Naiz.info
Gasteiz

Finantzen Euskal Kontseiluak 11.825 milioi biltzea espero du

Finantzen Euskal Kontseiluak 11.400 milioi euro bilduko ditu aurten, aurreikusitakoa baino 716 milioi gutxiago. 2013an 11.825 milioi jasotzea espero du.

Javier de Andres, Ibone Bengoetxea, Carlos Aguirre, Jose Luis Bilbao eta Martin Garitano, bilera hasi aurretik. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Javier de Andres, Ibone Bengoetxea, Carlos Aguirre, Jose Luis Bilbao eta Martin Garitano, bilera hasi aurretik. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Diru bilketaren estimazioa egungo Lakuako Gobernuaren eta Gipuzkoako Aldundiaren artean adostu da (Lakuako Exekutiboak hiru boto ditu eta aldundi bakoitzak bana). Bilkuran Bizkaiko eta Arabako aldundiek kontrako jarrera erakutsi dute.

2013an, hiru aldundiek 11.825 milioi euro jasoko dituzte. ‘Opor fiskalen’ aferan laguntzak itzuli zituzten enpresei dirua itzultzeko gaia izan da bilkuran polemika gehien piztu duena. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Lakuako gobernuak diru hori bideratzearen alde agertu dira, eta Bizkaiak eta Arabak desadostasuna agertu dute.

2012ko aurreikuspenak ere aztertu dituzte, eta hasierako bilketa 12.116 milioitan ezarri bazuten ere, urtea amaitzerako 11.400 milioi biltzea espero dute.

Akordio faltaren eraginez, EAEko hiru ahaldun nagusiak eta Lakuako arduradunak banatuta eskaini dituzte bilkura ondoren prentsaurrekoak.

Finantzen Euskal Kontseilua urriaren 15ean elkartzekoa zen, baina Patxi Lopezen Gobernuak atzeratu egin zuen bilera, hauteskundeak pasa arte. Hiru Foru Aldundiak erabakiaren aurka agertu ziren baina Lakuak ez zien jaramonik egin.