NAIZ.INFO
BILBO

EAJ, PSE eta PPren jarrera salatu du Bilduk, Kukutza eraitsi zuteneko urtemugan

Kukutza eraitsi zuteneko urteurrenaren bezperan, EAJ, PP eta PSEren jarrera arbuiatu du Bilduk Errekaldetik, alderdi horiek «enpresa eraikitzaile baten interesen alde» egin zutelako.

Kukutza gaztetxearen eraikina zegoen lekuan, oraindik ere nabarmena da auzotarren aldarria. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Kukutza gaztetxearen eraikina zegoen lekuan, oraindik ere nabarmena da auzotarren aldarria. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Errekalde auzora gerturatu da ostegun honetan, Kukutzako «ametsen fabrikaren» eraikina zegoen lekura, duela urtebete bizi izandako «lotsaren astea» gogora ekartzeko.

«Duela urtebete, bertan ametsen fabrika bat zegoen, kultura alternatiboa garatzeko gune bat, erabateko alternatiba soziokomunitarioa, auzokideekin elkarbizitza landu duen eraikina, ekonomia soziala garatu duena, herritarren partaidetzarako erreferente bilakatu dena», nabarmendu du, eta gaur egun, aldiz «atsekabea eta hondamena» baino ez dagoela salatu.

Bihar urtebete jazotakoaren errepasoa egiten hasita, EAJ, PP eta PSEren erantzukizuna azpimarratu du zinegotzi abertzalean, «iragan ilun eta zalantzagarrizko enpresa eraikitzaile baten interes espekulatzaileak» hobetsi zituztelako auzotarren interes «publiko eta orokorrak» defendatu beharrean.

Horrez gain, Arartekoak ere txarretsi zuen indarkeria erabili zela aipatu du Ibaibarriagak. Aste horretan zehar, hutsarazpena eta eraistearen artean izandako istiluen ondorioz auzipetuta dauden 75 lagunei ere elkartasuna adierazi die.

Azkenik, auzoetako elkarte sarearen lana goraipatu du Bilduko zinegotziak, «instituzioen utzikeriaren aurrean kokildu gabe, auzoaren alde lan egiteko prest altxatzen direlarik». Horren adierazle gisa aipatu du auzotarrek antolatutako Errekalderen Duintasunaren Aldeko Astea.

«Guk –azaldu du Ibaibarriagak–, orain arte bezala, aldarrikapenarekin bat egingo dugu, ekimen ezberdinetan parte hartu eta ostiralean 18.30ean Udaletxearen aurrean egingo den elkarretaratzean egongo garela ozenki esanez».