa da, urte osoan santuekin dantzan gabiltza eta, kar kar kar…! Esate baterako, Santa Lutzitan ez dugu sekula kale egiten Zumarragan. Ordiziarako ere joera handia daukagu, Euskal Jaiko azokan. Zumaiako San Pedroetan ere izaten gara; ezagutu ditut kristoren giroarekin, zezen eta guzti, baina orain ahulduta daude. Garai bateko ohiturei eusten dietenen artean Goizueta aipatuko nuke: oraindik ere goizeko zazpietan irteten dira dianak, eta zezenak eta prozesioa izaten dira. Beste zenbait herritan orain dianak beranduago jotzen dira, baina garai bateko usadioak eta giroa Goizuetan ikusten ditugu guk.