Gotzon Aranburu
Elgoibar

«Idazten ikasi egiten da»

Miren Agur Meabe idazleak ‘Urruzunotarrak gehituz 2012’ liburuaren hitzaurrean idatzitakoa:

‘Sagastiberri. Urruzunotarrak gehituz’ liburua. (Gotzon ARANBURU)
‘Sagastiberri. Urruzunotarrak gehituz’ liburua. (Gotzon ARANBURU)

(…) Toki horretan izerdia botatzen da zuhaitzak landatzeko eta belar txarrak erauzteko; xehetasunak zaintzen dira; hautu bakoitzaren arrazoiez hausnartzen da; asmoekin gozatzen da; bizitzako pasadizoak gogorarazten dizkiguten une iheskorrak begiztatzen dira, hala nola tximeletaren hegaldia amapolaren bularrean edo zozoaren jauzia harraren bila; erregaliza, menda, salbia, ezki-lorea eta arraiska batzen dira, tentuz xehetu, nahasi eta ur irakinetan ondoren iragazkitik pasatzeko, ontzira isuritako ur hori ez baita izango lehengo ura, lurrin-belarren esentziak kolore, usain eta zaporez hornitu duen bestelako edaria baino. Horixe da, gutxi gorabehera, literatura, errealitate ñibirriñabarraren kontzentratua egitea norberaren errezeta estetikoaren arabera.

Idazten ikasi egiten da. Nola, horixe zaila azaltzen. Erritmo konstantea, egitura orekatua, lekuaren eta denboraren arteko harreman zuzenak bilatuz; bizitza, gertaera, toki, sentimendu eta gauzei harriduraz so eginez; hitzak airean doazela harrapatuz; eta lortzen dugunarekin bainoagoa egiten ari garenarekin arduratuz, idaztea ez delako hitzekin eta esaldiekin jolaste hutsa, norberaren beldur eta erreparoei aurpegia ematea ere baizik.

Honetan datza erronka: ispiluari zapia pasatzean, gure unibertso pertsonalaren analisi sorkuntzarako oinarria delako; eta baratzea zaintzean, barne-espazioaren luzapenak ematen digulako behar dugun testuingurua.