Gotzon Aranburu
DEBA

Ia lau urteren buruan, berriro indusketak Praileaitzen

Gipuzkoako Diputazioak ekainean berriro baimena eman ondoren, 2009ko urtarriletik etenda egon diren indusketei berrekin diete Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek Praileaitzen. Dagoeneko aurkitu dituzte pieza berriak.

Aranzadiko arkeologoak, Praileaitzen lanean. (Xabi OTERO)
Aranzadiko arkeologoak, Praileaitzen lanean. (Xabi OTERO)

2009ko urtarriletik ez ziren sartu Aranzadikoak Praileaitzera. Ia lau urteren buruan, berriro baimena eskuratu dute.

Praileaitz gaur egun harrobiaren eta errepidearen artean harrapatuta dago, baina Aranzadi elkarteko arkeologoak gogor ari dira garai bateko aztarnak biltzen, benetako altxorrak diren hezurrak eta harriak.



Kobazuloaren indusketa lanetan ari den taldeko burua Xabier Peñalver da, Aranzadi Zientzia Elkartekoa, eta berak azaldu dizkio NAIZi koba honen ezaugarriak. 2009tik etenda egon diren lanei berrekin diote arkeologoek irailean, eta dagoeneko aurkitu dituzte pieza berriak.

Gotzon Aranburu kazetariak haiekin egoteko aukera izan du eta NAIZerako erreportajea prestatu du.

Praileaitzen historiaurreko aro ezberdinetako aztarnak daude, ohi den moduan; aztarna «berrienak» duela 8.000 urtekoak dira, eta zaharrenak 26.000 urte ingurukoak. Baina garairik interesgarriena duela 15.000 urtekoa da, azken izotz aroaren laztasunak Europa mendean hartua zuenekoa: «Seguru asko, pertsona berezi bat bizi zen momentu hartan Praileaitzen, txaman moduko bat, eta aztarna paregabeak utzi dizkigu», dio Xabierrek.



Arrasto horien artean, bata gailentzen da beste guztien artean: harri beltzezko 29 zintzilikarioz osatutako koilare bat. Horrelako pieza bat ez zegoen edonoren esku. Gainera, bi aginte-makil ere azaldu dira, baita gorputza margotzeko koloranteak ere. Margo gorriak ere bai, estalagmitetan. Honek guztiak aparteko balioa ematen dio Praileaitzi eta beraz, babes maila handiena merezi duten aztarnategien artean kokatzen dute.

Zintzilikarioak dira Praileaitzek orain arte erakutsi duen altxorrik preziatuena, baina ez dira harrizkoak altxor guztiak. Ehiztaria zen Deba behean bizi zen giza taldea eta basahuntzak ere ehizatzen zituen. Horietako baten hiru hortz zintzilikario bihurtuta topatu dituzte arkeologoek.