NAIZ.INFO
DONOSTIA

‘Sinister’ filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Scott Derricksonek zuzendutako ‘Sinister’ filmak emango dio hasiera, datorren urriaren 27an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari.

‘Sinister’ filmaren fotograma bat.
‘Sinister’ filmaren fotograma bat.

Antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez, ‘The Exorcism of Emily Rose’ (2005) eta ‘Thay Day the Earth Stood Still’ (2008) filmeen zuzendariaren azken lanak, ‘Sinister’-ek, «ikusmin handia piztu du beldurrezko zinemazaleen artean».

Ethan Hawke eta Vincent D'Onofrio protagonista direla, nobelagile arrakastatsu baten istorioa kontatzen du filmeak. Egun batean, kasualitatez, bere etxe berrian dagoela, zeluloide zati batzuk aurkitzen ditu eta horiek aztertu ondoren, uste du bertan bizi izan zen familia baten heriotzaren nondik norakoak argitu ahal izango dituela. Alabaina, nobela berrirako proiektu gisa hasitakoa askoz beldurgarriagoa bihurtuko da, bere familia ere arriskuan jartzeraino.

Aurumek banatutako filme hau urriaren 31ean estreinatuko da. Horrez gain, Zinemaren Aste honetan zehar beste hainbat filme ere ikusi ahal izango dira, besteak beste ‘The ABCs of Death’, ‘Blood-C’ edota ‘Dead Sushi’. Luzemetrai hauek, gainera, Ikusleen Saria (6.000 euro) eskuratzeko lehiatuko dira.