NAIZ.INFO

Ibazetak kargua utzi du Espainiako selekzioaren jarraitzaileekin izandako ika-mikaren ondorioz

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gaur goizean baieztatu du Josetxo Ibazetaren kargugabetzea. Hainbat hedabidetan argitaratu zuten atzo Donostiako Alkatetzako idazkari zenak ika-mika gogorra izan zuela Espainiaren Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren zaleekin, gaur aurkeztu du Ibazetak dimisioa eta Izagirrek onartu egin du.

Josetxo Ibazetak Donostiako Alkatetzako idazkari kargua utzi egin du, Espainiako selekzioaren zale batzuekin uztailaren 1ean, Donostian bertan, izandako ika-mika baten ondorioz. Hainbat hedabidetan argitaratu zuten atzo Ibazetak Espainiaren Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren zaleekin ika-mika gogorra izan zuela, tartean mehatxuak eta ETAren aldeko oihuak ere izan ziren, antza, eta bideo bat ere publiko egin zuten ika-mikaren zati txiki bat agertuz.

Ibazetak gaur aurkeztu duen dimisio eskarian dio «gertakari isolatu batek eta egin dezaketen horren erabilpenak» Izagirreri eta udal gobernuari «kalte politikorik ez egitea» espero duela. Hitz horiekin dimisioa aurkeztu dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari, eta honek hedabideen aurrean baieztatu du onartu duela. Izagirreren arabera ika-mika horretan Ibazetak erakutsitako jarrera «onartezina» da eta, beraz, kargu gabetzea agindu du.

Bilbon Sortuk eman duen prentsaurrekoan ere galdetu diete auziaren inguruan, Juan Cruz Aldasorok esan du alderdiaren estatutuek argi uzten dutela «jarrera horiek ez dutela tokirik» Sortun.

Zigor bidea

Espainiako Barne eta Justizia ministerioek Josetxo Ibazetaren aurka jotzea eskatu diote Estatuko Fiskal Nagusiari. Espainiako selekzioaren jarraitzaileei heriotza mehatxuak egin zizkiela dio atzo ‘El Mundo’ egunkariak argitaratutako albisteak eta hori oinarri hartuta epai bidea irekitzea eskatu dute Espainiako Gobernutik.