Gotzon Aranburu
Elgoibar

Idazle izaten ikasten

Gaur egun euskal literaturan eta kazetaritzan bidea egiten ari diren askok Urruzuno Literatur Lehiaketan egin zuten elkarrekin topo aurreneko aldiz. Gaztetxoak ziren, nerabeak, sari hau egokitu zitzaienean eta idatzitako lehendabiziko testu haiek liburuan bilduta ikusi zituztenean. Urteak joan, urteak etorri, Urruzunok aurrera jarraitu du, zenbait aldaketarekin. Aurtengo sarituekin egoteko aukera izan dugu, Elgoibarko Aubixa aterpean.

Aurten saritutako gazteak, Aubixako aterpetxean. (Gotzon ARANBURU)
Aurten saritutako gazteak, Aubixako aterpetxean. (Gotzon ARANBURU)

1985 urtean sortu zen Urruzuno Sariketa, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean euskara eta literatura sustatzeko helburuarekin. Ordutik hona 500 neska-mutil baino gehiago izan dira sarituak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak deitutako lehiaketa honetan. Horien artean, Harkaitz Cano, Aitor Sarriegi, Xabi eta Fredi Paya, Jose Luis eta Araiz Padron, Ainara Gorostizu, Arkaitz Estiballes, Leire Bilbao, Irati Goikoetxea, Garikoitz Berasaluze, Mikel Peruarena, Jon Benito… gaur egun euskal letretan, bertsolaritzan edo kazetaritzan izen ezagunak direnak, alegia. Aurten aurkeztutako lanak Urtzi Urrutikoetxeak, Castillo Suarezek, Miren Agur Meabek, Katixa Agirrek eta Leire Bilbaok epaitu dituzte.

Iaz arte, 14 eta 18 urte bitarteko hogei gaztetxo sarituek 300 euroko poltsa, hamar eguneko bidaia eta saritutako lanekin argitaratutako liburu sorta ederra jaso izan dute. Egonaldi horiek Europako hainbat naziotan izan dira, hala nola Irlanda, Eslovenia, Austria edo Suitza, baina murrizketak Urruzunora ere iritsi dira eta aurtengo saria apalagoa izan da, baina beharbada egokiagoa etorkizuneko idazleak prestatzeari begira. Izan ere, astebeteko egonaldia egiten ari dira aurtengo sarituak –«aipamendunak», hobeto esanda– Elgoibarko Aubixa aterpean, Xabi Paya eta Yolanda Arrieta lagun dituztela. Eta bi idazle horiek, dakitena –dakitenaren zati bat, denborarik ezean– erakusten ari zaizkie urruzunotarrei.

Urruzunotarrak Hego Euskal Herri osotik ailegatu dira Aubixara. Hasi Gasteiztik eta Burlataraino, Mallabiatik, Oñatitik edo Arrigorriagatik pasata. Horietako batzuek aurreko edizioetan ere jaso izan dute saririk, baina gehienentzat aurreneko aldia da, eta gustura asko dabiltza baserri-aterpetxean. Izan ere, literaturarekin duten harremana estutzeaz gain, aisialdiaz ere gozatzen dute. Urretxuko Leirek gitarra ekarri du eta gaubelak alaitzen ditu, Aubixako atarian. Irtenaldiak ere egingo dituzte, esaterako Zumaiara –piraguan ibiltzera– eta Bilbora –Gabriel Arestik maite zituen bazterrak ezagutzera–. Ez dira aspertzen, ez.

Yolanda Arrieta ederki moldatzen da neska-mutil hauekin. «Oso jatorrak dira. Zenbat aurriritzi oker dagoen gazteei buruz» diosku, autotik paper rollo handi batzuk ateratzen ari dela. Gero gela nagusiko zoruan zabaldu ditu paperok eta urruzunotar bakoitzari mapa bat marrazteko eskatu dio. Bost hitz idazteko ere bai. Hortik hasita, literatur jolas bitxia hasiko dute.

Bitartean, inprentatik atera berri berria den ‘Sagastiberri. Urruzunotarrak gehituz 2012’ liburuari begirada bat botatzeko aukera izan dugu. 250 orrialde hauetan daude bilduta aurtengo sarituen idazlanak, poesian eta prosan.

Zertaz idazten dute gaurko nerabeek? galdetu diogu Xabi Payari. «Doktoretza tesi bat egiteko galdera aproposa izango litzateke hori; 1986tik gaur egunera arte, 14-18 urte arteko gazteek zer gogoeta, zer beldur eta kezka izan dituzten, eta nola islatu dituzten idazlanetan. Nik saria aurreneko aldiz irabazi nuenean, duela hamabost urte, lan gehienak ‘nerabe orojakileenak’ zirela esango nuke, alegia, mundua konpontzeko gakoa oso argia dela sentitzen duzunekoak. Eta aldiz, gaur egungo nerabe eta gazteen literatura terapeutikoa dela uste dut. Liburuan bildutako lanen izenburuak ikusi besterik ez dago; Alzheimerrak, adibidez, presentzia handia du. Errealitatean duten arazo bati irtenbidea, konponbidea, emateko idazten dute. Errealitatea birsortu egiten dute. Hori oso pozgarria da nire ustez, literaturari funtzio terapeutiko hori ematea», dio Xabierrek. Hiru anai-arrebek (Fredik, Xabierrek eta Itsasok) irabazi dute noizbait Urruzuno Saria; Xabierren kasuan, lau urtez segidan poesia atalean.

Yolanda Arrietaren mintegia bukatuta, atsedenerako tartea dago Aubixan. Etorkizuneko idazle hauetako batzuk baserriko atariko futbolinean ari dira, beste batzuk ping-pongean, eta bada zigarroa erretzeko aprobetxatu duenik ere. Lanbroa etengabe ari du mendi arte honetan, Elgoibarko kaskotik sei kilometrora. Neska gehienak barruan geratu dira, solasean. Sukaldariak jo eta ke ari dira bazkaria prestatzen, eta June begiralea arratsalderako zer eguraldi iragarrita dagoen jakin nahian ari da interneten. Neskak aipatuta, esan behar hemen behintzat «kristalezko sabaia» majo puskatuta dagoela: mutil bakoitzeko hiru badira. Lehiaketara 144 lan aurkeztu ziren, horietako 106 neskek eginak eta 38 mutilek.

Xabi, idazlea izateaz gain, itzultzailea ere bada, bertsolaria ere bai, baita irakaslea ere. Datorren ikasturtean Baionako unibertsitatean arituko da lanean. «Bertsolariei buruz askotan egin izan den galdera egingo dizut idazleez: idazlea jaio egiten da, edota ikasi egiten da idazle izaten?» bota diogu. «Ez idazlea, ez bertsolaria, ez inolako artista, ez dela halakoa jaiotzen esango nuke. Nik uste dut dena ikas daitekeela. Idaztea, azken batean, tresna batzuk, baliabide batzuk egoki erabiltzea da. Ezin ikas daitekeena talentua da, alegia, norberak mekanismo horien kudeaketan jartzen duen artea, baina inspiratu egin daiteke, eta hori estimuluen bidez lortzen da, esaterako bidaiatuta eta mundua ezagututa, bizita azken batean». Bada, horretan ari dira urruzunotarrak Aubixan, bizitzen eta estimuluak jasotzen. Itxoin egin behar, ea etorkizun hurbileko euskal literaturako izen distiratsuak futbolinean aritu diren etxape honetan.