NAIZ.INFO
Baiona

AHTren aurkako eta lurralde elkargoaren aldeko jarrera erakutsi dute euskal hautagai gehienek

Igande honetan izango da Legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulia Estatu frantsesean. Horren harira, CADE elkarteak zenbait galdera luzatu dizkie euskal hautagaiei.

Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulia egingo da igande honetan Estatu frantsesean. Testuinguru horretan, CADE elkarteak hauteskundeetako euskal hautagaiak galdekatu ditu AHT eta lurralde elkargoaren inguruan.

Kazeta.info-k eman dituen datuen arabera, hautagaien gehiengoa AHTren aurka agertuko litzateke, galdekatu dituzten 40 hautagaietatik 26 hain zuzuen ere. PNB, MoDem, UMP eta PSk ez dute erantzunik eman.

Egitasmoaren aurka egiteko, ingurumenari, gizarteari, laborantzari eta ekonomiari eragingo lizkiokeen kalteen aipamena egin dute AHTren aurka agertu diren hautagaiek. EH Baiko eta Europe Ecologie-EA koalizioko hautagaiak egitasmoaren aurka agertu dira.

Erakunde propioa Ipar Euskal Herriarentzat

Bestalde, lurralde elkargoa sortzearen alde agertu dira galdekatutako 40 hautagaietatik 24. Marc Oxibar UMPko hautagaiak horrela adierazi du eta PSko hainbat kide ere iritzi berekoak dira, nahiz eta departamentuko zuzendaritzak jarrera hori ez babestu. MoDem alderdiko bi hautagai zentristak aintzat hartzen dute egitasmoa, baita Front de Gaucheko hautagai batek ere, Korsikako eredua goraipatuz.